Milk

Joseba Terreros 2009-02-02 10:34   Zinema kritikak

Film hau kutsu sozio-politikoko melodramearen lur basatsuetan sartuagaitik be, erraz ikusten da, arretaz eta gustora. Seguru asko, metrajearen unekada guztiei egiatasuna darielako.

- Zuzendaria: Gus Van Sant.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 128 minutu.
- Antzezleak: Sean Penn (Harvey Milk), James Franco (Scott Smith), Emile Hirsch (Cleve Jones), Josh Brolin (Dan White), Diego Luna (Jack Lira), Alison Pill (Anne Kronenberg), Victor Garber (alcalde Moscone), Denis O'Hare (John Briggs), Joseph Cross (Dick Pabich), Stephen Spinella (Rick Stokes).
- Gidoia: Dustin Lance Black.
- Musikea: Danny Elfman.
- Argazkia: Harris Savides.
- Muntaia: Elliot Graham.
- Diseinua: Bill Groom.
- Jantziak: Danny Glicker.

Bizitza batzuen barri emotea merezidu dau. Bakar batzuen sakadak eta ahaleginak garrantzi handikoak izan daitekez, guztion bizimodua hobetu daiten. Eta zinemagintzan holakoak kontetea tresna ezin hobea da, denporearen joanak honaino heltzeko egindako bidea ezabatu ez daigun.

70eko hamarkadako Estadu Batuetan homosexualen komunidadea hazten joian, baina gitxi ziran baketan bizitzeko aukerea emoten eutsen bazterrak. Horreetariko bat San Franciscoko Castro auzoa zan. Inguru horretan gizon batek erabagi sendoa hartu eban: ezarritako botereei arpegi emotea eta bere komunidadearen eskubideen alde burrukan egitea, ausardia horren truke prezio handia ordaintzeko prest.

Hego Euskal Herriko zine aretoetara 'Mi nombre es Harvey Milk' izenpean ailegau jakun biopic honek hainbat doe daukaz: sinisgarritasuna, erritmo egokia, girotze lan serioa, gidoi ona eta antzezpen zoragarriak, batez be Sean Penn handiarena. Sekula ez gara abroziduten aktore honen beharrak ikusten, eta oraingoan be bikain jardun dau, beraren filmografia zabalean ohikoagoak diran roletatik urrun.

Film hau kutsu sozio-politikoko melodramearen lur basatsuetan sartuagaitik be, erraz ikusten da, arretaz eta gustora. Seguru asko, metrajearen unekada guztiei egiatasuna darielako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu