Labayru Ikastegiak egoitza barria inaugurau dau Bilbon

Labayru 2008-05-30 10:46   Euskerea berbagai

Era berean, Labayruk Mikel Zarateren idazlan bi argitaratu ditu. Bata, ‘Bilbo irribarrez’, 1980an argitaratua eta aspaldian agortua edizino barriztuan. Bestea ‘Hizunigu’ ineditoa da, orain arte galdutzat emondakoa nahiz eta bibliografietan horren barri emon.

Labayru Ikastegiak, 1977an sortu zanetik euki dau egoitza Bilbon. Aurretik Derion Udako Ikastaroa egiten zan, eta gero be, Derion beti euki dau ikerketarako saila eta Euskal Biblioteka.

Urteak alperrik ez doaz eta, Labayru Ikastegiaren jarduera egiteko barrietara zabaltzen joan da: gero eta zerbitzu-mueta gehiago eskaini, ikerketa-adarrak zabaldu, eskoletarako ikaslegaiak ugaritu…

Orain dala urte batzuk, 2003an, Derioko egoitza osorik barriztau, handitu eta egokitu zan. Bilbokoak be euki dau horretarako beharrizana, eta orain etorri da beharrizan horri erantzuteko erea: Boluetan (Metroalde eraikina, Bilbao-Galdakao errepidea, 6A) leku handi baten jabe egin da Labayru Ikastegia, hara batzeko asmoagaz zerbitzu-atal guztiak: irakaskuntza, itzulpenak, administrazino eta enpresetako erabilera-planak.

Labayru Ikastegiaren sorrera Derioko Udako Ikastaroari lotuta dago. Lehenengo lan-arloa irakaskuntzea izan zan, alfabetatzen. Ordutik dator Ikastegia bereizi izan dauan metodologia erabiltea be. Eskolak emoteko, irakasleek materialak sortu behar zituen. Aldi berean, ikasle izandakoak hurrengoen irakasle bihurtzen ziran. Hau da, barruan ziklo osoa eginik, barrutik hornidu izan ditu Labayruk profesionalak zeregin guztietarako.

Itzulpen-zerbitzua gehitu orduan, itzulpen-eskola eregi zan horren parean. Eta orain erabilera-planak dirala-ta eskaria ugaritu danean, teknikari eta hizkuntza-trebatzaileak preparetako ikastaroa emoten dau.

Labayru Ikastegiaren lan-eremurik behinena eta hurrena Bizkaia da. Gaur egun lurralde osoko Udal askogaz alkarlanean dihardu, bai unean uneko egitasmoak aurrera ataraten, bai ikerketa arloko edo didaktika intereseko zerbitzuak eskaintzen. Lotura edo alkarlan hori oraindino estuagoa da Bilbogaz, eskualde guztiak lotzen dituan urigunea izanik.

Eskariak be, gero eta espezializatuagoak dira, ia-ia neurrira eginak; zerbitzua behar dauenaren beharrizan, ordutegi eta baldintzetara egokitzen da zerbitzua. Zerbitzu ugariago eta bereizagoak eskaini behar horrek bultzatu dau neurri baten Labayru Ikastegia leku handiagoa hartzera: esandako zerbitzuak emoten dituan behargin eta departamentuak batera ipini ahal izateko, autonomia handiagoagaz behar egiteko, baina aldi berean Bilbo barruan kultur erakunde moduan presentzia handiagoa eukiteko.

Hasierara itzulita, hiru persona gogoratzen dira Labayru Ikastegiaren zutabe edo bultzatzaile nagusi: Ander Manterola, Karmelo Etxenagusia eta Mikel Zarate. Egon dira beste batzuk be bide luze horretan merezimendu handikoak, hoba ez. Hiruretatik, Ander Manterola orain be zuzendaria da eta berak gidatu dau erakundea urterik gehien. Karmelo Etxenagusia, Bilboko gotzain-laguntzaile izateari itxi barri dagoala, beti egon da Labayrutik hur, erreferentzia argia da eta itzal handia emoten deutso orain be Ikastegiari.

Hirugarrena, Mikel Zarate, emonkorra izan zan bizi izan zan bitartean, baina gazterik joan zan, hasiera-hasieran baino ez eban parte hartu, gerorako oste handia itxi baeban be.

Hori dana gogoratuz, eta Labayruk Bilboko Kultur-erakunde moduan hartu dauen sendotasuna ikusita, harira datorrela ikusi dogu Mikel Zarateren idazlan bi argitaratzea. Bata, ‘Bilbo irribarrez’, 1980an argitaratua eta aspaldian agortua edizino barriztuan atara da. Bestea ‘Hizunigu’ ineditoa da, orain arte galdutzat emondakoa nahiz eta bibliografietan horren barri emon.

Barri guztiok maiatzaren 30ean jorratuko doguz, arratsaldeko 19:30etan egingo dan ekitaldian. Ana de Castro Bilboko Udaleko Euskara arloko zinegotzia, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura foru diputatua eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea egongo dira ekitaldian Labayruko ordezkariakaz batera, Jokin Gorostiza presidentea buru dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu