Udabarriko kolore biziak: mailukiak eta kereizak

Amaia Laforga Dietetikan Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2008-04-03 14:47   Jan edanak

Mailukiak eta kereizak udabarriko fruta barri goiztiarrenak dira. Halanda be, egia da udabarria hasi baino lehenago agertzen dirala merkaduetan. Berez, euren sasoia udabarria da eta eguraldiaren hobekuntzearen barri emoten dabe euren kolore gorri biziakaz.

Mailukiak eta kereizak udabarriko fruta barri goiztiarrenak dira. Halanda be, egia da udabarria hasi baino lehenago agertzen dirala merkaduetan. Berez, euren sasoia udabarria da eta eguraldiaren hobekuntzearen barri emoten dabe euren kolore gorri biziakaz. Mailukien jatorria, antza danez, Alpeetan dago baina orain ia ez dago mendietako mailuki txiki horrek jateko aukerarik. Kereizak erromatar eta grekoen garaietatik kontsumiduten dira Europan eta mundu mailan be jaten dira. Egun, merkaduetan saltzen ditue frutu gorri eta eder horreek. Halanda be, askotan, begietarako erakargarriak izan arren, ez dira horren erakargarriak gustuari jagokonean.


Mailukia

Erraz galtzen dan fruta fin honek ondoko osogaiak ditu: % 90 ur, % 7 karbohidrato, % 0,7 proteina, % 0,6 koipe eta % 2,2 zuntza. Ikus daitekenez, proteina eta gantzetan eskasa dan arren, aberatsa da gluzidoetan eta, batez be, gure hesteek xurgatzen ez daben zuntzean. Gure hesteak garbi izateko eguneko 25 gramo zuntz behar dirala kontuan izanda, ez da ekarpen garrantzitsua: mailukien garrantzia bitaminetan eta mineraletan dago. Fruta txikia dan arren, jateko erregulatzaile oso ona da, bitamina eta mineral asko ditualako, C bitaminea batez be. Laranjeak edo beste edozein zitrikok baino gehiago dauka: 60 mg. 100 gramoko, persona heldu batentzako egun bakotxerako kantidade egokia.

Udabarrian landatuta lortzen dabe mailukiek euren nutrizino-egoera egokia, hau da, apirila-maiatzean ditue aitatutako nutriente guztiak eta gustu gozoena, eguzkiaren berotasunari eta hezetasunari esker. Beti komentau deutsuet: elikagai freskoak jagoken urte-sasoian hartu behar dira elikagaiaren onura guztiak aprobetxetako.


Aholku batzuk

Mailukiak erosterakoan, usaintsuak izan daitezala, kolore gorri homogeneoa izan dagiela eta itxura distiratsua, kolore distirabako gunerik eta lizun-arrastorik barik.

Mailukiakaz lanean hasi aurretik, azalik kentzen ez jakenez, ondo garbitzea komenidu da substantzia kimiko kaltegarrien hondarrak kentzeko. Garbitu eta jan, ezelako gehigarririk barik dagoz gozoen. Hori bai, oso arin galtzen dan frutea danez, erosi eta oso egun gitxitan jatea da onena. Kontserbetako, giro-tenperaturan baina leku freskoan zein hozkailuko lekurik epelenean gorde daitekez. Hozkailuan sartu ezkero, jan baino ordubete lehenago atara, gustuaz gozau ahal izateko. Ez dira izoztu behar.

Mailukiakaz mermeladea, konpotak eta postre gozoak egiten dira, besteak beste. Errezeta ezagunena honakoa da: marrubiak esne-gainagaz. Eta, zergatik ez esan: gozoena. Baina alde txarra be badauka: kontuan izan behar da oso postre energetikoa dala, azukeraz eta koipez (esne-gaina) osotua, baina marrubien kaltzioak eta nutriente-maila altuak konpentsetan dau hori, kaloria gitxikoak diralako. Gustu desbardinez gozetako, limoiagaz nahastea be beste ideia bat da. Horretarako, hozkailuan beratzen jarten dira ordu erdi batez azukeratan eta limoi-uretan.


Kereizak

Kereizen konposizioan, nutriente guztiak topau daitekez kantidade txikian. Osogai nagusia, beste frutu gehienetan legez, ura da (% 84,2). Ondoren azukera-muetako karbohidratoak ditu (% 13,3). Koipeak, proteinak legez, kereizen konposizinoaren % 1 dira. A, B, C eta E bitaminak kantidade oso txikian dgoz, baita gatz mineral eta oligoelementuak be: kaltzioa, fosforoa, magnesioa, burdina, sodioa, potasioa (ugariena), zinka, kobrea eta manganesoa.

Kereizek, ganera, elikagarriak ez diran baina zenbait gaixotasunetatik babesten gaituen beste osogai batzuk be baditue:

· Azido organikoak (malikoa, zitrikoa…): digestino-guruinak estimuleteaz gan, odola garbitzen dabe. Kolore gorri argia daben kereizak ilunak baino aberatsagoak dira azido-mueta honeei jagokenean.

· Disolbagarria dan landare-zuntza, pektinea gehienbat. Askotan komentau dogu zuntzak dauen disolbagarriaren funtzino laxantea eta hipolipemianteak edota odoleko kolesterol-maileak behera egiteko gaitasuna.

· Flabonoideak: horreei esker kereizek propiedade diuretiko, antioxidatzaile eta minbiziaren kontrakoak ditu. Kereizearen flabonoideen artean, aitagarriena azido elagikoa da. Azken ikerketek azido honek minbizia sortarazo leikien substantziak neutralizetan dituala erakutsi dabe.

· Azido salizilikoa: hanturearen eta erreumearen kontrako efektuak dituan aspirinearen aitzindari naturala dogu. Kereizetan 2 mg./kg-ko besterik ez da, baina bere efektuak nabarmentzeko, nahikoa.

Baina, aurrez esan dodan legez, bai mailukiak baita kereizak be fresko jan ezkero, askoz hobeto. Beraz, kontuan izan hilebete honetan eguneko zuntz eta C bitamina beharrak asetzeko aukera bikain eta gozoa eskaintzen deuskuela udabarriko fruta honeek, bai bakarrik janez, baita jogurtagaz edo esne-gainagaz batera. Arrazoi horreek guztiak dirala eta, urte-sasoi honetan jan daiguzan ahal dogun guztietan, eguneko 3-4 fruta-ale hartu behar dirala kontuan izanik. Amaitzeko, aitatu behar da 8-10 mailukik osotzen dabela alea, gitxi gorabehera; eta 13-15 kereizak. On egin eta gozau udabarriko eguzkiaz eta frutez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu