Die fälscher
2008-04-01 13:02 Zinema kritikakFilm hau sano ezaguna ez dan benetako jazoera baten oinarrituta dago: naziek dirua faltsutzeko martxan imini eben Bernhard operazinoan. Pelikuleak atzerriko film onenaren Oscar saria jadetsi dau, eta, egia esan, gidoi on-ona eta erritmo egokia daukaz.
- Zuzendaria: Stefan Ruzowitzky.
- Herrialdeak: Alemania eta Austria.
- Iraupena: 98 minutu.
- Antzezleak: Karl Markovics (Salomon Sorowitsch), August Diehl (Adolf Burger), Devid Striesow (Herzog), Martin Brambach (Holst), August Zirner (Klinger), Marie Bäumer (Aglaia), Dolores Chaplin (andrazko ulegorria), Veit Stübner, Sebastian Urzendowsky (Kolya), Andreas Schmidt (Zilinsky), Tilo Prückner (Viktor Hahn).
- Gidoia: Stefan Ruzowitzky; Adolf Burger-en The devil's workshop liburuan oinarrituta.
- Musikea: Marius Ruhland.
- Argazkia: Benedict Neuenfels.
- Muntaia: Britta Nahler.
- Jantziak: Nicole Fischnaller.
Film hau sano ezaguna ez dan benetako jazoera baten oinarrituta dago: naziek dirua faltsutzeko martxan imini eben Bernhard operazinoan, hatan be; horren bitartez, Ingalaterrako eta AEBetako ekonomia porrotera eroan gura eben, herrialdeotako ekonomiek xurgatu eikiena baino diru gehiago merkaduratuz. SSko handiki batek asmautako operazinoa zan eta horretarako hainbatkontzentrazino esparrutan kartzelaratutako juduen aditu talde bat aukeratu eben; taldearen buru Markovics-ek antzeztutako faltsutzailea izentau eben. Handik aurrera guzti-guztiek pribilegio ederrak eukiko ditue, baina bien bitartean kontzentrazino esparrutik bereizten dituan hormaz bestaldetik egunean-egunean zapaldu, umiliatu eta hildako juduen oihartzun, kexa eta aldarri ikaragarriak entzun ahal izango ditue.
Horra hor pelikulearen ardatz biak: batetik, operazinoa arrakastatsua izango ete dan jakitea, lapurreta eta iruzurren zinearen tradizinorik onenari jarraituta; bestetik, pertsonaiei sortzen jakezan kontraesanak, euren borreroei gerrea irabazteko laguntzinoa emoten dabilzalako. Eremu bi horreetan faltsutzaileak ames gaiztoaren ertzean bizi diralako zirrarearen barri emoten deusku narrazino sendo honek.
Pelikuleak atzerriko film onenaren Oscar saria jadetsi dau, eta, egia esan, gidoi on-ona eta erritmo egokia daukaz, antzezpenak bikainak dira eta girotze lana be ez da makala. Baina, hori guztiori gorabehera, ikusleek seguru antzean gaia behin baino gehiagotan ikusi dauenaren sentsazinoa eukiko dabe, beharbada lar ezaguna izateaz ganera, zinemagintzan askotan jorratu dalako. Kontuak kontu, ikusgai daukaguzan filmen artean ez da aukera txarra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!