Bilboaldea lehenengoz txapeldun BBK txapelketan

Gorka Intxaurbe 2008-03-17 14:02   Bertsolaritzea

Barikuan jokatu zan Bilboko Kafe Antzokian XVI. Bertsolari Gazteen BBK Txapelketea. Azkeneko urte biotan sariketa honek eskertu dau, ikuslegoaren alderditik behintzat, barriro Kafe Antzokietara bueltetea: Durangokora igaz eta Bilbokora aurten. Giro ikaragarriagaz, iluntzeko 19:00ak pasautxo zirala, aurkeztu zituan Bernar Mandalunizek saioko lehenengo protagonistak.

Barikuan jokatu zan Bilboko Kafe Antzokian XVI. Bertsolari Gazteen BBK Txapelketea. Azkeneko urte biotan sariketa honek eskertu dau, ikuslegoaren alderditik behintzat, barriro Kafe Antzokietara bueltetea: Durangokora igaz eta Bilbokora aurten. Giro ikaragarriagaz, iluntzeko 19:00ak pasautxo zirala, aurkeztu zituan Bernar Mandalunizek saioko lehenengo protagonistak. 18 urtera arteko gazteak honakoak izan ziran:

Ipar-Uribetik: Imanol Uria, Maialen Markaida eta Jone Uria.
Bilboaldetik: Eire Larrea, Peio Ormazabal eta Irati Erkizia.

Saioari hasierea emoteko, era guztietako agurrak entzun ahal izan genduzan. Halanda be, danen artean batek eragin eban txalo zaparrada handiena. Peio Ormazabalek BBK bankuak hipoteken munduan daukan azkeneko eskaintzea ekarri euskun gogora:

Cincuenta años una hipoteca,
muy poco es lo que cuesta.
Holan gazteok etxe duin bat,
lortu ahal dugu eureka.
Baina gu zorrez beteta,
aberasten da BBK.
Etorkizuna hipotekatuz,
dirua lortzen da eta.
Baina guk badugu beta,
honi emateko buelta.
Frakak jaitsita ipurtzulotik,
sartu zure hipoteka.


Gaztetxoen zortziko handiko eta txikiko saio biziak

Imanol Uriak eta Eire Larreak ekin eutsien zortziko handian lehenengo ofizioari 4 oinakaz zortziko txikian bertso bana ondo osotu eta gero. Merkataritza zentro batera joan eta bertan preso geratzen diran lagun biren papelean kantau eben: Imanol pozik dago, Eire ostera, larri. Imanol hasi zan esanez, beti gura izan dauena egin ahalko ebala. Eirek ia eskumako hankan eskua nork ipini deutsan galdetu eban. Imanolek amaitzeko, inguruko platanoakaz jolasteko proposamena luzatu eutsan, Eirek kamarak grabetan dagozala eta hoba beste baterako ixtea esanez akabau eban ofizioa. Agirian geratu ziran Imanolen segurtasuna eta Eireren bizkortasuna ideietan.

Peio Ormazabal eta Maialen Markaidaren ordua etorri zan gero. Peiok bertsoa seguru bete eban oinakaz zortziko txikian, Maialenek Peiok baino urduriago hasi eban bere lana. Halan da be, bertsoak kantau ahala gora egin eban. Zortziko txikian ofizioka egiteko gaia hau izan zan: gazteak zarie biok, alkarregaz ligau dozue baina kondoirik ez. Farmaziara hurreratu zarie baina ez bata ez bestea ez zarie eskatzen ausartzen. Peiok holan akabau eban lehenengo bertsoa: 'nik eman nizun aizu, lehenengo muxua/ orain zuk eman zazu, hurrengo pausua'. Maialenen erantzuna: 'zergatik holakoak, gertatzen dira maiz/ benga zuk eska zazu, txikiegia naiz'.


Bakarka, huts barik

Irati Erkizia 'kartzelan' zala erantzun eban Jone Uriak Bernar Mandalunizek iminitako puntua: 'sekreturen bat dozu, zuk ondo gordeta/ bai nola irabazi, gaurkoan BBK/ Bilboaldea jarri, mesedez arreta/ eredurik onena, daukazue eta'. Azken puntuari erantzun ostean, hurrengoa izan zan bertso baterako gaia: dantzaria zara, han hemenka ibili eta gero, gaur zure herrian egingo dozu dantzan. Holan amaitu eban Jonek bere bertsoa: 'ta hala ere urduri nago, larritasun nabarmena/ zuen aurrean daukadalako, presiorik handiena'.

Iratik kartzelatik bueltan, era honetan kantau eban azkena puntua emonda: 'Bertso-eskolan ikasi nuen, bertsoa amaitzen berez/ saio askotan, ni animatzen, egonik betiko legez/ nire ondoan jarrai zazue, urte askotan mesedez/ asko da egin dozuena ta, eskerrik asko bihotzez'. Azken lanari barriz, holan erantzun eutsan: 'kanpotarrekin arrotz modura, bukatu egin dut erreta/ nire herria dantzan jartzeko, garaia heldu da eta'. Biek be, maila ona erakutsi eben eta jenteak gustura entzun zituan euren bertsoak.


