Rendition

Joseba Terreros 2008-04-25 15:51   Zinema kritikak

Pelikulea ikusi eta gero, Traffic barria egiteko ahaleginetan jardun dabela emoten dau; kasu honetan, ostera, drogen gaiari oratu barik, terrorismoa hartu dabe ardatz. Dana dala, filmaren garpena motela eta hotza da, erritmo bakoa.

- Zuzendaria:Gavin Hood.
- Herrialdea:AEB.
- Iraupena:122 minutu.
- Antzezleak: Jake Gyllenhaal (Douglas Freeman), Reese Witherspoon (Isabella Fields El-Ibrahimi), Alan Arkin (senador Hawkins), Peter Sarsgaard (Alan Smith), Meryl Streep (Corrinne Whitman), Omar Metwally (Anwar El-Ibrahimi), Igal Naor (Abasi Fawal), Zineb Oukach (Fatima Fawal), Moa Khouas (Khalid El-Emin).
- Gidoia: Kelley Sane.
- Musikea: Paul Hepker eta Mark Kilian.
- Argazkia: Dion Beebe.
- Muntaia: Megan Gill.
- Diseinua: Barry Robison.
- Jantziak: Michael Wilkinson.

Argi dago ikusleei Ekialde Hurbilak bizi dituan errealidade gordinakaz zuzeneko zerikusia daben eta gure munduari bete-betean eragiten deutsien gaiak ez jakezana lar gustetan. Ez dakigu arrazoia zein dan, baina jentea ez da horrelako emonaldietara hurreratzen. Film honek porrot egin eban AEBetan: ez zan kritikearen gustokoa izan, ez eutsien ezelango saririk emon eta ez eban 10 miloe dolarreko kopurua be batu.

Pelikulea ikusi eta gero, Traffic barria egiteko ahaleginetan jardun dabela emoten dau; kasu honetan, ostera, drogen gaiari oratu barik, terrorismoa hartu dabe ardatz. Dana dala, filmaren garpena motela eta hotza da, erritmo bakoa. Gidoiak oso behartuta nahastetan ditu istorioak, egitura ez-linealak erabiliz, baina horreetariko bat besterik ez da ikusleen arretea bereganatzeko gauza. Ahots, toki eta denpora tarte larregi pilatzen dira eta horrek kontakizuna aberastu beharrean bere troinuan galtzeraino bizkortzen dau. Halan, gai interesgarri batzuetan ez dau bape sakontzen eta beste batzuk muturreraino eskematizetan ditu.

Beharbada, film honek dauen gauzarik onena antzezpenak dira, eta horreen artean ondoen egin dabenak aktorerik ezezagunenak dira, hurranez hurran, torturatuarena eta torturatzailearena egiten daben Omar Metwally eta Igal Naor. Kontuak kontu, asmo oneko pelikula hau horretan baino ez da geratzen, asmo onetan, hatan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu