Esnea ona al da helduontzako?
2009-01-28 13:50 Jan edanakHeldu askori kalte egiten deutse esneak. Ugaztun guztiak amaren esnea digeriduteko gai dira, baina haztean gaitasun hori galtzen dabe. Gizakiak salbuespena ete gara? Gizakiok aro guztietan eutsi egiten deutsagu esnea digeriduteko gaitasunari, beraz ezinbesteko galderea da ondokoa: bizitza osoan esnea hartzea ona da? Txarra da?
Heldu askori kalte egiten deutse esneak. Ugaztun guztiak amaren esnea digeriduteko gai dira, baina haztean gaitasun hori galtzen dabe. Gizakiak salbuespena ete gara? Gizakiok aro guztietan eutsi egiten deutsagu esnea digeriduteko gaitasunari, beraz ezinbesteko galderea da ondokoa: bizitza osoan esnea hartzea ona da? Txarra da? Oraingoz, aldeko eta kontrako eretxiak parean dagoz eta inork ez daula egia osoa. Esneari alergia eukitea, laktosearen kontrako intolerantzia kasu ugari egotea, esnea eta esnekiak kontsumiduteak ustez eragiten dauen gehiegizko mukosidade kopuruak eta enparauek esnea hartzearen egokitasunari buruzko eztabaidea pizten dabe beti. Esnea ez da ezinbestekoa, ez esnea eta ez beste edozein elikagai. Halan da be, herrialde askotan (baita Euskal Herrian be) esnearen eta esnekien inguruan dabilen kultureak esnea neurriz kontsumidutea bidezkotzat joten dau, dieta orekatu osasuntsu baten mugetan. Jakina, elikagai honen nutrizino-propiedadeak ukaezinak dira.
Historian atzera
Orain 9.000 urte edo gehiago, umeak titia hartzeari ixten eutsonean, ez eban beste esnerik hartzen; ondorioz, heldu ahala laktosea (esnearen azukerea) digeriduteko behar dan entzimea (laktasa) produziduteko gaitasuna galtzen eban, horren beharrizanik ez eukalako. Baina orain 9.000-8.000 urte, gizakiak abereak sartu zituan etxean eta eskura eukan esnea; kontuak kontu, abantaila bihurtu zan elikagai hori digeriduteko gaitasuna. Beraz, mutazinoren bati esker esnea digeriduteko ahalmena ebenen alde egin eban eboluzinoak. Baina erraza da laktosea digeriduteko ahalmenik ez daben personak topetea. Sintoma arruntenak tripako mina, gasak, botagurea eta beheranzkoa dira.
Edozelan be, laktosea metabolizetako ahalmenean, alde handia dago populazino-talde batzuetatik besteetara. Berbarako, Asiako leku gehienetan ez da ganadua hazteko ohiturarik egon, eta hango biztanle gehienek ezin dabe esnerik hartu laktosea digeriduteko gai ez diralako. Europarren arbasoek, barriz, ganadua hazten eben, eta egungo Europan oso gitxik dabe laktoseagazko intolerantzia.
2002an, Finlandiako persona helduei laktosea metabolizetako gaitasuna emoten deutsen mutazinoa identifikau eben ikertzaile batzuek. Laktasearen produkzinoagaz lotutako gene batean dago mutazinoa. Ikertzaileak harrituta gelditu ziran ikustean mutazinoa ez dala hain ohikoa esnea edaten daben Europaren hego-ekialdeko biztanleen artean, ezta Ekialde Hurbileko eta Afrikako artzain-herrietan be. Dudak argitzeko, hau da, laktoseagazko tolerantzia herri horreetan beste era batera garatu ete dan jakiteko, azterketa genetiko bat egin dabe AEBetako Maryland Unibersidadeko ikertzaileek. Kenya, Tanzania eta Sudango 43 herri edo taldetako 110 persona ikertu ditue. Beren DNA aztertu eta laktoseagazko tolerantzia neurtu deutse. Emoitzea: laktosea digeriduteko ahalmena emoten daben beste hiru mutazino topau ditue. Gainera, ikertzaileek ikusi dabe mutazino horreetako bat, arruntena, orain 3.000-7000 urte sortu zala. Aztarnen arabera, inguru haretan orain 8.000 bat urte etxekotu eben ganadua, eta orain frogatu dabe oso azkar zabaldu zala. Beraz, laktoseagazko tolerantzia bide batetik baino gehiagotatik garatu dala argitu dabe. Ikertzaileen esanean, kultureak genoman dauen eraginaren adibide adierazgarri eta dotorea da aldaera horreek egotea.
Esnea gehiegizko mukosidadearen eragile?
Behi-esnea kontsumidutea eta gehiegizko mukosidadeagaz edota umeen asmeagaz lotzea eztabaidagai da egun. 2005ean Journal of the American College of Nutrition izenekoan argitaraturiko azterlan baten arabera, esnea edo esnekiak kontsumidu ondoren mukosidadea ugaltzen dauen mekanismoa zein dan azaltzeko froga sendorik ez dago.
Ikerlan batzuetan, esnea eta esnekiak hartu eta gehiegizko mukosidadea hori personen sugestino prozesu bategaz lotzen dabe adituek. Hainbat azterlanetan egiaztatu danez, esnearen eta mukosidadea ugaltzearen arteko loturan bete-betean sinistuten daben personek arnasketa-sintoma gehiago izaten dabe.
Beste arazo batzuk
Esnea kontsumidutea eta hainbat patologia (prostata, obario eta bular minbiziak, besteak beste) garatzea buztartuz egindako ikerketak ugari bezain polemikoak dira. Ikerlan batzuek prostatako minbiziaren garapena eta esneki gehiegi kontsumidutea lotzen ditue; beste batzuek, barriz, organismoan kaltzio larregi egoteak prostatako minbizia eragin leikela dinoe, mineral horren jatorri dietetikoa (esne, esneki edo kaltzio ugariko bestelako elikagaietatik heldu dan, hain zuzen) gorabehera. Polemikak bere horretan dirau eta espezialistak kontu batean ipini dira ados: arazo horreek konpontzen lagunduko badabe, azterlan gehiago egin behar dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!