Belaren familia handia Pakea Bizkaiagaz bat eginik

Bizkaie! 2008-12-15 11:48   Euskaldunak munduan

Unai Basurkok (Pakea Bizkaia), barriz, Ipar Hemisferiorantz nabigatzen jarraitzen dau funtzionetan jarraitzen dauen lema bakarragaz, Ekuatoretik oso hur dago eta, ezustekorik ezean, 2009ko urtarrilaren 4-6rako edo heldu daiteke Getxora.

Bela kirolean, proiektu internazional desbardinen arteko giro eta lotura ona Pakea Bizkaia proiektuari buruz mundu honegaz hartu-emonetan dagozan lagunek esandako berbetan nabaritzen da. Unai Basurkok (Pakea Bizkaia) Vendée Globe munduko bela ozeanikoan garrantzitsuena dan estropadan parte hartu izana arrakasta handia dala adierazo eta bidebatez nabigatzaile euskalduna animau gura izan dabe, abenturea bertan behera itxi behar izan ostean, momentu txarrak pasau ditualako.

Telefonica (Volvo Ocean Rice) edo Desafio Español (Copa America) lako bela proiektu garrantzitsuetatik, Pakea Bizkaia proiektuak lortu dauena nabarmendu dabe. Iker Martinezek (Telefonica Azuleko patroia), 2008-2009 Volvo Ocean Racen nabigatzen ari dan kirolariak ondoko berbakaz balorau dau Unairen parte hartzea Vendée Globen: 'Nabigatzaile batentzat, Unairi pasau jakona itsasoan pasau daitekezanen artean txarrena da, jazotakoa jazo ondoren nabigatzen jarraitzen badozu, ez zagoz onena egiten, eta bueltetan bazara, beti jarraitu behar izan zenduala irudituko jatzu, baina Unaik erabagi egokia hartu dau. Inork ez dau berak bezain ondo bere ontzia ezagutzen, Indiar edo eta Pazifiko ozeanoan nabigau izan dauenak, badaki ezin dala abenturearen bila joan, ondo dagoan ontzi bategaz gatxa izaten da, beraz ezin da ontzia % 100era euki barik nabigau'.

Silvia Puglisik, Iberdrolako Publizidade eta Irudi Gerenteak, (Iberdrola Desafio Españoleko babesle nagusia da) bela proiektuetan babesle bezela lortzen diran efektuak balorau ditu. 'Marka bakotxak, dauen posizionamendua kontuan hartuz, interesgarria topau leike bela mundura hurreratzea, ala ez, komunikazino estrategia jarraitu behar dau, jakina. Baina duda barik, bela, eta Vendée Globe lako oihartzuna dauen ekitaldi batek, ez dau oihartzun mediatikoa bakarrik eskaintzen, baizik eta baita atzean dagozan markek proiektuak irudikatzen dituan baloreak nabarmendu be, eta Pakea Bizkaiaren kasuan, esfortzua, abenturea, adorea, internazionalidadea... dira nagusi. Baloreakazko lotura honek, marka desbardinak eta ondo kokatuak eregiten laguntzen dau. Estropadea abiatzen dan egunean, miloetako audientziak izaten dira. Frantzia, Ingalaterra, Holanda, Alemania edo AEB lako herrietan, bela kirol ezaguna da eta milaka persona erakarten ditu, beraz, urtekeran egotea... asko da, eta gainera irudi ona emonaz bada, 30 patroien artean, Unai Basurkok urteera marrea lehenengo postuan zeharkatuz lortu eban legez, hori sekulakoa da. Hemendik, Unai eta bere atzean dagoan talde guztia zoriondu nahiko neuke, 'han' egotea lortu izanagaitik, munduko bela proiektu onenen artean, esfortzu handiagaz, adore eta ilusino handiagaz'.

Rafael Munilla Euskal Bela Federazinoko presidenteak be poza azaldu dau: 'kanpoko laguntzinoa galarazoten dauen eta arau gogorrak dituan estropadan parte hartu dauen kirolari handi bat da Unai. Estropada hau, kirol lehiaketa bat da eta subertea erabagiorra da. Unaik parte hartuz bakarrik lortu dauena oso garrantzitsua da, upealako aurrerakuntzea eta irudi positiboa da belaren familia handiarentzat. Guztiok animau nahi dogu konfidantzea emoteko'.

Barcelona World Race (Munduari bira eskalarik barik binaka), Espainian egoitza finkoa dauen nazinoarteko estropada garrantzitsuenetik be Unairen egitadea balorau dabe. 2007ko abenduan Bartzelonatik abiatu zan estropadea eta hurrengo 2010an barriro egingo da. Toni Guiuk (estropadako Zuzendari Teknikoa) bere eretxia emon dau: 'Vendée Globe bela ozeaniarraren Everesta da, eta arrakasta handia da urteeran egotea. Unai urteera lerroan egotea, niretzat harrotasun bat da. Ozeaniar nabigazinoa arrisku handiko abenturea da, batez be, materialengaitik... Ezin da beti Everesten tontorrera heldu. Abenturea ez da hemen amaitzen, datozen proiektuei begiratu behar jake, Barcelona World Race edo hurrengo Vendée Globe estropadeari.'

Beste alde batetik, bela munduan sano garrantzitsua dan Quantum Europe Manufacturing enpresako Toni Tiók (Presidente exekutiboa) ondokoa adierazo dau: 'mendiak eta belak badaukie zerikusia. Limitean jarten ditue gorputza, burua eta materialak. Zortzi milako mendi bat ez lortzea hori baino ez da, ez lortzea. Loïck Peyronek mastaeta Unai Basurkok lemaren kaxa apurtzea, hori baino ez da. Orain lehorreratu eta zer pasau dan ikusi behar da. Unairi esker gehiago dakigu gaur egun eregiten doguzan mintzetaz. Australiatik Euskadira nabigatzea, munduari bira eskalakaz emotea (Velux Five Oceans) eta dana ontzi berberagaz egitea nabarmentzekoa da. Froga horreek ezagututa, parte-hartzea bera lorpen handia dala esan daiteke. Unai eta bere Pakea Bizkaia mintzen industriarako oso garrantzitsuak dira eta Vendée Globeko urteeran egotearen esfortzu handia eskertzen deutsegu'.

Bien bitartean, Bitartean, Vendée Globek bere gogortasuna erakusten jarraitzen dau. Lehiaketako bi skipper suitzarrek, Dominique Wavre (Tememos II) eta Bernard Stamm (Cheminees Poujoulat), Kerguelen irletara jo behar izan dabe asteburu honetan. Wavrek ontziko gilan haustura bat izan ebala ikusi ondoren irletarantz abiatu zan bertan lemetan arazoakaz joian Bernard Stammi itxaroteko. Kondizio meteorologiko gogorretan heldu zan Stamm irletara eta bertan zodiak baten, Dominique Wavreren eta TAFFeko (Frantziaren lurralde austral eta antartikoak) talde baten laguntzinoa jaso behar izan eban. Ezin izan eben ezer egin eta Stammen ontziak hatxak jo zituan. Lan delikatu baten ostean, gaur goizean atara ahal izan dabe suitzarraren ontzia hondotik.

Giro honetan, Jean-Baptiste Dejeantyk (Maisonneuve) bere ontzian arazo tekniko ugari dituala jakinarazo dau. Ganera, ez da ahaztu behar, masta apurtu ostean, Loick Peyronek be estropadeari agur esateko erabagia hartu leikela laster.

Unai Basurkok, barriz, Ipar Hemisferiorantz nabigatzen jarraitzen dau funtzionetan jarraitzen dauen lema bakarragaz, Ekuatoretik oso hur dago eta, ezustekorik ezean, 2009ko urtarrilaren 4-6rako edo heldu daiteke Getxora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu