'Once Upon a Time in... Hollywood'

Karolina Almagia 2019-09-04 08:09   Zinema kritikak

Ahalmen handiko filma izan eitekeana entretenimendu etsigarri hutsean geratu da.

- Zuzendari eta gidoigilea: Quentin Tarantino
- Aktoreak: Leonardo DiCaprio,  Brad Pitt,  Margot Robbie,  Emile Hirsch,  Margaret Qualley, Al Pacino,  Kurt Russell,  Bruce Dern,  Timothy Olyphant…
- Produktoreak: Sony Pictures Entertainment (SPE) / Heyday Films / Visiona Romantica
- Generoa: Thrillera, dramea, komedia
- Herrialdea: Estadu Batuak
- Iraupena: 165 minutu
- Balorazinoa: 3/5


Tarantino zinemazale amorratua dala ez da sekretu bat. Aurreko pelikula askotan sartu izan ditu  
bere gustuko filmen omenaldi txikiak. Once Upon a Time in... Hollywood izenburuko azken hau bere osotasunean da 1960ko hamarkadako Hollywoodeko pelikulei egindako omenaldia. Uniberso horretan, James Dean, azken western-ak, arrakasta galtzen hasi diran izarrak, espezialistak eta holako elementu zoragarriak topauko doguz.
 
Alderdi teknikotik, zelan ez, bikaina da filma: argazkilaritzea, girotzea, musikea, Bruce Dern eta Al Pacinoren kameo-ak… dana oso dotorea eta faktura onekoa. Arazoak bestelakoak dira eta bakarrean batu leitekez: metraje luzeegia dau, filmak kontetan dauenerako.

Alkarrizketak ez dagoz Tarantinoren aurreko film askoren mailan, eta umorea be nahiko behartuta dago. Gidoiak huts egiten dau, biribildu barik dago: emoten dau zati askoren batuketea dala eta ez dakiala nora heldu nahi dauen. Leonardo DiCaprioren pertsonaiari minutu asko eskaintzen deutsaz, baina bere historia ez jat oso interesgarria egin. Kontrara, Brad Pitten pertsonaia garatu barik geratzen da.

Beti pentsau izan dot jazoera historiko bat jorratzen dozunean hobe dala errealidadera ahalik eta gehien hurreratzea. Benetako jazoerak asmakizunakaz nahasten dozuzanean, gitxitan dabe emoitza ona. Kasu honetan holako zeozer pasau jako Tarantinori. Manson familiaren zoramena eta Polanski eta Sharon Tateren ezbeharra nahikoak dira gure jakinminari eusteko, baina amaiera horrek (eszena gore bat sartu behar eban, jakina) sinisgarritasun guztia kentzen deutsanez, etsipen handia da.

Neurriz gan luzatzeak aspertu egiten dau. Eta ahalmen handiko filma izan eitekeana entretenimendu etsigarri hutsean geratu dalako inpresinoa emon deust. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu