Obesidadearen eta argaltasunaren mekanismoak
2008-08-13 12:21 Jan edanakObesidadearen maileak gora egitearen atzean faktore asko dagoz. Herrialde garatuetan, autoa, telebistea, telefonoa, ordenagailua eta beste aurrerapen teknologiko batzuk dirala eta, eguneroko bizimoduan ia ez gara mobiduten.
Obesidadearen maileak gora egitearen atzean faktore asko dagoz. Herrialde garatuetan, autoa, telebistea, telefonoa, ordenagailua eta beste aurrerapen teknologiko batzuk dirala eta, eguneroko bizimoduan ia ez gara mobiduten. Horregaz batera publizidade kanpainetan, elikagai-industriek jateko erakargarriak eskaintzen deuskuez; gehienetan, jateko horreek kaloria ugari eta balio nutrizional eskasa izaten dabe. Hori dala eta, benetan erraza da behar baino kaloria gehiago hartzea. Ondorioz, osasun-zerbitzuen aurrekontuetan, gero eta handiagoa da obesidadeagaz edota gaixotasun horregaz lotutako gaixotasun kronikoen garrantzia.
Persona bat obeso izatera ailegetan da behar baino gehiago jaten dauelako denpora luzez. Beraz, egoera kroniko baten ondorioa da, jaten dituan gehiegizko kaloriak gantz moduan pilatzen dira gorputzean eta, denporeagaz, obeso bihurtzen da. Joera hori gizarte osora zergaitik zabaldu dan azaltzea, ostera, ez da hain sinplea.
Pisuaren erregulazinoaren teoriak
Pisuaren erregulazinoan parte hartzen daben mekanismoak ez dira ondo ezagutzen. Halanda be, gero eta ikerketa gehiago egiten ditue horren ganean, eta pauso garrantzitsuak emon dira azkenaldian. Pisuaren erregulazino-sistemak epe laburrekoak eta luzekoak dira, eta batean edo bestean parte hartzen daben molekulak topau ditue. Berbarako, oraintsu, digestino-hodian produziduten diran hormona bi topau ditue: 'Grelinea' eta 'PYY peptidoak'. Biek epe laburreko erregulazinoan parte hartzen dabe. Leptinea eta insulinea, barriz, epe luzeko erregulazinoagaz dagoz lotuta.
1994. urtean Leptinea deskubridu ebenean, ikertzaileek obesidadearen kontrako tratamentu eraginkor bat sortzeko aukerea egoala pentsau eben. Gantza pilatzen daben zelulek, adipozitoek, produziduten dabe Leptinea: gantz-biltegiak txikitzen diranean, Leptina gitxiago sortzen da; ondorioz, jateko gogoa biztu eta metabolismoa geldotu egiten da. Laborategiko probetan, Leptineagaz tratautako sagu obesoek jateko gogoa galtzen eben eta metabolismoa areagotzen jaken. Ondorioz, argaldu egiten ziran. Baina, loditasunaren kontrako botikearen amesak laster urrundu ziran. Gizaki gitxi batzuek ez dabe Leptinea produziduten eta horrek obeso bihurtzen ditu. Kasu horreetan, Leptina bidezko tratamentua eraginkorra da. Leptina-maila normalak dituen obesoetan, barriz, tratamentu horrek ez dau ezelako eraginik.
Leptineak fama handia izan badau be, intsulineak be protagonismo handia hartu dau. Intsulineak pisuaren erregulazinoagaz lotutako eragina dauka, baina azkenaldira arte ez dira ikerketa sakonak egin. Orain ikusi dabe ikerlariek jateko gogoa gitxitzen dauela, apetitua biztuten dauen Y neuropeptidoaren (NPY) produkzinoan trabak jarriz.
Jateko gogoa vs asetasuna
Epe laburreko mekanismoetan, badira urte batzuk kolezistokininea identifikau ebela. Hesteetan sortzen da, eta ‘asetasunaren hormona’ deitu izan jako, nahikoa jan dala ohartarazoten dauelako. Orain, ikertzaileek Grelinea eta PYY peptidoetan jarri ditue indarrak. Grelinea orain dala urte batzuk topau eben, urdailean produziduten da eta hazkundearen hormonea jariatzea eragiten dau. Gerora jakin dabe badauela beste eragin bat: apetituaren bizgarri indartsua da. Beti ordu berean agiri da gose-sentsazinoa, berbarako, eguerdi inguruan, eta hori ez zan pasetan Leptinearen eraginez, gantz-biltegiak ez diralako gitxitzen armozutik eguerdira bitartean. Orain badakigu Grelinearen lana dala. Jatordua baino ordubete edo ordu bi lehenago, Grelina-maileak gora egiten dau, eta jan ondoren bajau egiten da. Hainbat obesidade-kasu Grelinearen gehiegizko produkzinoagaz lotuta dagoz. Bestetik, dietearen bidez pisua galdu dabenetan, Grelinearen akzinoa handitu egiten dala ikusi dabe; ez, barriz, urdailaren operazio bat egin jakenetan. Operazino horretan urdailaren goiko aldeko zatia heste meheagaz lotzen da, eta nahiko eraginkorra da obesidade morbidoa tratetako. Operazino horren ondoren, Grelinearen produkzinoa ez da handitzen eta, neurri batean, horrek azaltzen dau zergaitik ez daben pisua berreskuratzen.
Badakigu Grelineak biztuten dauela jateko gogoa. Eta PYY hormoneak abisetan deuskula nahiko jan dogula. Jaterakoan, PYY peptidoaren maileak gora egiten dau, eta asetasunaren seinalea emoten dau garunean. Baina, oraingoz, arlo horretan egindako probek ez dabe emoitza onik emon. Ganera, hormona horreek ez dabe pisuaren erregulazinoan bakarrik eragiten eta asko dago ikertzeko. Baina, astiro-astiro, ikertzaileak erregulazino-mekanismoak ulertzeko giltzak topetan dabiz.
Egoera horreen ondorioz, muturreko lodiek eta argalek antzerako osasun-arazoak izaten ditue: sarriago gaixotzen dira, minusbaliotasun-arazo gehiago ditue, bizi-itxaropena gitxitzen jake eta, oro har, produktibidade txikiagoa dabe. Obesidadeak gaixotasun kronikoak izateko arriskua dakar, berbarako, behazunaren gatxak, minbizi-mueta ugari eta sindrome metabolikoa deiturikoa: diabetesa, hipertentsinoa, hiperlipidemiak, bihotzeko gaixotasunak, arazo baskularrak… Eta, itxura guztien arabera, 2025. urterako munduan obesidadea eta diabetesa izango dabenen kopurua 300 miloera ailegauko da...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!