Unai Basurkok Ekuatorea zeharkatu dau
2008-11-25 09:57 Euskaldunak munduanBizkaitarraren hurrengo helburua Dee Caffari (Aviva) eta Arnaud Boissières (Akena Verandas) atrapetea izango da, bere aurretik, gitxi gorabehera ehun miliatara dagozan ontziak.
Ekuatore inguruko barealdiak beste parte-hartzaileek baino ekialdeagora pasetako hartutako erabagiaren arrakastearen ondoren, Unai basurkoren Pakea Bizkaiak bart zeharkatu dau 0 paraleloa.
Ia hiru egun eta 300 milia ondoren, Unai Basurkok atzean itxi dau Ekuatore inguruko barealdietako inguru gatxa. Ipar eta hego hemisferioetako haize burruken arabera posizino eta
neurri desbardina hartzen dauen ingurualdea.
'Inguru hau oso gatxa izan da, euri asko egin dau eta haize aldakorrak eta olatu deserosoak izan dodaz; horren ondorioz, maniobra asko egin behar izan dodaz' azaldu dau Basurkok.
Unai hegoaldeko haize alisioakaz ari da nabigatzen momentu honetan, eta honi esker deskantsau, indarrak barritu eta estropadan kontzentrau ahal izango da Vendée Globen milia
gehiago egiten jarraitzeko.
Bizkaitarraren hurrengo helburua Dee Caffari (Aviva) eta Arnaud Boissières (Akena Verandas) atrapetea izango da, bere aurretik, gitxi gorabehera ehun miliatara dagozan ontziak.
'Azken egunotako taktika berbera jarraituko dot, besteak baino Ekialdeagora joanez Buena Esperanza lurmuturrera heldu arte' aurreratu dau Unai Basurkok.
Pakea Bizkaiak ezelako arazo barik jarraitzen dau. Generadore eolikoa eta eguzki plakak errendimendu handiz funtzionetan dagoz Ekuatore aldean dagoan eguzki eta argiari esker.
Bien bitartean, estropada buruan, Loïck Peyronek (Gitana Eighty) jarraitzen dau baina oso hur ditu Sébastien Josse (BT) eta Jean-Pierre Dick (Paprecovirbac 2). Mike Golding (Ecover 3) britainiarra, barriz, sailkapenean etenbarik postuak igoten ari da, eta aste honetan bertan buruan dagozan hiruretako bat bilakatu daiteke.
Albiste baltzen artean, Jérémie Beyou (Delta Dore) Salvador de Bahiarantz (Brasil) doa, 700 miliatara dago, azken orduetan apurtu jakon ontziko gurutzeta bat konpondu ahal izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!