Slumdog Millionaire

Joseba Terreros 2009-03-27 14:45   Zinema kritikak

Slumdog millionaire guztiz bisuala da, koloretsua, ikusgarria. Istorioa garatzeko erabilitako leku eta dekoratuak itzelak dira, bakar batek be ez gaitu epel ixten, baina egia da irudi harrigarriok eten barik kateatzeak zelan edo holango betekadea eragiten deuskuna.

- Zuzendaria: Danny Boyle.
- Herrialdea: Erresuma Batua eta India.
- Iraupena: 120 minutu.
- Antzezleak: Dev Patel (Jamal Malik), Freida Pinto (Latika), Madhur Mittal (Salim), Anil Kapoor (Prem Kumar), Irrfan Khan (poliziaren inspektorea).
- Gidoia: Simon Beaufoy, Vikas Swarup-en nobelan oinarrituta.
- Musikea: A.R. Rahman.
- Argazkia: Anthony Dod Mantle.
- Muntaia: Chris Dickens.
- Diseinua: Mark Digby.
- Jantziak: Suttirat Anne Larlarb.

Guretzat oso gustagarriak izan ez arren, Bollywood-eko filmetan danatarik topau leiteke: dramea, abenturak, ekintzea, maitasuna eta pasarte musikalak. Hori berori eskaintzen deusku zinemagintza mueta horretako ikutu eta eraginak daukazan Slumdog millionarie honek.

Filma atontzeko aukeratutako egitura narratiboa, egia esan, korapilatsua baizen egokia da; hiru tempus desbardin daukaguz: telebistako lehiaketa bera, lehiaketako galderetatik tiraka Jamal Malik-en iraganera joteko erabilitako flashback-ak eta poliziak egindako itaunketea. Denbora ildoak ezin hobeto buztartzen dira eta filmaren akabukeran bat egiten dabe, ikusleei lar errez aurreikusten dan amaierea eskaintzeko.

Slumdog millionaire guztiz bisuala da, koloretsua, ikusgarria. Istorioa garatzeko erabilitako leku eta dekoratuak itzelak dira, bakar batek be ez gaitu epel ixten, baina egia da irudi harrigarriok eten barik kateatzeak zelan edo holango betekadea eragiten deuskuna.

Bestalde, happy end-era bidean, filmari sunda sinisgatxa dario, logikatik harago doana; horra hor zortzi Oscar eskuratu dauzen pelikula honen akatsik agirikoena. Ondo be ondo eginda dago arlo tekniko guztietan, aparta da, jakingarria, barregarria, baina, zoritxarrez, ez gaitu guztiz konbenziduten; beharbada umetako ipunetatik lar hur dabil.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu