Odol taldearen araberako dietea

Amaia Laforga Dietetikan Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2008-03-18 09:50   Jan edanak

Organismoa egoera onari eusteko dagozan dieta ugarien artean, odol taldearen arabera egindakoa be badago. Odol talde bereko personen ezaugarri komunak kontuan izanik, dieta honek odol-talde bakotxari hobeto egokitzen jakozan elikagaiak zehazten ditu. Elikagai batzuk besteen aurrean zelan lehenetsi be azaltzen dau.

Organismoa egoera onari eusteko dagozan dieta ugarien artean, odol taldearen arabera egindakoa be badago. Odol talde bereko personen ezaugarri komunak kontuan izanik, dieta honek odol-talde bakotxari hobeto egokitzen jakozan elikagaiak zehazten ditu. Elikagai batzuk besteen aurrean zelan lehenetsi be azaltzen dau.

Holako dieten famea edo oihartzuna azaltzeko faktore soziologiko asko dagoz. Osasunaren inguruan dagoan ardurea eta osasunari eusteko erremedio arinak eta, zergaitik ez esan, erremedio miragarri eta mistikoen arrakastea izan daiteke arrazoirik ulergarriena. Eta informazinoa jasoteko (modu aktiboan eta pasiboan) aukerek be errazten dabe holako dieten zabalkundea.

Adibide argia da Peter J. D'Adamo idazleak plazaratutako 'Eat Right For Your Type' liburua. Norberaren odol-taldea eta jangai-multzo batzuk kontsumiduteko aurre-jarrera genetikoa lotuta dagozala erakutsi gura dau idazlan arrakastatsu horrek.

O, A, B edo AB odol taldeko kide izatea osasunari oso lotuta dagoan berezitasuna da, batez be larrialdi egoeren aurrean. Danok dakigu odol-taldearen garrantzia medikuntzan, batez be istripu bat, interbentzino kirurgiko bat edo beste edozein arrazoi dala-eta odol-transfusino bat behar dogunean, norberaren odol taldea funtsezkoa bihurtzen da. Aitatutakoa jakina bada be, egia da odol talde bateko kide izateak gure organismoaren hainbat arlotan eragiten dauela. Horregaitik, gure odol taldeak guretzat komenigarriagoa dan elikadura muetea zehazten dau jaiotzatik. Azaldutako teoria horretan dago odol taldearen araberako dietearen jatorria.

Peter J. D´Adamo doktorea izan zan horren bultzatzailea. Eta beste buelta bat emon eutson jatorrizko ideiari: gizakien odol mueta guztiak ez zirala batera sortu, batzuk besteak baino lehenagokoak dirala. Teoria horren arabera, odol mueta desbardinak badagoz, historian gizakiak ingurura egokitzeko ohitura eta jarduerak aldatu ditualako da. Izan be, egokitzapen horrek eraginda, gizakiaren elikadurea be aldatuz joan da. Gauzak holan dirala, O taldea sortu zan lehenengo; ostean A, B eta AB taldeak.

Beraz, munduko lehenengo gizakiak, hau da, ehiztari nomadak, lehenengo taldekoak ziran. Nekazaritza eta kokaleku iraunkorrak sortzeagaz batera, A taldeko odola euken gizakiak agertu ziran. Ostean, gizakia abeltzaintzan hasi zanean, eta ondorioz esnea elikagai garrantzitsu bihurtu zanean, B odol taldea sortu zan. Azkenik, bi odol talde horreek batzerakoan, AB taldea agertu zan, barriena eta oraindino be ezohikoena dana.

Odol taldeak organismoaren barruan funtzino immunologiko garrantzitsua egiten dau. Horregaitik, teoria aberastu egiten da ikuspegi honegaz: gure dietan odol taldeagaz bat ez datozan elikagaiak sartzen badoguz, zeharka, gure defensa-sisteman eragina izan leikie. Hori guztia dala eta, autorearen arabera, O taldea ehiztari-taldeko gizakia da eta, bere izaera genetikoa dala eta, okelea jatea jagoko; A taldea nekazari muetakoa danez, genetikoki begetarianoa litzateke; B taldekoak omniboroak dira eta esnekien kontsumoa dabe bereizgarri.

Izan be, elikagai guztiek proteinak ditue, gehiago edo gitxiago, eta horreetako batzuk defensa-sistemearen ganeko eragin kaltegarria izan leikie sistema horren ezaugarriakaz bat ez badatoz. Ondorioz, dieta honen arabera, elikagaien kontsumoa odol taldera egokitu behar da.

O odoleko personek okelak, arrainak, frutuak eta barazkiak ondo bereganatzen ditue. Barriz, aleak eta zerealak dira eurentzat elikagai kaltegarrienak. A odol taldeko personentzat, barriz, ale, zereal eta barazkiak dira elikagai onuragarrienak.

B taldeko personei esnekiek ondo egiten deutsie eta arrain zein okelak jateak be ez deutsie kalterik egiten. Hori bai, aleen kontsumoa alde batera itxi behar dabe. Azkenik, AB taldeko personek mueta guztietako elikagaiak sartu ahal ditue euren dietan, beti be okela gehiegi jan barik. Bide horretan, kontuan izan behar da AB odol taldea dala guztien artean garatuena, ganerako guztien emoitza baita.

Dieta deigarria benetan, baina, bere oinarriaren inguruko zalantzak dagozala argitu behar da, batez be bere garapen zientifikoari eta bertatik eratorritako ondorioei jagokenez. Ikus daitekenez, odol-talde guztietan elikagai multzoak murrizten dira, dietearen orekea galduta, eta osasunean ondorio larriak ager daitekez.

Odol-taldearen araberako dietea eraginkorra izan daiteken ustean, kontu handiz eta epe mugatu batean egiteko gomendioa egiten deutsuet. Mueta guztietako elikagaiak jateari ixten ez badeutsagu, ez dau zertan kaltegarria isan osasunerako, baina dietista-nutrizionista baten aholkua beharrezkoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu