Emotional arithmetic
2008-07-24 12:22 Zinema kritikakAntzezleen lana zoragarria da eta euren jardunak, keinuek, erreakzinoek… sinisgarri bihurtzen dabe beste modu batera benetakotzat, egiatzat ezin jo geinkena. Ahaleginak ahalegin, zoritxarrez honako pelikulea bere labirintoan galdutako ekinaldia besterik ez da.
- Zuzendaria: Paolo Barzman.
- Herrialdea: Kanada.
- Iraupena: 99 minutu.
- Antzezleak: Susan Sarandon (Melanie Winters), Christopher Plummer (David Winters), Gabriel Byrne (Christopher Lewis), Roy Dupuis (Benjamin Winters), Max von Sydow (Jakob Bronski), Dakota Goyo (Timmy Winters), Domini Blythe (Jane Radley), Kris Holden-Reid (Jakob gaztea), Regan Jewitt (Melanie gaztea), Alexandre Nachi (Christopher gaztea).
- Gidoia: Jefferson Lewis; Matt Cohen-en nobelan oinarrituta.
- Musikea: Normand Corbeil.
- Argazkia: Luc Montpellier.
- Muntaia: Arthur Tarnowski.
- Diseinua: Jean-François Campeau.
- Jantziak: Nicoletta Massone.
Sarri askotan esaten izan da pelikula on bat egiteko nahikoa dala istorio interesgarria eta antzezle sinisgarriak eukitea. Hori hain erreza balitz, film hau zoragarria dala baieztatu geinke. Baina, sentimentuak azpimarratzeko neurriz kanpo enfasia erabilten danean, gauzek ez dabe hain ondo urteten.
Filmak ezin ahaztu daitekezan esperientzia tragikoen ganean egiten dau berba, bizitzeari aurre egiteko behar-beharrezkoa da-eta iraganeko saminak gainditzea. Zuzendariak personen jazokera lazgarriek itxitako zauriak arakatu gura izan ditu, gomutek orainak berak baino garrantzi handiagoa ete daukien itauntzeko, ahaztea eta bakartzea hobea ete dan azaltzeko…
Istorioa oso interesgarria da, personek bidebakokeriak ahazteko daukien preminea, baina, era berean, guzti-guztiok krudelkerien gomuta historikoa berreskuratzeko daukagun garrantzia alderatzen diralako. Biktimismoa albo batera lagateko beharrizana be aitatzen da, alkarbizitzea guztiz laskitu ez daiten. Gogoetak, beraz, jakingarriak dira. Filmaren arazoa zera da: gaiak ez dirala sakon jorratzen eta, batez be, sentimentuak ez dirala berez sortzen, ez dirala benetakoak.
Hori bai, antzezleen lana zoragarria da eta euren jardunak, keinuek, erreakzinoek… sinisgarri bihurtzen dabe beste modu batera benetakotzat, egiatzat ezin jo geinkena. Ahaleginak ahalegin, zoritxarrez honako pelikulea bere labirintoan galdutako ekinaldia besterik ez da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!