Happy-go-lucky

Joseba Terreros 2008-10-31 15:54   Zinema kritikak

Hau zoriontasuna lortzeko zailtasun eta erraztasunen ganean berba egiten dauen ipuin sinisgatx bat besterik ez da. Pelikulearen kutsu positibo eta barregarria behin eta barriz agiri da, ikusleak abrozidu eta gogaitzeraino.

- Zuzendari eta gidoilaria:Mike Leigh.
- Herrialdea:Erresuma Batua.
- Iraupena:118 minutu.
- Antzezleak:Sally Hawkins (Poppy), Alexis Zegerman (Zoe), Andrea Riseborough (Dawn), Samuel Roukin (Tim), Sinéad Matthews (Alice), Kate O'Flynn (Suzy), Sarah Niles (Tash), Eddie Marsan (Scott), Sylvestra Le Touzel (Heather), Nonso Anozie (Ezra), Jack MacGeachin (Nick).
- Musikea: Gary Yershon.
- Argazkia:Dick Pope.
- Muntaia:Jim Clark.
- Diseinua:Mark Tildesley.
- Jantziak:Jacqueline Durran.

Film hau komedia arin eta laino batetik harago doan kontakizun legez aurkeztu euskuen. Egia esan, Happy-go-lucky honetan Poppy izeneko protagonistea topauko dogu, hogeita hamar bat urteko neska ezkonbako, alai eta baikorra, lehen hezkuntzan daukazan ikasleen poztasun beragaz bizi dana. Ez dago arpegiko irribarrea kenduko deutson zoritxarrik, ez kontu txarrik; ezerk ez deutso enpagurik emoten eta gauza guzti-guztiei demaseko baikortasunez ekiten deutse. Berba egiterakoan, edozein egoera deseroso arintzen dauen aitamen irrigarria entzungo deutsagu edo pertsona 'heldu' eta 'arduratsuak' nahastau edo haserratzeko moduko iruzkin gatzdunak.

Filman egindako beharra dala eta, Berlingo zinemaldian Zilarrezko Hartza emon eutsien Sally Hawkins-i; beharbada epaimahaikideek gidoiak neurriz kanpo ezarritako demaseko histrionismoa saritu gura izan eben. Izan be, pelikulearen kutsu positibo eta barregarria behin eta barriz agiri da, ikusleak abrozidu eta gogaitzeraino. Egia da zuzendariak momentu batzuetan tramea orekatzen ahalegintzen dana kontu serio eta errealistagoakaz, baina… ez dot uste lortzen dauenik.

Azken batean, honako hau zoriontasuna lortzeko zailtasun eta erraztasunen ganean berba egiten dauen ipuin sinisgatx bat besterik ez da. Ikusle bakotxak gura dauen ondorioa atarako dau, baina hain da baikor eta alaia, hain da jator eta bikaina, ze…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu