The Argentine

Joseba Terreros 2008-09-12 14:15   Zinema kritikak

Aurreko astean estreinau zan Cheren bizitzearen ganean egindako film interesgarri hau. Egia esan, kontakizuna bost orduko pelikula modura filmau da, baina orain ikusgai daukaguna lehenengo zatia besterik ez da. Datu hau garrantzi handikoa da, ikusle asko amaiereagaz harritzen dira eta.

- Zuzendaria: Steven Soderbergh.
- Herrialdeak: AEB, Frantzia eta Espainia.
- Iraupena: 131 minutu.
- Antzezleak: Benicio del Toro (Che), Demián Bichir (Fidel Castro), Santiago Cabrera (Camilo Cienfuegos), Elvira Mínguez (Celia Sánchez), Julia Ormond, Jorge Perugorría (Joaquín), Edgar Ramírez (Ciro Redondo), Victor Rasuk (Rogelio Acevedo), Armando Riesco (Benigno), Catalina Sandino Moreno (Aleida Guevara), Rodrigo Santoro (Raúl Castro), Unax Ugalde (Cowboy-a), Yul Vázquez (Alejandro Ramírez).
- Gidoia: Peter Buchman; Ernesto Che-ren 'Pasajes de la guerra revolucionaria' liburuan oinarrituta.
- Musikea: Alberto Iglesias.
- Argazkia: Peter Andrews.
- Muntaia: Pablo Zumarraga.
- Diseinua: Antxon Gomez.
- Jantziak: Bina Daigeler.

Aurreko astean estreinau zan Cheren bizitzearen ganean egindako film interesgarri hau. Egia esan, kontakizuna bost orduko pelikula modura filmau da, baina orain ikusgai daukaguna lehenengo zatia besterik ez da. Datu hau garrantzi handikoa da, ikusle asko amaiereagaz harritzen dira eta.

Che iraultzearen eta mobimentu ezkertiarraren ikur eta erreferente nagusia izan da azken 40 urteotan; ganera, Red Hot Chili Peppers rock taldeak ikonotzat hartu ebanetik, beraren irudia mundu osora zabaldu da eta, horregaitik, personaia honen benetako istorioaren atzean egoan guztia ahaztuta geratu da, gaztetxuei jagokenez, behinik behin.

Bestalde, ohikoa izaten da Hollywood-en produzidutako biopic-ek begirune eta koipea emotea filmaren protagonistei. Ez da harritzekoa; azken batean, zinegintzearen logikeari jarraituz, produkzinoaren life motif-a gurtu beharreko mitoa izaten da, jarraitzaileek eta zaleek desengainurik hartu ez daien (ganera, desengainuak diru gitxiago emon daroa). Horixe da, hain zuzen, pelikula honen akatsik agirikoena. Filma zuzena da, ederto errodauta dago, jakingurea sortu eragiten dau, tentsinoari eusten deutso, baina Txe –asmak sortutako eztul batzuk gorabehera– ezelako akats eta kontraesan barik azaltzen jaku, lar garbi, koherente eta seguru.

Kontuak kontu, Benicio del Tororen lana bikaina da, on-ona, eta halantxe autortu eutsien Cannesko zinemaldian, antzezlerik onenaren Urrezko Palma jaso ebanean. Fidel Castrorena egiten dauen Demián Bichir-ek be ederto jarduten dau, personaiak zelan edo halango histrionismorako emon leiken aukerea bazter itxita.

Azkenik, kontakizunari emondako ikutu neutroa be eskertzekoa da. Iraultzea egiteko arrazoiak argi agertu arren, ez da balorazinorik egiten; filmak deskribiduten dau, ez dau eretxirik emoten… Hori dala eta, momentu batzuetan dokumentaletik hurren dago eta erritmo apur bat galtzen dau, baina, beti be eusten deutso interes eta jakingureari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu