Antonio Zavala (1928-2009)
2009-01-12 17:45 Euskerea berbagaiUrtarrilaren bian hil da, larogeita bat urte egin aurretxoan, Antonio Zavala josulaguna. Heriotzak herri literaturako euskal beharginik handienetariko bat eroan deuskula badinogu, ez deutsagu egiari zor jakon duintasuna emoten. Handienetariko bat esatea, kasu honetan, injustizia txiki bat dala deretxat, inoiz euki dogun beharginik handiena eta nekagatxena dalako Antonio Zavala.
Urte barri, asmo barri da euskal esaera zaharra. Eta halantxe da: hasiereak asmo barriz eta esperantza ederrez jantzi ohi gaitu. Urte barri honek, ostera, onik onenean, bere lehen pausu zalantzatietan, bere arpegirik tristeena erakutsi deusku euskaltzaleoi. Heriotzaren kolpe zorrotzak zarrada handia eragin deusku oraingoan be. Urtarrilaren bian hil da, larogeita bat urte egin aurretxoan, Antonio Zavala josulaguna. Heriotzak herri literaturako euskal beharginik handienetariko bat eroan deuskula badinogu, ez deutsagu egiari zor jakon duintasuna emoten. Handienetariko bat esatea, kasu honetan, injustizia txiki bat dala deretxat, inoiz euki dogun beharginik handiena eta nekagatxena dalako Antonio Zavala. Behargin eta biltzailerik handiena Azkue eta Barandiaranegaz batera.
Xabierrera hurreratu ginan euskaltzale eta auspoazaleak bilera triste baizen itxi ezina genduan: Auspoa jaio eta egosi zan leku sinbolikora ginoazan. Behin Naparroako lurretan sartu ezkero, Pirinioetako mendi gora edurtuak agur egin eta zelan ez akordau harako Mendiak bete elurrez, begitarteak nigarrez kanteagaz? Mendi edurtu eta edertuak, tantai biziak balira legez, harrera egiten euskuela begitantzen jatan, zeru oskarbian Xabierreko gazteluak, anfitrio luxuzko baten antzera, ondo etorria egiten euskun moduan.
Zelan ez erreparatu hiletan euskerazko kanten ozentasunak gure sentimentuak hobeto biltzen eta zorrozten zituela erderazko kantetakoak baino? Euskaldunen bilera bihoztia zan batez be. Lagun handi bati egindako agur sentidua. Eta lagun eta adiskidea modu batera baino gehiagotara izan leiteke, tratu pertsonalez zein liburu bidezko hartu-emonez. Lagun eta adiskide egiten garealako, neurri handi baten, gure bihotzean sartzen diren liburuak idazten dituen autoreagaz. Eta liburuaren ganean berba egin ezkero, zein omenaldi hunkigarriagorik gazteluaren ondoko kaperan, zein eleizan, hiletan bertan, zerraldoaren ganean Auspoa ko liburu liburu bat ixtea, Txirritari eskeinitako harako Ustu ezin zan ganbara gogoragarria. Eta Auspoa ko liburu enblematiko bat ganerako guztien erakusgarri eta sinbolo bada, Ustu ezin zan ganbara dalakoa, oraingoan, Txirritaren ganbara ezeze, bizitza oso baten hirurehun liburu baino gehiagogaz hustu ez danaren sinbolo be badalako…
Jaiotza eta heriotza datak marra txiki bategaz bereiztu ohi ditugu. Jaiotzako urtea baino lehen parentesia zabaldu ohi dogu, gero heriotza dataren ondoan zarratzeko. Parentesi biak ia-ia zirkulu baten zatiak dira: biribiltasun baten irudia egin ohi dabe. Bizitza bi daten arteko marratxo horrek irudikatuten dau. Antonio Zavalaren kasuan marratxo horretan euskerazko liburu-sailik ederrena sartzen dala deretxat: Auspoa osoa eta hogeta hamar tituluko erdal-sail oparo bat be bai. Baina marratxo horretan lana ezeze, berak hain maite zituan hainbat mendi-ibilaldi eder be badagoz; marratxo horretan, zelan ez, milaka eta milaka autu edo alkarrizketa zoragarri be badagozke. Euskal lekukorik edo euskal berbaldunik ederrenekaz berba egiteko subertea euki eban, mende erdian baino gehiagoan. Hurretik hurrera ezagutu zituan Mikela Elizegi, Pello Errotaren alabea, Ataño, Iñaki Alkain, Xalbador, Mattin, Uztapide eta beste hainbat eta hainbat euskal artista handi. Euskal baserrietako sutondoetan zenbat autu goxo entzun ete ditu? Zenbat milaka bertso eder entzun, ausnartu, gozatu eta haragitu ete ditu bere barri-emaileen ahotik? Biologo batek, doan lekura doala, landare eta arbolei erreparatu eta aztertzen ditu. Antonio Zavalak be, oralista edo herri literaturazalea zan ezkero, ahozko jarduna eban atsegin. Euskeraz zein erderaz jente edadetuagana hurreratu eta ipuin, gertaera, kanta zahar, elezahar eta istorioak entzutea maite eban.
Denporearen joanak justizia egin ohi dau, askotan. Antonioren lanari, askok –bere hasieran eta gerora be– lasto zimel eta ezereztzat euki arren, urregorriaren diztira eta balioa emon deutsa. Mitxelenak Azkue handiaren ganean idatzitako berbak ondo baino hobeto datoz Antonio Zavalarentzat be: 'Azkueren bizitza (urtez eta lanez ugaria) bukatu zenean, uzta aberatsa utzi zigun bildurik. Inguruko gehienek ondasuk ustelkorrak pilatzen saiatzen ziren bitartean, besterik bildu zuen berak: sitsak jo eta herdoiak jaten ez dituen aberastasunak, zabarkeriak ordea eta nagitasunak ezerez hutsean galtzen eta suntsitzen dituenak. Herri baten arnasa eta izate mamitua den ondadea bildu eta jaso zuen: bere eta gure herriarena, hain zuzen ere'. Orixek Euskaldunak liburuaren sarrerean dinoen herri baten arnasa inork mamitu badau bere lanez, Antonio Zavalak egin dau. Herri baten arnasa, ahozko literatura eta, neurri handi baten, etnografia be bai. Bere idatzien akabuan hain sarriro jarri ohi zituan A. Z. maiuskulak, alfabetoaren hasiera eta amaierak hain subertez be, herri literaturaren alfa eta omega be badira.
Esan ohi da hizkuntza ederreko lekuko on bat hilten danean, bere memoria handian kontu, bertso eta gertaera harrobi baten jaube dan gizon zein emakume zahar bat hilten danean, biblioteka bat galdu edo erreten dala. Esaldi ezagun hau Hampaté Bà dalakoak idatzi ei eban: In Africa, every time an old man dies, a library burns down. Nik ez dakit nok idatzi eban esaldi hori, baten baino gehiagoren ahotan jarten dalako. Antonio Zavala hil danean alderantzira jazo da, biblioteka eder bat itxi deusku. Inongo suk ez hondamendik galduko ez dauan biblioteka zoragarri bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!