Unai Basurko: ‘guretzat ohore handia da Bizkaiaren izena munduan zabaltzea’

Koldo Isusi Zuazo 2007-12-14 01:00   Euskaldunak munduan
Bizkaia Pakea 2009 belaontziko patroia

Aurten, 'Velux 5 Oceans', bakarka munduari bueltea emoteko estropadan, hirugarren geratu zan portugaletearrak gidatutako ‘Pakea’ eta munduko 164. itsasgizona da hori lortu dauena.

Oraintsu, barriz, Transat Jacques Vabre 2007 estropadan, Le Havre (Frantzia) eta Salvador de Bahia (Brasil) arteko 4.340 miliak osotu ditu Gonzalo Gandariasegaz batera ‘Pakea Bizkaia 2009’ ontziagaz.

Estropadan zehar, bela nagusia altzetako erabilten dan sokea, drizea eta 350 metro koadroko spinnaker bela apurtu jakezan, baina datorren urteko konpromisoetarako belaontzia preparetako entrenamentu saio ederra izan da Unai Basurkorentzat.

Transat Ingelesa Bostonera maiatzean eta Vende Globe, munduari birea bakarka eta eskala barik zemendian dira 2008ko erronkak.


1.- Arazoak arazo, Transat Jacques Vabre estropadan zer ikasi dozu? Zertan hobetu daiteke belaontzia 2008ko konpromisoei begira?

Ikasteko modu bakarra, nabegetea da eta barkua jaio zanetik ez dogu astirik izan, proiektuko kirol zuzendariak, Gonzalo Gandariasek eta nik neuk alkarregaz estropada ofizialean eta denpora tarte luzean nabegetako. Sano garrantzitsua da hori ze bakarka zoazela ikusten ez dozuzan gauzez jaubetzen zara edo ikusi arren, zuzenean beste bategaz konpartiduteko aukerarik ez dalako izaten.

Estropadan zehar lan handia egin dogu, ez guk bakarrik baita lurreko taldeak be, ze e-posta trukea eta komunikazinoa ugaria izan da eta arlo batzuetan lanak nahikoa aurreratuta dagoz. Esangura horretan, ikusitakoak ikusita, aurrerantzean Pakea Bizkaia 2009 azkarragoa, seguruagoa eta erosoagoa izango da. Oraintsu Bartzelonan izan gara Gonzalo eta biok bela barriak eta material elektroniko barria aztertzen. Piloto automatikoa aldatu eta merkaduan dan onena erostea erabagi dogu, barkuko tresna garrantzitsuenetakoa dala kontuan hartuta.


2.- Gonzalo Gandarias lagunagaz egin dozu Kafearen Ibilbidea legez ezagutzen dan estropadea. Tensino momentuetarako beti da ona laguna alboan izatea baina bakarka zoazela itsasoaz, bakardadeaz eta sentsazinoez hobeto disfrutetan al da?

Galdera ona da hori ze nik neuk sarritan nire buruari egiten deutsadana da. Oraindino ez daukat erantzunik. Bakarka nabegetan dozunean, itsasoagazko, barkuagazko zein norberagazko hartu-emonak intensidade handiagokoak dira eta, era berean, nahasiagoa da dana. Lagunagaz zoazenean, barriz, momentu gogorretan laguntzinoa gauza ona da eta beste baten ikuspegia be sano garrantzitsua zenbait kasutan baina, jakina, intimidadean galtzen dozu eta lehen aitatu deutsudazan hartu-emonetan be galtzen da, jakina.


3.- Horrenbeste egunetan hain mugatua dan espazioa beste persona bategaz konpartidutea ez da bromea. Zelan konpondu zara Gonzalogaz? Anekdotarik?

Gogorra da, bai, estropadako 21 egunetan eguneroko jardunerako barkuaren 20 metro koadroak beste persona bategaz konpartidutea. Baina Gonzalo orain 20 urte baino gehiago ezagutzen dot, lagun handiak gara eta estropadeari ekin geuntsonean, lagun handiak ginan eta estropadea amaituta lagun handiagoak gara.

Dana dala, orain martxan dago Bartzelona World Race estropadea, Bartzelona urteera eta helmuga dituan binakako estropadan 100 bat egun egingo ditue itsasoan eta nik neuk binakako nabegazino estropadetan bizitako esperientziak positiboak izan diran arren, 100 eguneko tarte hori luzeegia dala uste dot eta hor alkarbizitza sano gatxa izango dala.

Anekdota zehatzik ez dot gogoratzen baina 24 orduko 21 egun izan dira eta gauza asko pasau dira, zelan ez. Kualifikazino probetan, Bilbotik hur balea erraldoiak ikusi genduzan eta Kanariak, Cabo Verde edota Brasileko lurra ikustea momentu gogoangarriak izan dira. Gonzalok orain 30 urte surfean ibilitako hondartzak erakutsi eustazan; Gonzalo Bizkaiko surfaren aitzindarietakoa izan zan, Euskal Herriko Surf Federazinoaren sortzailea eta nire lehenengoetako ohola egin eustan. Esperientzia ederra izan da. Gonzalo bakarra da munduan, buruan belaontzi bat imajinau, pintau, eregi eta nebegetan. Gonzaloren konsensurako jarrerea, beharrerako konpromisoa be gustetan jataz.


4.- Drizea eta spinnaker bela apurtzea normala al da?

Bai. Kontuan hartu, muturreko kirola dala gurea, muga-mugan gabilz eta holakoetan normaltzat hartu behar dira holako egoerak. Materialetan pisuaren eta erresistentziaren arteko orekea topetea ez da erraza mutur-muturrean zabilzanean eta, gainera, ez ahaztu, azken 2 urteetan ia geratu barik nabegetan ibili garala eta, material batzuk aldatu arren, beste batzuk desgaste handia izan dabela.

Bela arloan, bi hilebeteko tartean, munduko proiekturik sendoenetan be masta apurtzea ikusi dogu hiru belaontzitan eta, beraz, holako arazoei iges egitea oso gatxa da. Baina milaka miloe gastau arren, Bat Formulako kotxeei be pasetan jake eta guri be antzera pasetan jaku.


5.- Ekuadorreko barealdi bildurgarrietan be ez zarie geldi egon. Itsasoa ezagutzerik ez dago?

Eguraldia zoratuta dago. Gizakiok horrenbeste indar ete dogu eguraldia aldatzeko? Akaso, bai. Duda barik, zeozer pasetan da. Baina hain urte gitxiko tartean ikusitako aldaketen aurrean baieztapen borobilak egitea be ez dakit zuzena dan. Hori bai, haizeak, berbarako, aldatzen ari dira. Le Havretik antizikloi erraldoiagaz abiatu ginan; Mantxako Kanalean eta Bizkaiko Golkoan haize ahulak izan genduzan; ekialdeko ekatx edo denporale bildurgarria, barriz, Finisterren, zemendian oso arraroa; alisio haizeak jo behar ebanean, haizerik ez eta Ekuadorreko barealdian, haizerik gehien izan genduan. Hori ez dago ulertzerik eta, pentsaizu, guretzako benetako arazoa da hori, ze nabegazinorako egiten dozuzan aurreikuspenak eta planak hankaz gora jarten jatzuz.


6.- Egunotan itsasoa hasarre ikusi dogu. Kostaldean 9-10 metroko olatuak, sekulako haize boladak... Pakea Bizkaia 2009 lako ontziak zelan egiten deutse aurre holako olatuei eta handiagoei? Zelako egoerak bizi izan dozuz holako olatu erraldoiakaz?

