Umearen elikadurea urtebetetik hiru urtera

Amaia Laforga Dietetika Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2008-08-28 15:42   Jan edanak

Umeari danetarik jaten erakutsi behar jako, mueta askotako elikagaiez osotutako dieteak apetitua suspertu, nutrizino beharrak bete eta behar bezelako ohiturak finkatzen lagunduko deutsolako.

Bizitzako lehen urtea bete edo edozkitzaroa amaituta, umeak familiaren elikabidean sartu beharko dau geldiro-geldiro, etorkizunean eragina izango dauen ereduari jarraituz. Hortik aurrerako dietea, beraz, era guztietako elikabideak osotuko dau eta osoa izango da. Umeari danetarik jaten erakutsi behar jako, mueta askotako elikagaiez osotutako dieteak apetitua suspertu, nutrizino beharrak bete eta behar bezelako ohiturak finkatzen lagunduko deutsolako.

Hamabigarren hilebetetik aurrera, umearen dietan zatitutako janaria sartzen hasi behar da. Hasteko sardexkaz zapaldutako jatekoak emotea komenidu da; hurrengo pausuan, txiki-txiki ebagitako zatiak emon behar jakez, beti be, umearen eta jatekoa mamurtzen ikasteko gaitasunaren arabera. Urte eta erdi edo bi urte betetean, umea zatitan ebagitako elikagaiak hartzeko gai izango da.


Umeak ondo elikatzeko aholkuak

- Jatorduen ordutegi zehatzari eutsi eta jatorduen artean umeak ez daiala ezer jan.
- Elikabidean era guztietako elikagaiak sartu, mueta askotako plater, usain eta gustoak tartekatuz.
- Elikagai barriak apurka-apurka sartu, otorduen hasierak aprobetxauta, izan be, umeak tarte horretan gose handiagoa izango dauelako.
- Eguneroko dietan ondoko multzoetako elikagaiak sartu behar dira: esne osoa eta esnekiak, zerealak (janarietan ogia jaten hasi behar dau umeak), bazkarki, entsalada eta frutak, okela, arrain eta arrautzak eta gantzak, batez be, oliba-orioa.
- Ura jatordu guztietan sartu.
- Jateko egokienak koipe gitxigaz egindako zopa, pure, krema eta erregosiak, okelea, birrindu edo zati txikitan, kroketak eta tortilak dira.
- Gusto leun eta ongarri gitxiko jatekoak aukeratu behar dira, umeak kasuan kasuko elikagaiaren gustoa ezagutu daian.
- Janarietan gatza neurriz bota behar da eta, era berean, gazituriko, kaztaturiko edo kontserbako jatekoak ez hartzea edo kantidade txikietan konsumidutea komenidu da, gatzak elikagaien berezko gusto naturala estaltzen dauelako.
- Umeak ez ditu erraz digeriduten koipe gehiegiko elikagaiak (arkumea, gaztai zaharra, prijituak eta antzekoak).
- Nutrizino balio urrikoak (gozokiak, aperitiboak, freskagarriak...) ebitau.
- Azukeradun edari freskagarriak baztertu.
- Umearen jateko zehatzak konsumiduteko ohitura monotonoak ebitau (elikagai jakin batzuk baino gura ez izatea).
-Haurtzaindegian bazkaltzen badau, egunero zer jaten dauen jakin behar da, hango elikabidea etxeko jatekoakaz osotu eta orekatzeko, hau da, afarian bazkarian falta jakozan elikagaiak sartu behar dira.
- Hoba umeak egunean lapabost otordu egiten baditu.


Menu adibide erraza

Hasteko, lehenengo platerean arroza, bazrazki eta patata edota lekale-purea. Jateko horren nutrizino-balioa ekarpen energetikoan datza, karbohidrato konplexu askoren iturri baita. Sano garrantzitsua da umea holakoak hartzen ohitzea ze energia asko beharko dau hazte prozesuan. Bigarren platera, okelea, arrazina edo arrautzak. Elikagaiok proteina, burdin eta bestelako mantenugai ugari daukienez, kantidade txikitan sartzea komenidu da (gosea ez da proteinez ase behar); era berean, entsalada, barazki edo patatez (erreak, egosiak edo pure eginik) lagun daitekez. Astean hiru edo lautan behintzat arrain zuri edo urdina eta 3-4 arrautza astero be sartu behar dira.

Postretzat frutea da onena, bitamina, mineral eta zuntzean aberatsak izateaz gan, digestinoa erraztuko dabelako. Edozelan be, esnekiakaz (jogurt, gaztai freskoa...) tarteka daiteke.

Gosarian eta askarian esnekiak, frutea eta zerealak agertuko dira beti eta, esandako moduan, afaria, bazkariaren osogarri izango da; bazkarian jan ez diranak aukeratu behar dira afaltzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu