Caramel
2008-04-11 14:31 Zinema kritikakAmodio eta, batez be, desamodiozko istorioak topetan ibilten diranei itzel gustauko jake. Hori bai, batzuei, beharbada, egoeren garraztasuna arintzeko erabilitako gozotasuna demasekoa begitanduko jake.
- Zuzendaria:Nadine Labaki.
- Herrialdeak:Frantzia eta Libano.
- Iraupena:96 minutu.
- Antzezleak:Nadine Labaki (Layale), Yasmine Al Masri (Nisrine), Joanna Moukarzel (Rima), Gisèle Aouad (Jamale), Adel Karam (Youssef), Siham Haddad (Rose), Aziza Semaan (Lili), Fatme Safa (Siham), Dimitri Stancofski (Charles), Fadia Stella (Christine), Ismail Antar (Bassam).
- Gidoia:Nadine Labaki, Jihad Hojeily eta Rodney Al Haddad.
- Musikea: Khaled Mouzanar.
- Argazkia: Yves Sehnaoui.
- Muntaia: Laure Gardette.
- Diseinua: Cynthia Zahar.
- Jantziak: Caroline Labaki.
Beirut. Bost andrazko ule apaindegi batean batu ohi dira, mikrokosmos koloretsu eta sexuala osotuz. Layalek Rabih maite dau, baina gizona ezkonduta dago. Misrine musulmana da eta arazo larria dauka bere ezkontza egunari begira: daborduko ez da birjina. Rima lesbiana da, baina ez da ausartzen bera dan modura azaltzen. Jamalek ez dau zahartu gura. Rosek sufrimentu latzak iruntsi behar izan ditu, ahizta zahar eta zoroa jagotearren. Ule apaindegian edertasun, sexu eta amatasunaren nahiz gizonen ganean egiten da berba, bezeroei ulea ebagi eta depilazinorako azukrez, urez eta limoiez karamelatutako ore bat erabilten daben bitartean.
Donostian ikusleen saria emon eutsien film honi, eta Cannes-en be ikusleen eta kritikarien oso gustokoa izan zan. Pelikuleak uniberso femeninoaren ganeko irudi koral interesgarria emoten dau; protagonista guzti-guztiek, kulturea, erlijinoa edo maila ekonomikoa gorabehera, maite izateko eta maitatuak izateko premina eta guraria erakusten dabe. Trabesetara ikutzen diran gizarte gaiak, beraz, nahiko lainotuta agiri dira, intimismoak ilunduta, eta esan leiteke filma gidoi distiratsu batez hornitutako askotariko egoera melodramatikoen igarobide bihurtzen dala.
Halanda ze, lan xumea izan arren, pelikulea erraz be erraz ikusten da antzezpen onei, gidoiaren txinparteari eta narrazinoaren sendotasunari esker. Amodio eta, batez be, desamodiozko istorioak topetan ibilten diranei itzel gustauko jake. Hori bai, batzuei, beharbada, egoeren garraztasuna arintzeko erabilitako gozotasuna demasekoa begitanduko jake.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!