Nagusien ordua

24 urtera arteko gazteak honakoak izan ziran:

Ipar Uribetik: Arrate Illaro, Peru Vidal eta Itxaso Paia.
Bilboaldetik: Arkaitz Zipitria, Eneko Piedra eta Oihana Bartra.

Arrate Illarok emondako oinakaz holan osotu eban bertsoa: 'gaur irabaztea da, nahi dugun bakarra/ inguru erdaldun bat, bihurtuz izarra/ Ipar-Uribe izan, dadila iparra/ ta berritu dezagun, Euskal Herri zaharra'. Arratek eta Arkaitzek alkarreri ondo eta bizkor erantzunez jardun eben zortziko handian ume bat jagon behar daben neba-arreben papelean.

Hurrengo atala umorez hasi eban Eneko Piedra bilbotarrak. Oinak emonda ederto osotu eban bere bertsoa Peio Ormazabalek agurrean hasitako bideari jarraituz: 'azken aldian txarto, dabilkit enpresa/ Kaiman irletara edo, eingo dut ihesa/ kutxa honek ez dit eta, ematen babesa/ BBK-k altuegi, dauka interesa'. Zortziko txikerreko ofizioan Peru Vidal Eneko Piedraren amama da, Peruren urteak dirala eta, Enekok spa batera eroan dau Peru amama. Jacuzzian sartuta dagoz biak. Peruren bigarren bertsoa hau izan zan: 'badakit nondik zoazen, ta ez zoaz ondo/ zuri herentziarik, ez dizut emango'. Enekoren erantzuna: 'plazerrez hilko zara, jacuzzian sartuta'.

Bakarkako lanean, Itxaso Paiaren beharra ona izan zan baina Oihana Bartrak bakarkako hiru lanetan asmau eban, gai baten inguruko bertso biakaz batez be. Familia guztia batu zarie eta gaurkoan bai, gaurkoan esan beharrekoa esan behar deutsezu. Hau izan zan bere bigarren bertsoa, lehenengoan hilabete barru bizienagaz hil egingo zala esan ondoren:

Jende guztia susto aurpegiaz
geratu jata begira.
Ta aitari malkotxo bat,
etorri jako begira.
Esan deustie egin nahi,
deustiela despedida.
Ta guztietan igarri,
dot sekulako gupida.
Ke ba, ke ba broma bat zan,
broma baino ez zan tira.
Haurdun nago esan ta,
oso pozik jarri dira.


Saio puntuagarri guztiak amaituta, Bilboaldeak 415 puntu batu zituan eta Ipar-Uribek 388. Bilboaldeak lehenengoz eroan eban BBK-ko txapela eta ondo mereziduta ganera. Ipar-Uribe hurrengoetan be ikusteko gogoagaz geratzen gara.

Aparteko sari bi banatzen dira BBK-n urtero. Bata, finalista gazteenari, hau da, Imanol Uriari eta bestea bizkaiera egokiena erabili dauenari. Aurten Amaia Uribek jaso dau sari hori. Sariketa honetan bizkaierea gazte askok ondo erabilten dabe eta gero eta gehiagok eta gehiago erabiltea espero dogu.


Aurreko urteetako irabazleak

Urtea

Irabazlea

Bigarrena

Bizkaiera

Finalistarik gazteena

1993

LEA ARTIBAI

DURANGALDEA

Haritz Lopategi

Joseba Goienola

1994

BUSTURIALDEA

DURANGALDEA

Haritz Lopategi

Onintza Enbeita

1995

BUSTURIALDEA

DURANGALDEA

Asier Legarreta

Anartz Aranguena

1996

LEA ARTIBAI

BUSTURIALDEA

Xabier Enbeita

Gorka Ostolaza

1997

LEA ARTIBAI

BILBOALDEA

Urtzi Urrrutikoetxea

Xabier Paya

1998

LEA ARTIBAI

BILBOALDEA

Ibon Ajuriagoieskoa

Xabier Paya

1999

IPAR URIBE

BILBOALDEA

Ander Ibarra

Oihana Batra

2000

BUSTURIALDEA

LEA ARTIBAI

Eñaut Intxaurraga

Amaia Jauregizar

2001

LEA ARTIBAI

IPAR URIBE

Jon Rementeria

Miren Ibarluzea

2002

IPAR URIBE

BUSTURIALDEA

Iñaki Iturriotz

Ander Elortegi

2003

ARRATIA

BUSTURIALDEA

Miren Amuriza

Jurek Zienkiewic

2004

IPAR URIBE

ARRATIA

Oihana Bartra

Jurek Zienkiewic

2005

DURANGALDEA

ARRATIA

Oihana Bartra

Miren Amuriza

2006

DURANGALDEA

IPAR URIBE

Miren Amuriza

Jone Uria

2007

IPAR URIBE

BUSTURIALDEA

Eñaut Uruburu

Imanol Uria


www.bertsoa.com webgunean finaleko bertsoak entzuteko aukerea egongo da laster. Entzun egizuez, merezidu dau eta!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu