Eguna hasteko: armozu ederra

Amaia Laforga Dietetikan Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2008-04-30 14:08   Jan edanak

Eguneko jatordu garrantzitsuena armozua da. Egunero, lehenengo-lehenengo egin beharrekoa da eta horrek markauko dau eguna. Armozu ona egiteak organismoak behar dituan nutrienteak hartzea dakar eta, ondorioz, gure egoera nutrizionala hobetzen dogu.

Eguneko jatordu garrantzitsuena armozua da. Egunero, lehenengo-lehenengo egin beharrekoa da eta horrek markauko dau eguna. Gau osoa emoten dogu ezer jan barik eta normalean 10-12 ordu pasau daitekez afaritik armozura. Horri gaueko baraua deitzen deutsagu eta naturala da, lotan gagozanean gure metabolismoa astiroago dabil-eta. Baina armozau ezean, baraua luzatzen da, 14-16 orduraino; hori ez da bape naturala, gure eguneroko bizimodua jan barik hasi dogu.


Armozu orekatuaren onurak

Armozu ona egiteak organismoak behar dituan nutrienteak hartzea dakar eta, ondorioz, gure egoera nutrizionala hobetzen dogu. Armozetan ez daben personek kalidade okerragoko elikabidea izan ohi dabe: ez dabe esnerik, ez zerealik, ez frutarik behar dan moduan hartzen, nutrizino arloko bakotasunak izateko arriskuagaz. Armozetan dabenek, barriz, gantz gitxiago eta zuntz, bitamina eta mineral gehiago hartzen ditue, oro har.

Armozua ondo jaten daben personek, armozurik hartzen ez dabenek baino osasun-muga egokiagoetan mantentzen dabe pisua. Egunean lauzpabost otordutan kaloriak banatzeak janari jakin bat besteak baino askoz be ugariagoa ez izatea dakar. Bestetik, tarteetan zizka-mizkak (aperitiboak, litxarreriak, bestelako gozokiak, freskagarriak, etab.) hartzeko tentazinoa kentzen deusku eta horrek, jakina, garrantzi berezia dauka pisuaren kontrolari jagokonean.

Metabolismoaren aldetik, ondorio fisiko eta intelektualak ager daitekez. Armozurik hartzen ez dauen personearen gluzemia (odolean dagoan azukerea) maila egokietan mantentzeko, organismoan hainbat mekanismo abiarazoten dira (intsulina hormonearen beherakadea eta kortisol eta katekolaminen gorakadea, besteak beste). Hormona-aldaketa horreek portaera aldatu edo baldintzatzeaz ganera, etekin fisiko eta intelektualean eragin kaltegarria izaten dau.


Eguna energiaz hastea

Dieta oso eta orekatuaren eta jatekoen energia banaketa egokiaren bermea da armozu on bat. Ogetik altzetan garanean, gure gorputzak ordu asko daroaz ezer jan barik eta, gauez gitxi gastau arren, momentu horretatik aurrera gastua oso handia izaten hasiko da. Goizean, karbohidrato (energia) nahikoa behar izaten dau organismoak. Horreek falta badira, gorputzak nekea igarriko dau. Hori dala-eta, beharrezkoa da zerealak edota ogia hartzea, baita ezti edota mermelada apur bat be, organismoari glukosa sinplea emoteko. Frutek bitaminen, mineralen eta zuntzaren maila ona mantentzen lagunduko dabe.

Armozuan hartzeko beste elikagai batzuk koipeak eta proteinak dira. Behin eta barriro azaldu izan dogu oliba-orioak bihotzerako dituan doe osasuntsuak. Hartzeko modu gozo bat ogi xerraz eta tomate naturalaz da. Gurinagaz be jan geinke orioaren lekuan. Proteinei jagokenez, gantz txikiagoko produktuak, pernil egosia edo indioilar-bularkia, jan geinkez. Esnekiak be izan behar dira armozuan, gaztaia, jogurta nahiz esnea. Egunero gauza bera ez armozetea da onena, bazkaltzen eta afaltzen menu bera jaten ez dogun moduan. Osasunagaitik, baina, batez be, monotonia ebitetako, aldaketa txikiak egin behar dira osogaietan eta horreek preparetako moduan.


Denpora gitxian osasuna zaintzea


Minutu batzuk behar dira mueta horretako armozua preparetako eta jateko. Baina inork ez du esan orduak behar diranik; nahikoa da hamar minutu edo ordu lauren bategaz. Jesarrita eta, ahal bada, beste nonogaz armozau behar da. Hori oso garrantzitsua da umeen kasuan, jateko ohitura onak hartzeko. Eta, zelan ez, ezinbestekoa da trankil jatea eta ez erlojuari begira. Ondo pentsetan jarrita, gure organismoaren ongizaterako garrantzi askoz gitxiagoko hamaika gauza egiten pasetan doguz, egunero, 15 minutu baino gehiago.

Goizean menu txar bat jateak edota bape ez jateak ondorio honeek izan leikez: nekea eta kontzentrazino faltea, gehiegizko pisua edota kolesterol altua. Izan be, goizeko lehen orduan jatekorik ez bada hartzen, gose handiagoa izango dogu bazkaltzeko orduan eta errazagoa da tripakadea egitea edota gozoki zein pintxoak jatea, koipe mordoagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu