Juan Carlos Perez: 'ganbera-musikea lantzen eta konposizinoan oso gustora nabil'
2009-07-24 16:32 Barriketan1958an, Mutrikun jaiotako artisteak ez dau behar aurkezpen larregirik, Indar Trabes (1974) taldean lehenengo pausuak emon ostean, geroago etorri ziran Itoiz (1976-88 bitartean,' Itoiz', 'Ezekiel', 'Alkolea', Musikaz blai', 'Espaloian', 'Ambulance' eta 'Eremuko dunen atzetik dabil' diskoak), euskal musikagintzan beti gogoratuko dan taldea, bakarka egindako lana: Juan Carlos Perez ('Atlantic River', 1994 eta 'Hau berua', 1996an), 1997tik aurrera ganbara musikea, 2005ean, orkestra sinfonikoarentzat konposatutako 'Bizkaieraz' lana, BOSek 2007-08 denporaldiko inaugurazino kontzertuan estreinau eban eta egunotan, barriz, 'Itoiz Suite' aurkeztu dau, Itoizen musikea orkestra sinfoniko klasiko batek intrepretatua izateko idatzia.
'Itoiz Suite' lanaren aurkezpen mundiala Bilboko Orkestra Sinfonikoak egingo dau aurtengo Bilboko Aste Nagusian abuzturen 22an, Abandoibarran. Lan barri honetaz eta bihar-etziko erronkez berba egiteko, hona hemen, Perez jn.ak kontau deskuzanak:
1.- 1988an, Itoiz taldeak zuzeneko disko bikotxa plazaratu, zaleei agur esan eta 20 urte baino gehiago pasau diranean, 'Itoiz Suite' dakarzu. Zeozelan Itoiz taldearen esklabu sentiduten zara? Zein da lan honen helburua?
Onerako eta txarrerako Itoiz beti izango da gure marka eta esklabu sentiduten ete nazen, akaso gehiegi esatea litzateke. Aspaldi gabilz Itoizen ganeko kontuakaz, urtean behin edo urte birik behin badago zeozer, igaz DVDa atara genduan eta egia da kontua ez dala inoiz amaituko, holako sentsazinoa badaukagula baina saltsa hori guztia ez da guk nahita montautakoa, nahiz eta gure belaunaldiko zaleei zein beste belaunaldi batzuetako zaleei zeozelan erantzuteko beharrizana sentidu.
Itoiz Suite-ren kasuan, proiektu berezia da, ez da 'gure' kontua izan, Itoizen arrakasteagaitik edo Itoizen historiagaitik azken urteotan BOS, Bilboko Orkesta Sinfonikoaren eta zehatz esateko Juanjo Menaren eskabidea, Itoiz sinfonikoa sortzeko proposamena izan da. Ideia polita otu jatan eta orain urtebete edo hasi nintzan beharrean.
2.- 'Itoiz Suite'-ren ideia orain urte batzuk sortu zan Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eta Juanjo Mena zuzendariaren eskutik. Zelakoa izan zan abiapuntua? Proiektua bideragarria otu jatzun hasieran?
Esan deutsudan legez, Juanjo Menaren ideia izan zan abiapuntua, Itoiz zalea izanik, Itoiz sinfonikoa be sano interesgarria izango zalakoan. Ideia polita begitandu jatan. Hasieran ilusionauta nengoan nahiz eta jakin ez zala erraza izango. Erronka polita izan da. Kontuan hartu Itoiz Suite honetan aktore asko egon garela. Zorionez, ilusinoak zailtasun guztiak gainditu ditu.
3.- Itoizen musikea, testurik barik, orkestra sinfoniko batek interpretetako egokitzeak makinatxu bat burukomin eragingo eutsuzan. Itoiz zaleak gogoan izanik egindako lana da baina musika klasikoaren, sinfonikoaren zaleak be erakarri behar zenduzan lan honegaz. Urte eta erdi inguruko prozesuan, zailtasun handienak teknikoak izan dira?
Bai, gehienbat teknikoak, estetikoak baino gehiago. Pentsamenduko gauzak, zelan egin, zelan berregokitu orkestarako orain urte batzuk lau musika tresnakaz joteko egindako musikea. Jakina, orkesteak bere hizkuntza propioa dauka, joteko era propio bat eta ganera musika tresna asko dagoz tartean.
Era berean, Itoizen hasierako rock progresiboan, doinuak ez ziran oso melodikoak, deklamazinoa erabilten genduan eta hori guztia soinu sinfonikora zelan eroan izan dira burukominik handienak.
4.- Lan barri honetan, Itoizen musikea inspirau eban rockaren estetikea eta orduko denporetako freskureari eustea izan da zure ardura nagusienetakoa. Ez dozu izan tentazinorik jatorrizko kantuetan ikusitako akatsak edo hobetu leitekezan zatiak hobetzeko?
Ez. Esan dozun legez, jatorrizko kantuak dira eta kitto, ez dot hor akatsik ikusten. Akatsak konpontzea baino gehiago, lanari beste dimentsino bat, beste buelta bat emotea izan da kontua, batzuetan fikzinoa eginaz. Hortik aurrera, pieza batzuen kasuan, jatorrizkotik nahikoa hur gelditu dira pieza sinfonikoak eta beste batzuetan, barriz, distantzia gehiago igarriko dau entzuleak. Zeozelan orekeari eutsi gura izan deutsat.
5.- Danetara, ahotsik bako zazpi pieza edo mobimentu dira, Itoizen beste horrenbeste abesti abiapuntu dabenak (Ezekiel, Marea gora, Marilyn, Goizeko deiadar, Lo egin, Lau teilatu, Hegal egiten eta Foisis jauna). Zergaitik honeek eta ez beste batzuk? Berbarako, 'Ambulance' diskoko kanturik ez dozu sartu...
Aukeraketeak ez deust aparteko burukominik eragin. Aukerea egiteko momentuan, asko derrigorrezkoak ziran, taldearen hit garbiak diralako, berbarako, 'Lau teilatu', 'Hegal egiten' edo 'Ezekiel'. Beste batzuk sartu ditut soinu sinfonikora eroateko prozesuan, erabilteko, moldatzeko eta egokitzeko errazagoak ziralako. Itoizen hasierako fase sinfoniko haretako doinuek pisu gehiago izatea ez da kasualidadea izan. Fase horretako estilo, erritmo eta estetikea bera hobeto buztartzen diralako bariazino sinfonikoagaz.
Esandakoak esanda, egia da Ambulance diskoko kanturik ez dodala aukeratu baina ez da izan apropos edo izkutuko arrazoiengaitik.
6.- Iker Sanchez Silvak zuzenduko dau BOS eta Jesus Mari Lazkano arduratuko da diseinu grafiko eta eszenikoaz. Zelan endredau dozuz proiektuan?
Itoiz Suite obran musika arloa da garrantzitsuena, Itoiz taldearen jatorrizko kantuen moldaketea edo konponketea orkesta sinfonikoak jo ahal izateko. Esangura horretan, azken aldion, Iker Sanchezek eta biok hartu-emon estuak izan doguz, nik pieza amaitu orduko bion artean begiratzen izan doguz, arazo teknikoak eta bestelakoak atzemoteko, piezak gainbegiratzen ordu asko emon doguz. Berezia eta sano garrantzitsua izan da ze normalean konpositoreak ez dau izaten hartu-emonik orkestako zuzendariagaz, honek pieza hartu eta interpretau egiten dau sortze prozesuan esku hartu barik eta gure kasuan, Iker hasieratik ilusino handiagaz ibili da eta obra osoaren jarraipen eta gainbegiratze prozesu hori sano aberatsa izan da biontzat.
Bestetik, Jesus Mari Lazkano pintore bergararraren lanaren harian, ikusminez nago. Itoizen musikea irudien bitartez interpretauko dau berak, musikeari, lan abstraktua dan horri, azken finean, arpegi edo irudi figuratiboa emongo deutsolako. Musikea eta irudiak buztartzeko prozesu honetan be alkarregaz ibili gara beharrean eta esperientzia polita izan da.
7.- 'Itoiz Suite'-ren aurkezpena Bilboko Aste Nagusian izango da, abuztuaren 22an, Abandoibarran. Geroago etorriko dira beste kontzertu batzuk, CD eta DVDa...
Lehenengo helburua Bilboko kontzertua da. Hasierako ideia hori zan. Ganera, Bilbo beti izan da berezia guretzako; Bilbora etorri ginan ikasten, esperientzia asko bizi izan genduzan hemen eta musika arloan be, makinatxu bat kontzertu gogoangarri emon doguz Bilbon, baita Itoiz sortu aurreko Indar Trabes taldeagaz be Bilboko lehenengo Aste Nagusian. Alde horretatik, Bilbon aurkeztea Itoiz Suite, Bilboko Orkesta Sinfonikoagaz eta Abandoibarrako markoan, ederra izango dala pentsetan dot. Hortik aurrera, Donostian, Musika Hamabostaldian be aurkeztuko dogu, abuztuaren 22an, erregistro klasikoagoan; hori ona izango da ze Itoiz Suite obra rock musikan inspirauta egon arren, zeozelan badaukalako kontzertu klasiko-sinfonikoaren usaina. Esangura horretan, beste hitzordu batzuk be izango dira seguru Itoiz Suite zuzenean aurkezteko.
Bestetik, CDa be grabauko dogu estudioan eta segurutik urtearen amaierarako edo salgai egongo da. Ez dakit, gauza gehiegi dira, akaso, baina DVDa be preparauko dogu, zuzenekoetako irudi eta enparauakaz.
8.- Itoiz taldearen ibilbidean emondako ehundaka kontzertuak, argitaratutako zazpi diskoak, zuzenekoa tarteko, Itoizen diskoen berredizinoak, salmentak, 'Itoiz Suite', Itoizen musikearen gaineko bariazino sinfonikoa... Itoiz barriro alkartzea baino ez da falta musika talde baten zikloa amaitzeko...
(Barre algarea). Hori azkenerako laga beharko dogu, ez... Ez dakit, ez dakit... Orain momentuan ez daukagu ezelako asmorik. Horretaz ez dot sekula pentsetan eta ez jat lar interesantea be iruditzen. Gagozan moduan ondo gagoz, beharragaz ganezka gabilz eta izatekotan, keinu bat baino ez litzateke izango. Gu oso gazte hasi ginan eta agur esan genduanean, kontua agortua egoala pentsetan gendualako izan zan. Ez dakit, ez dakit...
9.- 'Atlantic River' eta 'Hau berua' bakarka atara zenduzan diskoek izango al dabe estilo horretako jarraipenik?
Ez dakit. Egindako lanagaz oso gustora gelditu nintzan. Orain, barriz, sano lanpetuta nabil Itois Suite obreagaz eta, ganera, konposizinoagaz jarraitu gura dot. Beraz, orain momentuz ez daukat estilo horretako proiekturik. Ez dot erabat baztertzen bide hori, baina gauza danak batera ezin dira egin.
10.- Ganbera-musikea lantzen zabilz aspaldion eta 2005ean, 'Bizkaieraz' lana sortu zenduan orkestra sinfonikoarentzat. Hori izango al da aurrerantzean zure lan esparrua?
Arlo horretan oso gustora nago. Lan handia da baina gaur gaurkoz hortxe nabil gustora. Hamar, hamabi bat urte emon dodaz horretan eta horregaz jarraitu gura neuke. Nire burua eroso sentiduten dot hor eta oraingoz horixe izango da nire jardunbidea. Ganerakoan, leitekeana da tarteka bestelako saltsa batzuetan sartzea baina momentuan momentuko esperientziak baino ez dira izango.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Miragarria !!!!!!!