Pakea Bizkaia Cascaisera (Portugal) helduko da barikuan
2008-12-29 17:08 Euskaldunak munduanUnai Basurkok (Pakea Bizkaia) etxerako bidean jarraitzen dau, Kanariar Irlen parean, hurrengo barikuan, urtarrilak 2, Cascais herri portugaldarrera heldu aurretik. Bertan pare bat egun egingo ditu, gasolinea hartu eta Bizkaiko Golkoari aurre egin ahal izateko deskantsau eta eguraldiaren iragarpenak aztertzeko.
Unai Basurkok (Pakea Bizkaia) etxerako bidean jarraitzen dau, Kanariar Irlen parean, hurrengo barikuan, urtarrilak 2, Cascais herri portugaldarrera heldu aurretik. Bertan pare bat egun egingo ditu, gasolinea hartu eta Bizkaiko Golkoari aurre egin ahal izateko deskantsau eta eguraldiaren iragarpenak aztertzeko. Egunotan ingurualde hori oso gogorra izaten da eta Pakea Bizkaia kaltetuta dagoanez, Basurkok iragarpen onak behar ditu nabigatzen jarraitzeko.
Bien bitartean, Vendée Globek (Munduari bira belaz bakarka, eskalarik eta kanpoko laguntzarik barik) lehiakideei arazoak emoten jarraitzen dau. Azkeneko egunetan, hiru izan dira ontzietan arazoak euki dituen skipperrak. Sébastien Jossek (BT) gaur goizean bertan adierazo dau estropadea bertan behera ixten dauela. Pasa dan barikuan, denborale batean egoala, olatu gogor batek bere ontzia 110 gradutan etzan eta lema apurtu eutson. Arazoaren diagnostikoa egiteko leku lasai batera abiatu ondoren,Jossek holan ezin izango dauela jarraitu eta lehiaketea bertan behera itxi beharko dauela adierazo dau. 'Itsasoan konpondu neike matxura hau, baina Pazifiko itsasoa eta Hornos Lurmuturra aurrean dodaz eta ez dot uste ideia ona danik estropadan jarraitzea. Ez da erabagi atsegina. Jente asko dago proiektuan sartuta. Estropada hasiera ona egin genduan, baina elementu naturalak nire ontzia baino gogorragoak dira', esan dau Jossek.
Derek Hatfield (Algimouss Spirit Of Canada) kanadarra, bere aldetik, Hobarterantz (Tasmania) doa momentu honetan, 6 korapiloko abiadureagaz, mastako gurutzetan haustura bat izan ondoren.
Beste alde batetik, Marc Guillemotek (Safran) arazoak izan ditu bela nagusiko organ, femurra apurtu eban Yann Elièsi (Generali) laguntzino sikologikoa emon ostean. Auckland irletan konpondu behar izan dau bere ontzia eta estropadan jarraitzen dau.
Yann Eliès (Generali), Australian dago oraindino eta etzi, abenduak 31, aberriratuko dabe. Bere ontzia, barriz, Generali, itsasoan galduta dago baina Eliesen talde teknikoak ontzia dagoan lekura heldu eta belaontzia berreskuratzeko asmoa dauka.
Estropadea hasi zanetik 50 egun igaro diranean, eta Les Sables d´Olonnera heltzeko 10.000 milia eskas falta diranean, 17 dira Vendée Globen jarraitzen daben nabigatzaileak, baina Derek Hatfielden (Algimouss Spirit Of Canada) egoerea dala eta, 16 izan daitekez gaur bertan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!