Sex and the city

Joseba Terreros 2008-07-18 12:22   Zinema kritikak

Dan-dana lar polita, lar artifiziala da. Gidoia sinple baino sinpleagoa da, alkarrizketek ez deuskue graziarik egiten eta, ganera, filmean dan-dana luzatzen da neurri barik. Modearen eta jantzi ikusgarrien miresleei baino ezin jake gomendatu.

- Zuzendaria: Michael Patrick King.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 148 minutu.
- Antzezleak: Sarah Jessica Parker (Carrie Bradshaw), Kim Cattrall (Samantha Jones), Kristin Davis (Charlotte York), Cynthia Nixon (Miranda Hobbes), Chris Noth (Sr. Big), Candice Bergen (Enid Frick), Jennifer Hudson (Louise), David Eigenberg (Steve Brady), Jason Lewis (Smith Jerrod), Mario Cantone (Anthony Marentino) eta Willie Garson (Stanford Blatch).
- Gidoia: Michael Patrick King; Darren Star-ek sortutako telesaioan oinarritua.
- Musikea: Aaron Zigman.
- Argazkia: John Thomas.
- Muntaia: Michael Berenbaum.
- Diseinua: Jeremy Conway.
- Jantziak: Patricia Field.

Orain dala lau aste iragarri euskuen: sexua itzuli da, bai eta New York nahiz telebistearen historiako lau neskarik elitistenak be, baina oraingoan pantaila handian. Telesaio ospetsu honen seigarren eta azken denporaldia amaitu ostean, Carrie, Miranda, Charlotte eta Samantha ostera be alkartu dira, bi ordu eta erdiko filma grabetako.

Ezin dot ukatu. Telesaioa gustetan jatan, baina, pelikulea, ostera, bapez. Ez naz zale amorratu horreetariko bat izan, baina ahal izan dodan guztietan ikusi dot, gustora ikusi be. Dana dala, telesaio honetako txinpart, zorroztasun eta freskotasuna desagertu da, ezustean lurrundu da, gure irudimenaren asmazino bat izan balitz legez.

Sex and the city hutsik dago edukiz, baina bai, ostera, erakusleihoz, desfilez, zapatez, publizidadez eta topikoz beteta. Egia esan, ez dakigu zer jazo jakon Carrieri? Telesaioan emakumezko independentea, burutsua, argia eta liberala zan; pelikula honek, barriz, protagonistearen balio horreek guztiak galdu ditu eta eztitasunaren bidetik abiatu da, guzti-guztioi betekadea eragiteraino. Dan-dana lar polita, lar artifiziala da. Gidoia sinple baino sinpleagoa da, alkarrizketek ez deuskue graziarik egiten eta, ganera, filmean dan-dana luzatzen da neurri barik. Modearen eta jantzi ikusgarrien miresleei baino ezin jake gomendatu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu