Google eta Microsoft: barriro alkar muturka
2009-07-24 12:16Teknologia arloko erraldoiek ezin dabe alkar muturka ibili barik bizi. Bata bestearen negozioan sartu guran, orain be beste gerra sutsu bat hasi da, saltsa horretan ez dago etenik.
Teknologia arloko erraldoiek ezin dabe alkar muturka ibili barik bizi. Bata bestearen negozioan sartu guran, orain be beste gerra sutsu bat hasi da, saltsa horretan ez dago etenik.
Microsoft ohiko enpresa bat da, hau da, produktuak ikertu, garatu eta saldu egiten ditu (softwarea). Euren produktuak dendetan saltzen dira gehienbat eta ikaragarrizko publizidade kanpainak antolatzen ditu, produktuen abantailak bezeroari hurreratzeko.
Googleren negozioa, barriz, publizidadea da, % 97 hortik sortua baita. Enpresa birtuala dala esan geinke, ez dabe produktu fisikorik saltzen, Internet-en hegopean sortu, hazi eta erraldoi bihurtutako enpresea da.
Baina bien asmoei erreparauta, antzerakoak dirala esan daiteke: ordenagailuaren aurrean jesarri, biztu eta hemendik aurrera egiten dogun guztia holako enpresa baten produktuekaz egitea da bakotxaren amesik gozoena. Sistema operatiboa, nabigatzailea, bilatzailea, e-posta eta erabili beharreko pakete informatiko normalenak, danak enpresa berekoak izatea da amesa.
Eta ames hori lortu guran bien arteko lehia honek batzutan burruka bizia dakar. Pasa dan maiatzean, Microsoft-ekoek euren bilatzailea dan 'Bing' izenekoa aurkeztu eben. Beharbada ez deutso Google-i kalte larregirik egingo baina segurutik merkatuko ataltxoren bat kenduko deutso. Badakigu zelakoak diran holako aberatsak, ezta? Asko euki, baina gehiago gura... Merkatu kuota txikiena kenduta be, San Ferminetako zezenak moduan paretan dira, burua makur, adarrak zorrotz eta topekada itzela edonori emoteko prest.
Oraingoan, Google-ekoek Chrome OS sistema operatiboa aurkeztu dabe. Ez da momentuz Windows-i aurre egiteko modukoa, bere negozio zatia beste arlo batzutan dagoalako; behintzat oraingoz Chrome hau 'Netbook' izeneko ordenagailu txikietan iminiko da. Tramankulu honeek ez dira Microsoft-en planetan larregi sartu eta Google-koek egoera hori aprobetxatu dabe burua sartzeko.
Gainera, Crome sistema operatibo hau dobanekoa izango ei da. Eta nork jakin ordenagailu personaletara salto egingo ete dauen. Honako arlo hau Microsoft-en eskuetan dago ezelako duda barik, % 90-eko kuoteagaz, nahiz eta beste sistema operatibo batzuk be hor saltsan ibili (Mac eta Linux berbarako). Microsoft-en estrategia da euren produktuak (Windows sistema operatiboa, Explorer nabigatzailea, Bing bilatzailea, Hotmail e-posta) doban eskaintzea bezeroari.
Honen aurrean, Google-ekoek dobaneko eskaintzak emoten deuskuez: gMail, Maps eta ofimatika paketea (Google Docs). Egia esan, guretzako dobanekoak dira baina bateren batek pagetan ditu, jakina: iragarkiek iminten dituen enpresek.
Microsoft-ek badaukaz burukominak bai. Windows Vista sistema operatibo 'barria' baztertu egin dabe Windows 7 sistema barria aurkeztu dabenean. Hau, urriaren 22an kaleratuko da eta bidebatez, Office 2010 ofimatika paketearen antzeko bat Sarean doban jarriko dabela be iragarri dabe. Pakete osoak 100 dolarretik gora balio dau baina Sarean iminiko dabena bertsino errazagoa eta sinpleagoa izango da. Hemen be Google-ren bidetik sartu dira, enpresa bien arteko lehia leku guztietara eroanez.
Asmoak nondik nora datozen ikusita, gauza bat esango neuke: bihar-etzi erabiliko doguzan programak ez dira segurutik gure ordenagailuetan 'sartuta' egongo, Internet-era konektauko gara eta bertan eukiko doguz erabili beharreko guztiak. Eta dobanekoak izan ezkero, hobeto.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!