Unai Basurko: 'barkuagaz batera eboluzionau dot'

Koldo Isusi Zuazo 2008-10-27 13:27   Euskaldunak munduan

Bakarka eta geldialdirik barik, Vendee Globe estropada ospetsuan munduari itzulia emongo deutson itsas-gizon bizkaitarra

Unai Basurko Portugaleteko itsasgizona Les Sabbles d’Olonneko portuan dago honezkero, izan be, zemendiaren 9an hasiko da bertan, Vendée Globe, munduari itzulia, eskala edo geldialdirik barik eta bakarka. Bizkaitarrak Open 60 Pakea Bizkaia belaontziagaz parte hartukod au eta beragaz batera, urtekera puntuan beste 30 belaontzi izango dira. Ezustekorik ezean, lau bat hilebete beharko ditu ibilbide osoa egiteko.

Hona hemen, Les sables d’Olonnerantza urtetako bezperan Unai Basurkok kontau deuskuzanak:


1.- Animo aldetik zelan zagoz? Egunotan zer pasetan da zure burutik? Datozen lau hileotan ikusiko ez dozuzan hurreko guztiak agurtu dozuz?

Animo aldetik, ondo nago, topera, hasteko gogoz. Intensidade handiko egunak dira honeek, di-da pasetan diran egunak; egunotan beharragaz ganezka gabilz ze gero eta gitxiago falta da Vendée Globe hasteko eta ez dogu ezer ahaztu gura. Les Sables d’Olonnen hiru aste egingo doguz eta dana beharko dogu azken preparazinoetan ezerk huts egin ez daien. Horrezaz gan, komunikabideei be atendidu behar deutsegu.

Bien bitartean, geure martxan gabilz, entrenetan, barkua preparetan, gero Vendée Globen erreko dodazan kaloriak gorputzean sartzen…

Despediden kontura, holako despedida ofizialak eta ez jataz lar gustetan baina egia da apur bat berezia dala oraingo abentura hau ze lau bat hilebete egingo dadaz barkuan.


2.- Itsas-miliak kontuan hartuta, hiru bat buelta emon deutsoz munduari Pakea Bizkaiak. Zelako eboluzinoa izan dozue bai barkuak eta bai zeuk?

Pakea Bizkaiaren eboluzinoa beste barkuen antzekoa izan da. Barkuak ideia batzukaz sortzen edo jaioten dira eta esperientziaren eta praktikearen ondoren, hobetzeko moduak ikusten dozuz. Egungo Pakea Bizkaia hasierakoa baino seguruagoa da, azkarragoa, elektronika barria dauka, komunikazino sistema hobea dauka, 27 metroko masta nagusiari eusten deutsen tensore eta sokateria guztia barria da. Itxura aldetik be diferentea da, orain baltza da, ederra.

Nik neuk be, barkuagaz batera eboluzionau dot. Orain hasieran baino gehiago dakit, barkuagazko buztarketea osoagoa da, erosoago nabil, seguruago…


3.- Vendée Globen zein izango da zure ustez, zatirik gogorrena? Zergaitik?

Gogorrena lehenengo astea izango da ze aurreko egunak tensino handikoak izan dira eta pentsaizu, gitxieneko aklimatazinoa beharrezkoa da, barkua behar dan moduan probauta dago baina estropadan bete betean sartzen zaranean, orduantxe hasten da barkuaren eta itsasgizonaren arteko ‘akoplamentua’. Beraz, lehenengo egun horreetan sano garrantzitsua da eguraldia alde izatea, arazo gehigarririk ez izateko. Dakizunez, Five Oceans estropadan baldintza oso gogorrak izan genduzan hasieran eta gauzak aldatz gora jarri daitekez holakoetan. Zorionez, arazoak eta ezbeharrak konpondu eta aurrera egiteko modua izan genduan.

Hasiera hori erabagiorra izan daiteke, estropadea markau leikena eta hortik aurrera Buena Esperanzatik Hornosera bitartean, Pazifiko eta Indiko itsasoetan, hegoaldeko nabegazinoa nahiko gogorra izaten da; paraje horreetan itsasoa nahikoa hasarre egoten da ia beti, haize bolada gogorrak dagoz eta hurren dozun lurretik oso urrun zagoz.


4.- Preparazino físiko zehatza egin dozu azken aldion baina alde fisikoa ez eze, alde sikologikoa landu dozu?

Alde fisikoak ez deust aparteko burukominik eragiten. Ondo nago eta alde sikologikoari jagokoez, gogotsu nago, estropada hau amesa da niretzako eta parte hartzeko gogo handia daukat. Jakina, badakit egun txarrak be izango dodazala, barkuan zehar ia lau hankatan ibiltera behartuko naben haize boladak, txingorra, hotza, olatu erraldoiak baina ekatxaren ostean barealdia etorten da beti.


5.- Itsasoan ez dagoala birusik esan izan dozu baina, berbarako, hazur hausturaren bat edo beste izan ezkero, zelan jokatuko zeunke?

Bueno, haustura larri bat estropadea bertan behera ixteko arrazoia izan daiteke baina ondo hornidutako botikina daroagu eta golpe, zauri eta haustura txikiei aurre egiteko moduan gagoz eta, berbarako, okela zatiren bat josi behar izan ezkero, be horretarako preparauta gagoz. Holako egoeratan, telefono bidez medikuakaz bat egiteko modua be izaten da. Gogoratzen dot Vendée Globe batean, itsasgizon ingeles batek mina josi behar izan ebala ispiluaren aurrean.


6.- Five Oceans estropadan be larri ibili izan zinan. Holako egoera larri eta gogorretan pentsau izan dozu inoiz, ‘A zelako astakeria dan hemen bakarrik egotea eta holako egoereei aurre egin behar izatea’..

Ez. Hasieratik oso argi neukan nik gura dodan lekuan sartu nazala. Banekian oso gogorra izango zala. Egun gatx horreek ailegetan diranean, pentsetan dozun gauza bakarra gau txarra pasau eta hurrengo egunaren lehenego izpiakaz eguraldi ona etortea da. Baina ez dot sekula pentsau: 'zer egiten dot?', 'erratu egin naz', 'gurago dot etxean egon'. Ez. Hori ez.


7.- Lau hilebete egingo dozuz barkuan. Jatekoagaz eta uragaz zelan konponduko zara?

Edateko, itsasoko urari gatza kentzen deutson makina bat jarri dogu. Ordubetean, bost litro ur edangarri sortzen ditu eta, horri esker, egun bi bizi naiteke. Horrezaz ganera, eta estropadako arautegiak behartuta, 72 litro ur eroan behar doguz, badaezpadakoak, danok.

Jateko kontuez Aitor Elizegi sukaldari handia eta laguna arduratu da. Arrozean eta pastan oinarrituta, hainbat konbinazino egingo deustaz, egunero gauza bera jan behar ez izateko.

Urak eta jatekoak pisu handia daukie. Horregaitik, beti topau behar da emongo deutsuen onurearen eta barkuari ganeratzen jakon pisuaren arteko orekea.

Egun gogorretan, 7.000 kaloria inguru gastetan dira. Eta bero handia egiten dauen egunetan 3.000 inguru. Beraz, batazbeste, estropada-sasoian 5.500 kaloria inguru gastauko dodaz egunean. Horregaitik, ezinbestekoa da jatea.

Kontuan izan behar da ez daukagula hozkailurik eta, jatekoa egiteko, lapiko txikitxu bat baino ez daroagu, gas butanoagaz. Gas kontsumoa be mugatuta dago eta, batzuetan, gauez afaldutakoa hurrengo egunean armozetea toketan jatzu, arroza gauez, arroza goizean...

Hotz handia egiten dauen egunetan asko jatea ezinbestekoa da gorputzak ondo erantzuteko.


8.- Kontaiguzu Unai Basurkoren egun bat, egun lasai bat, barkuan.

Egunea egunsentiagaz batera hasten da. Egunsentia eguneko momenturik garrantzitsuenetarikoa da, haizeak egun horretan izango dauen ibilbidea hartzen dauelako eta momentu horretan indarrez aldatu leiteke, baita norabidez be. Horregaitik, ezinbestekoa da adi-adi egotea. Bestalde, arlo psikologikoari jagokonez, niri egunsentia asko gustetan jat, alaitasuna emoten deust.

Goiz partean, birritan armozetan dot, meteorologia aztertu, estropadan jarraituko dozun estrategia be bai, ekipoagaz eta familiagaz berba egin...

Eguerdian, bazkaldu, pasta edo arroza. Arratsaldean, nabigau, trankil. Eta iluntzean dator arlorik gatxena: gauerako preparazinoarena. Hau da, egunean lo nahikoa egin ostean, gauez ikusi ezingo dozuna gainbegiratu behar dozu eta etorriko danari aurrea hartzea oso garrantzitsua da, oinarrizkoa: haizeak norabidea aldatuko dauen ala ez jakin, egoera zehaz baten aurrean zer egin zeinken aurretik erabagi... Dana euki behar da preparauta gauerako.

Afaldu ostean, tarteka egiten dogu lo, badakizue, zatika.


9.- Irakurteko edo musikea entzuteko denpora librerik izaten dozu barkuan?

Egoerea trankil badago, bai. Liburuak eta musikea daroadaz eta musikeagaz asko disfrutetan dot, terapia legez erabilten dot, trankil egon gura dodanean kanta trankilakaz edota, bestela, kanta alaiakaz. Lo egin gura dodanean, musika klasikoa jarten dot. Luzaroan euripean egon eta eguzkiak urteten dauenean, rock´n´rolla.


10.- Pakea Bizkaia alkarteak Vendée Glove estropadearen urteerea ikusteko bidaia antolatu dau.

Bai, bidaia eta egonaldia antolatu ditu. Izan be, Vendée Globe estropadeak Frantziako Tourrak baino oihartzun gehiago dauka Frantzian. Sekulakoa da herri txiki batean miloe erdi lagun ikustea. Herri polita da eta estropadea barru-barrutik bizi dabe han. Horregaitik, jentea animau gura dot eta bertara joateko konbita egiten deutsiet. Horretarako, Getxoko Kirol Portuan Pakea Bizkaiak daukan bulegora jotea izango da onena.


11.- Jarraitzaileei zuzendutako mezuren bat bota gura dozu?

Momentu politetan disfruteteaz gan, gatxetan be disfrutetan jakin behar dala. Urtekeran egon ahal izatea, berez, polita da. Amaitzea... berba potoloegia da. Oso gatxa da Vendée Globe lako estropada bat amaitzea. Nik amaituko baneu, estadu mailan bigarrena izango nintzate, Jose Luis Ugarteren ondoren. Lehengoan lagun batzuk esaten eustien legez, herrialde gitxik daukie itsas-gizon bat Vendée Globe estropadan eta ohore handia da egon ahal izatea, hori baino ez. Parte hartzaileen % 30-40k amaituko ez dauela jakinda, bertan egotea, hori baino ez, ohorea da niretzat. Garrantzitsuena bertan egotea da eta Pakea Bizkaiagaz disfrutetea da helburua. Eta, zelan ez, amaitzen badot, datozala helmugara!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu