Before the Devil knows you're dead

Joseba Terreros 2008-07-07 10:52   Zinema kritikak

Filmaren abiapuntua korapilatsua izan ez arren, lehenengo momentuetan hartzen dauen thriller itxurea nahiko engainagarria da. Izan be, filmaren ardatza personaia ustel eta galtzaileen ganeko istorio batean oinarritzen da.

- Zuzendaria: Sidney Lumet.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 117 minutu.
- Antzezleak: Philip Seymour Hoffman (Andy Hanson), Ethan Hawke (Hank Hanson), Marisa Tomei (Gina), Albert Finney (Charles Hanson), Rosemary Harris (Nanette), Michael Shannon (Dex), Brian F. O'Byrne (Bobby), Amy Ryan (Martha).
- Gidoia: Kelly Masterson.
- Musikea: Carter Burwell.
- Argazkia: Ron Fortunato.
- Muntaia: Tom Swartwout.
- Diseinua: Christopher Nowak.
- Jantziak: Tina Nigro.

Dirua erraz eskuratu guran, klase burgeseko anaia bik lapurreta perfektoa egiteko azpijokoan jardun eta euren gurasoek Wetchester-en daukien bitxi dendan ostutea erabagiko dabe. Ez dabe gura ez pistolarik, ez indarkeriarik, ez arazorik. Baina euren lagun batek ez ditu joko arauak beteko eta gauzek ez dabe urtengo hasikeran aurreikusi legez.

Filmaren abiapuntua korapilatsua izan ez arren, lehenengo momentuetan hartzen dauen thriller itxurea nahiko engainagarria da. Izan be, filmaren ardatza personaia ustel eta galtzaileen ganeko istorio batean oinarritzen da. Gidoia neurri-neurrian atondu dabe, goranzko erritmo bati jarraituz, eta pelikulearen linealtasuna desegiten dauen egitureak gero eta gehiago jakitea ahalbidetzen dau arian-arian, askotariko ikuspuntuak eskainiz.

Horri, duda barik, gehitu behar jako zirrarea sortu eragiten dakien antzezleen zeregin ona; ganera, kontakizunari ikutu hotzeko argazki lanak laguntzen deutso –trokarantz artezean zuzentzen diran arima bako personaiak iruditzen dituana–, eta behe soinuz betetako musikea be giltzarria da dramatismoak gora egiten dauen unekadetan.

Beraz, alderdi ilun eta zoroak puzteko gehiegikeria batzuk dagozala igarten da eta seguru antzean bati baino gehiagori nahiko film astun, gordin eta ezkorra begitanduko jako. Baina zuzendariari ezin jako ukatu lan koherentea eta zehatza egiteko hartu dauen ardurea. Guzurrek eta moraltasun falteak usteldutako familia bat agertuko jatzue, baina bene-benetakoa dala sinistuko dozue. Beharbada, ez dira hain arraroak...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu