Jateko azkarra, ona ala txarra?
2009-04-15 15:26 Jan edanakDöner kebab jateko azkarra nutrizino-balio handiko elikadura-aukerea izan daiteke, dieta osasuntsu baterako beharrezkoak diran jateko-taldeak ditualako: laboreak (ogia), okelea eta barazkiak (egosiak edota gordinik, bitaminak mantenduz).
Fast Food edo jateko azkarra dalakoa eskaintzen daben jatetxe-kateen ezaugarri nagusiak zerbitzu azkarra, ordutegi zabalak, prezio merkeak eta establezimendu-sare itzela dira. Baina, ezaugarri horreez ganera, jateko azkarrak, eretxi onak zein txarrak izan, gure gustuak erakarri ditu eta danok jan dogu, nonoiz, hanburgesa bat edo pizza zatiren bat. Ganera, jateko desbardinak topau geinkez gure urietan. Jateko azkarra edo fast food produktuak bi taldetan sailka daitekez: eragin eta ezaugarri anglosaxoiarrekoak (hanburgesak, saltxitxak eta patata prijitdak saltsakaz -maionesa, ketchup-) eta jatorri mediterraneokoak (pizzak, ogitartekoak, pintxoak eta kebab-ak...).
Produktu horren artean, beste zenbait herrialdetako plater tipikoak aitatu behar dira, jateko azkarraren forma barria diralako, jateko txinatarra, berbarako. Aurretik preparautako produktuak be talde horretan sartzen dira, lasagnak, kaneloiak, paellak, enpanadilak, kroketak..., izan be, kontsumitzaileek gero eta gehiago eskatzen ditue produktu horreek.
Gustetan ez jakuzan ezaugarriak
Produktu horreek hain heterogeneoak izanda, ez da erraza nutrizino-balio erakusgarri bat zehaztea. Halanda be, danak datoz bat ezaugarri honetan: densidade energetiko handian, jateko azkar bakar bategaz egunero behar dan energiaren erdia baino gehiago hartzen da. Eguneko ganerako jatekoek emoten deuskuen energia gehitzen badogu, jandako guztiaren energia kantidadea ikaragarri igoten da eta gehiegizko pisua hartzea errazten da. Gehiegizko gantz aseek odoleko kolesterol mailea handitzeko joerea dabe. Jateko azkarretan, arrautza, gurina, esnegaina, gantza, gaztaia eta beste osogai gantzatsu batzuk dituen saltsak eta prijiduetan erabilten diran koko eta palma oreoak dira nagusi. Eta ezin dogu ahaztu erabilten diran ogiak eta opilak moldekoak izaten dirala.
Gatzaren aldetik, produktu horreek, orokorrean, etxean preparetan diranek baino gatz gehiago daukie, neurri batean sodioa kontserbatzaile legez erabilten dalako. Ganera, koloreari, usainari, gustuari eta konposizinoari jagokonean, gura dan itxurea lortzeko, kontserbatzaileak, koloratzaileak, trinkotze kontrakoak, egonkortzaileak... gehitzen jakez. Plater horreek gozagarri biziak edo gustu gehiago izateko produktuak daukiez eat, denporeagaz, gustuaren perzepzinoa be aldatu eta ohiturea sortarazoten dabe.
Esandakoak esan arren, jateko horreetan zeozer ona be topau geinke: kalidadeko proteinak (arrautzak, okelak, arrainak, gaztaiak...). Zuntz eta bitaminen aldetik oparo dabiz, normalean hanburgesea letxugeagaz, tomateagaz edo entsalada bategaz jaten dogulako, berbarako. Dana dala, ez dogu ahaztu behar hartzen dogun kaloria kopurua handitu egiten dela, asko ganera, jateko hori patata prijiduakaz, opilakaz eta freskagarriakaz edo alkoholdun edariakaz batera hartzen dogulako. Baina orokorrean, hanburgesa, ogitartekoa edota kebab entsaladeagaz eta azukera bako edari bategaz, jatekoaren balio nutrizionala aberastuko dogu. Ezaugarriei begira, jatorri mediterranearreko edo arabiarreko jateko azkarra anglosaxoiarrekoa baino osasungarriagotzat har daiteke.
Horrela janda ez da ezelako arazorik egongo osasunarentzat, ohitura bihurtzen ez bada eta oinarrizko janarien ordez hartzen ez bada. Halanda be, gero eta pertsona gehiagok dietearen oinarri legez hartzen dabe jateko azkarra, hori egiteak dituan nutrizino-arriskuak kontuan izan barik.
Modan dagoan Kebab-a ezagutzen
Esan dogunez, jatorri arabiarrekoa dan jateko azkarra, osasunari jagokonez, gomendarriagoa izan daieteke. Hori dala eta, döner kebab dalakoaren ganean berba egingo dogu, azken urteotan modan dago eta. Mendebaldean ezagunena dan jateko turkiarra da, neurrian janda plater nutritiboa dana. Urteak dira Turkiako jateko hau mendebaldean zabaldu zala eta, egun, gehien kontsumiduten dan jateko azkarren artean dago.
Kebab-a adobautako okela-bloke biribil bat da burruntzi bertikal batean jarten dana kozinetako. Turkierazko izena, hau da, döner kebab, 'okelea bueltaka dabilen parrilan eginda' esan gura dau. Iranen, 'shish kebab' deitzen jako eta arabiarrek 'shawarma' izenez ezagutzen dabe. Okelea erreta dagoanean, lamina meheetan txikitzen da, espeziez, barazkiz eta saltsaz bete eta pita-ogi tradizional zati batean zerbitzatzen da. Beraz, kebab-aren barruan, okeleagaz batera, hornigai mueta asko egon daitekez: letxugea, tomatea, piper berdea, kipulea. Horreei saltsa-mueta aukera zabala gehitzen jake, suabeenetik hasi eta gogorrenera, eta mingotsak be izan daitekezan kremak be bai.
Döner kebab jateko azkarra nutrizino-balio handiko elikadura-aukerea izan daiteke, dieta osasuntsu baterako beharrezkoak diran jateko-taldeak ditualako: laboreak (ogia), okelea eta barazkiak (egosiak edota gordinik, bitaminak mantenduz). Halanda be, jateko azkarra da eta, beraz, neurriz kanpo jan ezkero, kaloria lar geinkez. Baina gitxieneko neurri batzuk hartuta, saltsa-kopurua gitxituta edo, arkumea jan beharrean oiloskoa janda, kaloria-ekarpena nabarmen murriztuko dogu eta plater azkarra osasuntsu bihurtuko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!