Frida eta Diego

Onintza Enbeita 2008-09-04 15:27   Euskaldunak munduan

Mexikoko uriburuan badago joandako sasoien izatea behin eta barriro gogoratzen deuskun bikote baten presentzia. XX. gizaldiaren hasikeran Mexikon izandako iraultzearen jarraitzaile sutsuak izan ziran Frida Kalho eta Diego Riverarena hain zuzen. Esan leike ez zirala sekula hil.

Mexikoko uriburuan badago joandako sasoien izatea behin eta barriro gogoratzen deuskun bikote baten presentzia. XX. gizaldiaren hasikeran Mexikon izandako iraultzearen jarraitzaile sutsuak izan ziran Frida Kalho eta Diego Riverarena hain zuzen. Esan leike ez zirala sekula hil.

Andra-gizonak ziran Rivera eta Kalho. Askok oraindik aitzen ez daben bikotea osotu eben. Izan be, ezagunak dira Mexikon bai batak zein besteak izandako amante zerrendak. Ganera, Kalhori osasunak ez eutson sekula lagundu. Ohean egotea tokau jakon bizitzaren sasoi bat baino gehiagoan. Jaiotzaz gaixotia zan eta, ganera, istripu batean lepoko hazurra mindu eban.

Ohean hasi zan margozten Frida Kalho. Amak ohearen ganean ipinitako ispiluan bere burua ikusi eta autoerretratuak egiten hasi zan. Hortik aurrera, hainbat koadro sinatu zituan. Asko oso gogorrak dira. Bere mina, Riverari seme-alabarik ezin emona… azaltzen ditu pinturetan. Munduko feministentzat ikur izatera heldu zan bere bizimodu libreagaitik eta Mexikon bertan itzel maite dabe.

Coyoacanen jaio zan. Orain, uriburuko auzoa da Coyoacan, baina lehenago herria zan. Eta bera jaio eta hil zan etxea museo eginda dago. Kontetan dabenez, Kalho hil zanean, haren senar Riverak etxea estaduari emon eutson kultur ondare izateko. Halanda be, komuneko atea itxi egin eban, eta giltza berak gorde. Oraindino depora asko ez dala, komuna zabaltzea lortu dabe, eta bertan, senarrak gordetako hainbat gauza kutun aurkitu ditue: Kalhoren zenbait soineko, alkarri idatzitako gutunak…

Ez dakigu Riverari gustauko ete jakon komuneko atea holan zabaltzea, ze karakter berezia eukan. Pistola garrian ibilten zan beti, eta han zein hemen kontetan dabe haserratzen zanean aidera tiroak botaten zituala. Halandabe, margolari maitea da. Mexikoko uriburu osoan zabalduta dagoz XX. gizaldiaren hasikeran berak egindako muralak. Izan be, Europan abangoardiak zabaldu ziranean, bestelako edertasunaren bila jo eban bera. Hori ez ei zan artearen esentzia. Mundu klasikoaren perfekzinoa zan bere erreferentzia nagusia, gauzak diran moduan azaltzea.

Gobernuaren aginduz hainbat mural margoztu zituan sasoiko beste hainbat pintore ikasle hartuta. Muralik ederrena (neure eretxiz) Palacio Nacionalean dago. Mexikoko parlamentua dagoan lekuan. Sarrerako eskilaretatik igon eta horma bete-betean Mexikoren historia osoa azaltzen dau muralak. Zehaztasun guztiak espliketan ditu. Eskumatik ezkerrera espainolak Mexikora heldu aurreko sasoia, konkistea, konkista ostea, Espainiatik independente izateko gerra, XX. mendearen hasikerako iraultza Zapata eta Villa buru zirala…

Muralari laguntzeko, hainbat koadro dagoz ganera bertan. Koadroetan Mexikok munduari zer emon eutson azaltzen dau. Harrigarria da Hernan Cortes espainiar kolonizatzailea zelan margozten dauan. Batzuk ukatu egiten daben arren, dinoe, Cortesek sifilia eukala Mexikora heldu zanean. Gaixo heldu zala, itxura eskas samarragaz. Riverak momorroaren antzean margozten dau. Aurpegitik giza arrastoak kendu egiten deutsoz, eta aurpegi arraro samarra ixten deutso konkistatzaileari. Beti be, historiaren azalpenean bere papela zein izan zan argi itxita, eta hildakoak eta odola presente eginda konkistatzailearen inguruan.

Tamainuak bezain harrigarri egiten ditu Diegoren muralak zehaztasunak eta Mexikoren historia azaltzeko gogoak. Historia liburu zabalak dirala esan leike.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu