'Aute retrato'

Karolina Almagia 2019-09-18 09:24   Zinema kritikak

Luis Eduardo Auteren lagunen eta inguruko artisten omenaldia da filma.

- Zuzendaria: Gaizka Urresti.

- Gidoia: Nacho Cabana, Juan Moya, Gaizka Urresti.

- Argazkia: Pepe Añón.

- Generoa: dokumentala.

- Produkzino-etxea: Altube Filmeak S.L / ICAA / Urresti Producciones.

- Iraupena: 98 minutu.

- Balorazinoa: 3/5.

Gaizka Urresti zinemagile bilbotarrari kostau jakon Luis Eduardo Aute (Manila, 1943) konbentzidutea bere inguruko dokumentala egiteko. Kantautorearen lotsea gaindituta, filmaren grabazinoa 2016an abiatu zan. Asmoa zan Auteren ibilbidearen 50 urteak errepasetan zituan Giraluna biran laguntzea eta bertako irudiakaz eta alkarrizketa luze bategaz filma osotzea. Baina dan-dana geratu zan 2016ko abuztuan, Autek bihotzekoa izan ebanean. Hilabete bi koman egon eta gero, musikaria oraindino errekuperetan dago, eta harrezkero ez da agertu publiko aurrean.

Urrestik ez eban proiektua bertan behera itxi, eta erreazionetan jakin eban, pelikulea Auteren lagunen eta inguruko artisten omenaldi bihurtuaz.

Artxiboko irudiak eta alkarrizketen zatiak berreskuratuz, kantariaren ahotsa berreskuratzen dau Aute Retrato-n. Horri gehitzen deutsaz hamaika personaren eretxiak eta anekdotak (Silvio Rodríguez, Massiel, Forges, Serrat, Sabina, Ana Belén, Dani Martín, Rozalén, Marwan, Jorge Drexler, Ismael Serrano, Pedro Guerra…). Auteren semea be agiri da, aitaren azken barriak emoten. Ez dira faltau Ánimo, Animal!, igaz Auteren omenez egindako festibalaren irudiak.

Abesti onak egiteaz gan, Aute arpegi askodun artistea zan, eta Gaizka Urrestik haren margolanak erabilten ditu film osoaren narrazinoari eusteko. Pintura horreen indarrak eta dakarzan gomutek primeran funtzionetan dau, Las cuatro y diez, Cine, cine, cine, Rosas en el mar, La belleza, Al Alba, Una de dos… eta beste abesti askoren soinu-bandeagaz.

Material honegaz guztiagaz, Luis Eduardo Auteren jarraitzaileek gozau egingo dabe, eta ezagutzen ez ebenek erabateko artistea eta, batez be, gizon duin, zintzo eta eskuzabala deskubriduko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu