Bitaminak
2009-04-28 14:53 Jan edanakAntxina, hainbat mediku elikadura-ohitura desegoki batzuk hainbat gaixotasunakaz euken lotura zuzenaz jaubetu ziran. Hori dala eta, VII. mendean beriberia ebitetea lortu zan eta, XII. mendean, eskorbutua. Gaixotasun horreetatik babesteko, eguneroko dietan janari ezagun batzuk sartu behar zirala konturatu ziran medikuak, onurea ekarten eben substantziak zeintzuk ziran jakin ez arren. Egun, badakigu bitaminak dirala eta babesle-funtzinoa egiten dabela.
Antxina, hainbat mediku elikadura-ohitura desegoki batzuk hainbat gaixotasunakaz euken lotura zuzenaz jaubetu ziran. Hori dala eta, VII. mendean beriberia ebitetea lortu zan eta, XII. mendean, eskorbutua. Gaixotasun horreetatik babesteko, eguneroko dietan janari ezagun batzuk sartu behar zirala konturatu ziran medikuak, onurea ekarten eben substantziak zeintzuk ziran jakin ez arren. Egun, badakigu bitaminak dirala eta babesle-funtzinoa egiten dabela.
Bitamina oso kantidade txikia behar dogu, baina ezinbestekoak dira gorputzaren osasunerako. Bakotxak bere funtzino bereziak baditu be, danen artean gure gorputzean energia lortzeko dagozan erreakzino guztiak erreguletan ditue eta bi multzotan banatzen dira:
-
Hidrosolubleak: uretan disolbatzen diranak, C bitaminea eta B taldeko guztiak (B1, B2, B6, B12, niazinea…) gorputzean pilatzen ez diranez, erabilten ez dana txizaren bidez kanporatzen da.
-
Liposolubleak: lipido edo gantzetan disolbatzen diranak: A, D, E eta K bitaminak. Horreek gorputzean pilatzen dira.
Hidrosolubleak
✓ C bitaminea edo azido askorbikoa: bere eginkizunen artean, metabolismoko hainbat erreakzino erreguletea dago. Infekzino eta gripearen aurrean babesle-funtzinoa be badauka. Persona heldu batek 60 mg. behar ditu egunero eta, gure dietan egunero frutea eta barazkiak sartu ezkero, erraz lortzen da. Fruten artean gehien dabenak laranjea, mandarinea, kiwia, piñea eta mailukia dira. Entsaladako tomateek eta piperrek be badaukie, baina egosten edo prijiduten badoguz, C bitaminea galdu egiten da.
✓ Bitamina honen falteak sasoi batean 'marinelen gatxa' legez ezagutzen zan eskorbutua eragiten dau, sintomen artean hemorragiak, haginak jaustea, anemia, ahulezia eta abar emoten dira. Nahikoa da egunero laranja eta kiwia edo entsalada freskoa hartzea holakorik ez jazoteko.
✓ B taldea: Talde honetan bitamina ugari batzen dira, ezagunenak honeek:
· B1 bitaminea edo tiaminea: Karbohidratoen metabolismoan parte hartzen dau. Txerrikia eta galorratza dira B1 bitaminan aberatsak. Gabeziak beriberia eragiten dau; hau da, bihotzean eta nerbio-sisteman aldaketak, suminkortasuna, transtorno psikikoak, etab.
· B2 bitaminea edo riboflabinea: Karbohidrato, gantz eta proteinen metabolismoa erreguletan dau eta zerikusi zuzena dauka umeen garapen fisikoan. Nahiz eta oso kopuru txikietan izan, okela, esne eta barazki berdeetan dago. Faltearen sintomak atoan igarten dira, batez be arpegian: ezpainetako zauriak, dermatitisa eta ahoko zauriak.
· B6 bitaminea edo piridoxinea: Batez be proteinakaz emoten diran erreakzinoetan parte hartzen dau. Iturririk oparoenak lekak, platanoa, aguakatea, kalabazea, azenarioa eta oilaskoa dira. Falteak nerbio-sistemako eta larruazaleko arazoak eragiten ditu.
· Azido folikoa: Proteinen erabileran hartzen dau parte. Honen ezaugarri nagusietako bat: haurdunaldian bere beharra bikoizten dala. Orri berdeko barazki guztietan da ugaria (azelgak, espinakak, borrajak…). Beharrak asetzen ez badira, anemia ,liseri-aparatuko arazoak eta umeetan garapen fisiko eta psikologikoaren atzerapena sortzen dira.
· B12 bitaminea edo zianokobalaminea: Heste- eta nerbio-zelulen hazkundean eragiten dau. Animalia jatorriko produktuetan baino ez dago. Anemia eta nerbio-sisteman kalteak eragiten ditu bere bakotasunak.
Liposolubleak
✓ A bitaminea edo Retinola: Karoteno moduan be topau geinke hori-laranja koloreko barazkietan: azenarioa, kalabazea... Retinol modura, koipea daben jatekoetan dago: esnea, gibela, arrautzearen gorringoa, gurina... Bere egiteko nagusiak ikusmena eta larruazala behar bezala mantentzea da. Ondorioz, A bitamina bakotasunak gaueko itsutasuna, larruazala sikatzea eta abar dakarz. Azkenaldian, antioxidatzaile modura dauen funtzinoaz be berba asko egin da, horrek minbiziaren aurrezaintzan dauen garrantziagaitik.
✓ D bitaminea: Hazkuntzan laguntzen eta hazur eta haginen garapenean parte hartzen dau. Esne eta esnekietan, arrautzan, gurinean, zerealetan eta gibelean topau daiteke. Baina eguzkiaren ekintzea behar dogu, eguzkiaren argiagaz aktibau behar dogu azalean, bere funtzinoa bete dagian. Falteak errakitismoa eragiten dau. Gaixotasun honen eraginez, hazurrak ez dira behar dan moduan garatzen eta okertu eta deformau egiten dira. Arazo hori daben personek eguzkia eta aurrez aitatutako janariak hartu behar ditue.
✓ E bitaminea: Tokoferol izenaz be ezagutzen dan bitamina honek, bere antioxidatzaile funtzinoagaitik, zahartzearen kontra eragiten dau. Azalaren zahartzea eragiten daben oxidoei aurre egiten deutse. Hazi-oriotan topau daitekez, batez be, ekilore- eta arto-oriotan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!