'Sauvage'
2019-06-25 10:20 Zinema kritikakGazte batek gizartean dauen integrazino eza eta biziteko era miserablea erakusten deusku.
- Iraupena: 97 min.
- Herrialdea: Frantzia.
- Zuzendaritzea eta gidoia: Camille Vidal-Naquet.
- Aktoreak: Félix Maritaud, Eric Bernard, Nicolas Dibla, Philippe Ohrel, Marie Seux...
- Produkzinoa: La Voie Lactée / Les Films de la Croisade / CNC.
- Generoa: Dramea | Prostituzinoa.
- Balorazinoa: 4/5
Camille Vidal-Naqueten pelikula honek emozino handia sortu dau erakusten dauen gordintasun errealagaitik, izan be, gizartearen alderik ilunenaren erretratu ausarta da, moralkeria barik.
Salvaje-ren protagonista gazte txapero bat da, diru gitxiren truke saltzen dau bere gorputza, kalean egiten dau lo, txarto jaten dau, gaixorik dago eta emoten dau oso gitxi maite dauela bere burua.
Félix Maritaudek hain ondo interpretetan dauen Leo izeneko gazte honi buruz oso gitxi dakigu. Haren iragana misterio bat da, dakigun bakarra da familiagaz ez dauela hartu-emonik. Ez dugu ezagutzen zelan heldu dan horra, bakarrik ikusten dogu, sexua asko gustetan jakola baita laztanak, musuak eta afektu erakusgai guztiak be.
Leoren hauskortasuna ikusten da bere lagun Ahdekin maitemintzen danean. Baina abandonuaz eta errefusatzeaz hondoratzeko zorian dagoanean, aingeru bat agertzen jako; eta atal hau da, hain zuzen be, sinisgarritasun gitxien daukana, nire ustez. Hori kenduta, filmak errealismoari eusten deutso, eszena gordinak ezkutatu barik, batzuk zinez gogorrak.
Dokumental bat balitz legez, gazte batek gizartean dauen integrazino eza eta biziteko era miserablea erakusten deusku, ezelako epaiketa barik.
Camille Vidal-Naquet zuzendariak oso ondo daki infernura jatsierea islatzen eta egiten deuskun galderea da ia protagonistaek bizimodu hori nahi dauen ala ez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!