Ternuatik etorri jaku ekatxa. Jarraipen osoa egin deutsat ze Pakea Bizkaia etxera bidean dator (orain Kanarietan dagoz, gutxi gorabehera) eta haize eta eguraldiaren pronostikoen azterketea eta enparauen ardurea neurea da orain. Kontuak kontu, holako olatu eta denporaleen aurrean (10-12 metroko olatuak, 70 korapiloko haizeak) onena aurretiaz ahalik eta informazino gehien batzea da. Eta duda barik, denporale handiei aurre egiteko, denporale txikiagoagaz hartutako esperientzia be oso inportantea da. Horrezaz gan, prudentzia eta gitxieneko seguridade neurriak hartzea nahitaezkoak dira. Holako egoeretan, derrigorra da arnesagaz lotuta egotea belaontziaren bizkarrean eta behar-beharrezkoa dan haizea baino ez hartzea, hau da, momentuan dozun haizeari jagokon bela azalerea zabaltzea. Era berean, barku honeek surfeetako gaitasuna dabe, surf taula erraldoiak dira eta, beraz, olatuari angelu egokia topau behar jako gainetik pasau ez daiten. Barkuaren abiadurea eta haizearena jagotea be garrantzitsua da. Ganera, sarritan ekatxa ez da di-da pasetan, orduak eta orduak dira olatuen kontra eta barkua gidatzeaz gan, soka eta ganerako apareju eta tresnak jagoten zoaz eta benetan nekosoa izaten da.

Edozelan be, handiagoa dalako ez dau esan gura arriskutsuagoa danik. Mantxako Kanalen izan genduzan olatuak, ez ziran erraldoiak, labur-laburrak ziran, gogaikarriak ze surfeetako lekurik ez deutsue ixten eta barkuaren kontrako golpeak estresanteak dira. Minutu baten 20 golpetik gora kontau izan dodaz. Atara kontuak! Egunean hiru mila golpetik gora hartu zeinkez.


7.- ‘Pakea Bizkaia 2009’ Brasilen itxi eta etxean zaitugu. Zertan zabilz?

Bai. Estropada hau amaituta, pare bat urtetan 50.000 itsas-milia inguru egin dodaz, munduari bi buelta inguru eta kantsauta nago. Brasilen taldekideakaz lau egun egin nituan eta etxera hegazkinean etorri nintzan deskantsetako eta bidebatez datozen proiektuei begira babesle pribatuakaz eta hartu-emonetan hasteko. Honezkero, dakizunez, Bizkaiko For Aldundiaren babesa dogu datozen bi urteetarako eta guretzat ohore handia da Bizkaiaren izena munduan zabaltzea.

Edozelan be, Pakea Bizkaia 2009 etxera bidean da honezkero, lau taldekide datoz barkuan eta egun batzuk barru, Gabonetarako Getxora helduko dira. Hortik aurrera barkua oso-osorik desmuntauko dogu, sekula egin ez dogun moduan, masta, sokateria guztia, aurtza, elektronikea, lemak... Zerotik hasiko gara, pinturea eta fibrea be erabili beharko doguz eta ia-ia barku barria eregiko dogu.


8.- 2008ko Vende Globe estropadea dozu erronka nagusi. Hemetik zemendira zer?

Esan deutsudan legez, etxean, lan handia dogu, hiru bat hilebeteko tartean, barkua osorik desmuntau behar dogu eta apiriletik aurrera, nabegetan hasiko gara. IMOCA kategoriako estropada danatan parte hartuko dogu eta irailean lurreko lana tokauko jaku barriro zemendian hasiko dan Vende Globe (munduari itzulia, bakarka eta geldialdirik barik) preparetako.


9. Jakitun zara itsas-gizon profesional bihurtu zarana? Orain urte batzuk espero zenduan holakorik?

Bueno, urteetan nabil honetan profesional moduan. Orain, ostera, proiektua handiagoa da. Eguneko 24 orduak beteten dodaz Bizkaia Pakea 2009 belaontziak. Oso pozik nago ze nire etxean, nire herrian naz profesionala. Kanpoan, akaso, errazagoa izan eitekean baina nik hori subertea izan dot; lantalde bikaina daukat, Iparraldeko bat kenduta ganerakoak hemengoak, bizkaitarrak dira eta gure herrian ilusinoa biztu dogula ikustea oso pozgarria da guretzako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu