The women

Joseba Terreros 2008-11-14 12:24   Zinema kritikak

Azken batean, honako hau hutsik dagoen produktu industrial bat besterik ez da, etekin ederrak emon zituan Sex and the city-ren ildokoa, baina ha baizen hutsal eta azalekoa.

- Zuzendaria: Diane English.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 114 minutu.
- Antzezleak: Meg Ryan (Mary Haines), Eva Mendes (Crystal Allen), Annette Bening (Sylvia Fowler), Debra Messing (Edie Cohen), Jada Pinkett Smith (Alex Fisher), Carrie Fisher (Bailey Smith), Cloris Leachman (Maggie), Candice Bergen (Catherine Frazier), India Ennenga (Molly Haines), Joanna Gleason (Barbara Delacorte), Bette Midler (Leah Miller).
- Gidoia: Dianne English; Clare Boothe Luce-ren lanean eta Anita Loos nahiz Jane Murfin-en gidoian oinarrituta.
- Musikea: Mark Isham.
- Argazkia: Anastas N. Michos.
- Muntaia: Tia Nolan.
- Diseinua: Jane Musky.
- Jantziak: John A. Dunn.

Egia esan, filmean agertzen diran basoen kolore ikusgarriak gorabehera, ez dakit zer gehiago aitatu geinken The women-en inguruan. Ikutu erromantikoak daukazan eta andrazkoentzat pentsautako maitasun komedia lez aurkeztu deuskue, baina pelikula gogaikarria da, gazbakoa, arbina sortu eragiten dauen horreetarikoa. Hori bai, udagoiena irudikatzeko egindako beharra txalotzekoa da.

Gidoiak ez dauka ez gatzik ez piperrik. Motela eta geldoa da, plastikozkoa, eta komedia lan bat egiten ahalegindu diran arren, ez dauka bape graziarik. Metrajearen lehenengo zatia gaindituta, guztiz galtzen dau erritmoa.

Era berean, luze eta zabal berba egin leiteke istorioak zabaltzen dituan mezu ideologoen ganean; izan be, kirurgia estetikoaren, botoxaren eta neurribako luxuaren aldeko apologia merkea egin dabe. Filmean agertzen diran emakumeak ez dira ezer be erosketak egiten ez badoaz New Yorkeko dendarik karuenera. Hori bai mezu aurrerakoia!

Bestalde, Meg Ryan-en antzezpen lana behartuegia da; igarri-igarrian dago berak be ez dauena sinisten filmean emon deutsien rol epelean. Eskerrak Annette Bening-ek hobeto beteten dauena emakume arin, kaskarin eta friboloaren zeregina.

Azken batean, honako hau hutsik dagoen produktu industrial bat besterik ez da, etekin ederrak emon zituan Sex and the city-ren ildokoa, baina ha baizen hutsal eta azalekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu