Panamako estresaren ondoren, Ozeano Barean, Galapagoseko paradisutik

Egoi Urkiza 2009-03-31 18:47   Euskaldunak munduan

Galapagosera heldu aurretik Perlas ugartean egon ginan estres maila murrizteko asmoz. Lortu genduan, bai. Leku zoragarria da baina arriskutsua: kokodriloak eta suge handi eta pozoitsu asko dagozalako. Dana dala, benetan oso ondo pasau genduan eta bertan, martiaren 15ean, nire urtebetetzea ospatu genduan. Hogeita bederatzi urte, zahartzen hasia naz...

Kaixo barriro danori... Aspaldi ez nebala horrenbeste idatzi... Baina tira... Polita da gauza ederrei buruz idaztea.

Panamara heltzea gogorra baino gogorragoa izan zan, Arubatik abiatu ginan eta 5 egun pasau genduzan amesgaizto bildurgarrian; ganera, itsasoa hasarre egon zan gugaz, olatu handiak, korrontea kontra eta haize ufada indartsuak.

Kontuak kontu, Colonera (Panamara) heldu ginan. Lehenengo ezustekoa! Gu ginoiazan lekura, uriburuaren ondoan egoan lekura hurreratzea ezinezkoa izan zan, barikuan birrindu egin ebelako dana Mega-Portua handitzeko asmoz; gu zapatuan, eguerdian heldu ginan. Beraz beste aukera barik Shelter Bay Marinara joan ginan, sano karua baina 5 izarretakoa: ugerlekua, ur beroa dutxetan, elektrizidadea... eta satelite bidezko telebista! Horri esker Kopako partidua, Athleticek Sevillari 3 gol sartu eta finalean sartzeko balio eutson hori ikusi eta gero danon artean maiatzaren 13ko Kopako Finalean sartzea ospatu genduan.

Hariari eutsiz, Colon benetako kaos erraldoia da eta gainera oso arriskutsua dala esaten dabe (guk ez genduan ezer igarri, baina jente guztiak, batez be bertakoek behin eta barriro esaten euskuen zuhur ibilteko); egia da nahiko egoera txarrean dagoala eta birmoldaketa sakona behar dala han baina... Kontua da ze papel piloa bete eta milaka tramite egin behar izan genduzala: inmigrazinoa, Panamako uretan belontzian ibilteko baimena, Visa, Panamako Kanala... Pausu horreek guztiak norberak egitea ia ezinezkoa da eta ohikoena izaten da laguntzaile bat kontratetea. Marinan Andrius gure kapitainak bi lagun egin zituan lehenengoa ukraniarra eta bestea errusiarra eta horreen aholkuei jaramon eginaz merke-merke kontratau genduan zerbitzu hori. Laguntzaile horreek normalean 1000USD-tik 1500USD-ra bitartean kobretan dabe eta gureak 190USD baino ez euskun eskatu. Dana dala, ez pentsau hori bakarrik pagau genduanik, leku guztietan ondo pagau behar zan Kanalean sartu eta Atlantikotik Barera pasetako. Danetara, ez dakit zenbat diru gastau genduan bertan.

Azkenean, dana prest egoala, martiaren 9ko gauean, Kanala kurutzatzen hasi ginan. Hiru uhate edo ataska pasau ondoren (goruntz), Gatun Lakuan lo egin genduan. Lakua guztiz artifiziala da, gizakiak egindakoa, orain lakua dagoan tokian lehen herri batzuk egozan. Laku amaitezina atzean itxi eta beste hiru ataska kurutzatu ondoren (oraingoan beherantz), Ozeano Barean sartu ginan... Azkenean, martiaren 10ean, han gengozan, Panama Cityn, Balboako La Playitan!

Bueno esan beharra dago Colon-en eta Panama City-n kriston erosketak egin genduzala, dana ez zan izan estresa eta estresa: pilo bat animalia ikusi genduzan (mot askotako tximinoak, mapatxeak, pelikanoak, iguanak....), pilo bat leku ederretan egon ginan (La playita, Shermann Basoa...) eta pilo bat lagun egin genduzan, batez ere Max, gizon Errusiar bat. Kanala kurutzatzen lagundu euskun eta gero beragaz eta bere emazte eta bere 2 alabakaz kriston afaria gozau genduan.

Azken kontu honeekaz, akaso pentsauko dozue Panaman emondako egunak ez zirala izan horren gogorrak, baina benetan gogorrak izan ziran... Egunero miloeka gauza egiteko eta beti bateren baten zain, beti urduri... Azkenean, momentu horreek ahaztu eta honezkero Galapagosen gagoz.

Hori bai, Galapagosera heldu aurretik Perlas ugartean egon ginan estres maila murrizteko asmoz. Lortu genduan, bai. Leku zoragarria da baina arriskutsua: kokodriloak eta suge handi eta pozoitsu asko dagozalako. Dana dala, benetan oso ondo pasau genduan eta bertan, martiaren 15ean, nire urtebetetzea ospatu genduan. Hogeita bederatzi urte, zahartzen hasia naz...

Bueno, hurrengora arte... Eutsi goiari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu