Los girasoles ciegos

Joseba Terreros 2008-10-10 15:53   Zinema kritikak

Los Girasoles Ciegos film ausarta da; frankismoaren bortizkeriaren eta zantarkeriari gai arantzatsuari gogor oratzen deutso, erregimenaren hipokresia eta krudelkeria salatu guran, baina, zoritxarrez, ez daki asmo onak mamitzen.

- Zuzendaria: José Luis Cuerda.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 98 minutu.
- Antzezleak: Maribel Verdú (Elena), Javier Cámara (Ricardo), Raúl Arévalo (Salvador), Roger Princep (Lorenzo), Irene Escolar (Elenita), Martín Rivas (Lalo), José Ángel Egido (erretorea).
- Gidoia: Rafael Azcona eta José Luis Cuerda, Alberto Méndezen nobelan oinarrituta.
- Musikea: Lucio Godoy.
- Argazkia: Hans Burmann.
- Muntaia: Nacho Ruiz Capillas.
- Zuzendaritza artistikoa: Balter Gallart.
- Jantziak: Sonia Grande.

Etxeko atea ixten dauen bakotxean, bere sekretuak ostentzen ditu Elenak. Gerra osteko zitalkeriari aurre egin eta, aldi berean, familiaren nondik norakoak gorde behar ditu jentearen aurrean, Lorenzo semearen laguntzaz. Baina, Elenita alaba gazteak etxetik egin dau iges Lalo senargaiagaz, poliziaren zerrenda baltzean dagoan mutilagaz, hatan be. Ricardo senarra, ostera, logelan egindako ezkutuko zulo batean bizi da, gordean.

Film hau gizakion sentimenturik ilunenen eta, batez be, kontzientziaren ganeko hausnarketa lantzat hartu daiteke. Dana dala, kontakizuna hasikeran nagituta-edo ikusten dogu, abian iminteko gogorik eukiko ez baleu lez. Egia da pelikulearen markoa ondo finkatu behar dana, baina, testuinguru hori hain ezaguna izanda, zertzelada batzuekaz, beharbada, nahikoa izango zan.

Hori bai, antzezleen jardunak bestelako hutsuneak estaltzen ditu. Arévalok, Verdúk eta Cámarak behar ona egin dabe eta horrek indarra, sendotasuna emoten deutso istorioari. Baina aktoreen lana bikaina izanda be, filmak unekada batzuetan indarge agiri da, makal eta aspergarri.

Los Girasoles Ciegos film ausarta da; frankismoaren bortizkeriaren eta zantarkeriari gai arantzatsuari gogor oratzen deutso, erregimenaren hipokresia eta krudelkeria salatu guran, baina, zoritxarrez, ez daki asmo onak mamitzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu