Australia

Joseba Terreros 2009-01-16 14:26   Zinema kritikak

Ez dago esan beharrik Australia maitasun sutsu baten istorioa dana; filmaren kartelari begiratu bat emon eta segiduan dakigu bi protagonista nagusiak alkarregaz maiteminduko dirana.

- Zuzendaria: Baz Luhrmann.
- Herrialdeak: AEB eta Australia.
- Iraupena: 155 minutu.
- Antzezleak: Nicole Kidman (lady Sarah Ashley), Hugh Jackman (Drover), David Wenham (Neil Fletcher), Bryan Brown (King Carney), Jack Thompson (Kipling Flynn), David Gulpilil (rey George), Brandon Walters (Nullah).
- Gidoia: Baz Luhrmann, Stuart Beattie, Ronald Harwood eta Richard Flanagan.
- Musikea: David Hirschfelder.
- Argazkia: Mandy Walker.
- Muntaia: Dody Dorn eta Michael McCusker.
- Diseinua: Catherine Martin.
- Jantziak: Catherine Martin.

Senarra ez dala leiala pentsauta, Sarah Ashley-k (Nicole Kidman) ibilbide ikaragarria egingo dau, gizonaren haragizko gurariak kontroletearren. Behin jomugara helduta, guztiz erratuta dagoala konturatuko da, senarra hilda dagoalako. Horrek kinatuta, errantxoaz arduratu eta hildakoaren ganadua lekualdatzea erabagiko dau, Drover cowboy gogor baizen fidelaren laguntzaz.

Ez dago esan beharrik Australia maitasun sutsu baten istorioa dana; filmaren kartelari begiratu bat emon eta segiduan dakigu bi protagonista nagusiak alkarregaz maiteminduko dirana.

Kontua da ildo honetako istorio bat kontetako hainbesteko metrajerik beharrezkoa ete zan aztertzea. Pelikuleak zati nagusi bi daukaz. Zine epikoak bete beharreko ezaugarriei jarraitzen badeutsegu, lehenengoa nahiko ona dala esan leiteke. Egia da zine mueta honen topiko guztiak agiri dirala, baina maila tekniko nahiz artistikoa ondo landuta dago. Eta halango baten filma amaitu behar dala emoten dau, baina, ez. Zoritxarrez aurrera egiten dau eta dan-dana askoz be errazago aurreikus daiteke; zati honetan guzti-guztia gazbako eta motel azaltzen jaku, ezelango bizitasun barik.

Umore, drama, erromantizismo, ekintza eta epika dosi handiak eskaini gura izan deuskuez, baina gidoi eta alkarrizketa epelak, topiko eta estereotipo lar eta neurriz kanpo puztutako gorabehera eta pasadizoak agertzen jakuz. Gehiegizkoa da zentzu guztietan, eta benetako klasiko bikainen handitasunetik asago dabil. Gogaitu ez, baina desilusino eta abrozimentu kutsua sortu eragiten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu