Elegy
2008-05-05 12:15 Zinema kritikakIsabel Coixet-en filmografiak ikusleak erakarri ditu bere sentsibilidade poetikoari eta bizitzeak zauritutako pertsonaia urratu eta konplexuei esker. Ildo horretan, film honen benetako protagonistak irakasle heldu eta ikasle gazte baten arteko maitasun hartu-emonak dira.
- Zuzendaria: Isabel Coixet.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 108 minutu.
- Antzezleak: Penélope Cruz (Consuela Castillo), Ben Kingsley (David Kepesh), Dennis Hopper (George O'Hearn), Patricia Clarkson (Carolyn), Peter Sarsgaard (Dr. Kenny Kepesh), Deborah Harry (Amy O'Hearn).
- Gidoia: Nicholas Meyer; Philip Roth-en nobela batean oinarrituta.
- Argazkia: Jean-Claude Larrieu.
- Muntaia: Amy Duddleston.
- Diseinua: Claude Paré.
- Jantziak: Katia Stano.
David Kepesh, irakasle karismatiko bat, esperientzia barriez gozetako irrikan dagozan ikasleak seduziduteaz harro dago; edozelan be, amoranteei sekula ez deutse larregi hurreratzen ixten. Baina Consuelo Castillo ederra ezagutukeran, beraren babes guztiak desagertuko dira.
Isabel Coixet-en filmografiak ikusleak erakarri ditu bere sentsibilidade poetikoari eta bizitzeak zauritutako pertsonaia urratu eta konplexuei esker. Mina, bakardadea, isiltasuna... osogai horreek danak buztartzen dira katalanaren filmetan eta guztietan maitasuna euskarri sendoa da, pertsonaiek zelan edo halango katarsi egoera batera ailegau daitezan. Coixet-en sekretua ideiak eta sentimentuak iradokitzeko eta aditzera emoteko erabili dituan bitarteko leun baizen zorrotzetan dago.
Ildo horretan, film honen benetako protagonistak irakasle heldu eta ikasle gazte baten arteko maitasun hartu-emonak dira. Horreetan kontraste handia azaltzen da: batetik, gizon temati eta bakarzale bati bizitzeak lagatako zama eta orbanak daukaguz, eta, bestetik, apopilo gazte eta eder baten heltze prozesua. Baina, horri kontrapuntua iminiz, idea interesgarria agertzen jaku, zahartzeak askotan ez dauka-eta zerikusirik heltzeagaz edo, bestera esanda, bizi konpromisoei aurre egiteko aukereagaz. Horri lotuta, Elegy-n bildurraren gaia be bete-betean jorratzen dabe: hilteari, maitatua izateari, erantzukizunak hartzeari… deutsagun bildur neurribakoa.
Pelikuleak, bada, ikutu dramatiko bati oratzen deutso; horretarako, bikain idatzitako alkarrizketak ezinbestekoak dira, off-eko ahotsa larregi erabili daben arren; horixe da, seguru asko, filmak daukan makalgune nagusia: ahots horren larregizko erabilkerea eta horrek dakarren moteltzea.
Antzezpenei jagokenez, Ben Kingsley-ek ondo be ondo beteten dau heldu gura ez dauen zahar jakintsu, hedonista eta zinikoaren zeregina eta Penélope Cruz-ek, hasikeran maila horretara ailegetako ahalmenik ez daukala emoten badau be, azkenerako ederto jarduten dau; hori guztia Dennis Hopper-en lan ona be ahaztu barik.
Elegy-k atrapau eta hunkitzen gaitu; unekada batzuetan erritmoa galduagaitik be, pelikula tragiko baizen zirraragarri eta bizizalea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!