Itsaskia, edozein ospakizunetarako errege nutritiboa

Amaia Laforga Dietetika Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2008-03-04 13:53   Jan edanak

Itsaskia oso aberatsa da gatz mineraletan, batez be burdinean, zinkean, potasioan eta iodoan, nahiz eta espeziearen arabera konzentrazinoak aldatu egiten diran.

Ospakizun berezi gehienetan preziatua izan ohi dan itsaskiaz berba egingo dogu oraingoan. Duda barik, aukera parebakoa eskaintzen deuskue, gordinik, egosita, plantxan, prijituta… nahiz saldan, entsaladan eta beste plater askoren lagungarri preparetako, berbarako, arrozagaz.

Itsas animalia ornobakoak dira itsaskiak eta bi taldetan batzen dira: krustazeoak eta moluskuak taldeetan. Ondokoak dira krustazeoen ezaugarri nagusiak: estalki gogor edo biguna, bi antena eta simetrikoki banatutako hankak (kopurua ez da beti bera). Talde honetakoak dira ganbak, otarrainak, otarrainskak, kiskilak, zigalak, karramarroak, abakandoa, txangurroa, nekora, lanperna eta itsasoko idia. Moluskuek, barriz, tegumentu biguneko animaliak dira eta normalean bi maskor simetrikoz estaliak, horregatik bibalboak izenagaz be ezagutzen doguz: txirlak, muskuiluak, muxilak, berberetxoak, ostrak, beirak, lapak, kadeluxa eta itsas barraskiloak. Beste molusku batzuk, bibalboak ez diranak txibiak, olagarroak eta txokoa dira.


Nutrizinoaren aldetik

Itsaskia oso aberatsa da gatz mineraletan, batez be burdinean, zinkean, potasioan eta iodoan, nahiz eta espeziearen arabera konzentrazinoak aldatu egiten diran. Mineral horreetako bakotxak organismoan dauen funtzinoaren arabera, potasioa gorputzaren oreka hidrikoa eta bihotzeko giharren egoera onari eusten deutson depuratzailea dala esaten da. Bestetik, burdinak B12 bitamina xurgatzen dau eta hemoglobina eraketan beharrezkoa da; iodoak, barriz, ulearen eta atzazalak hazteko ezinbestekoa da eta glandula tiroideak ondo funtzionetako ezinbestekoa da. Azkenik, zinkak antioxidatzaile lana egiten eta zelulen zahartzea atzeratuz, eta fosforoak organismoaren hazur egitura sartzen laguntzen dau. Era berean, B multzoko bitaminatan be aberatsak dira; B2, B6 eta B12 bitaminek karbono hidratoen, gantzen eta proteinen metabolismoan eragiten dabe.

Itsaskien proteinak danontzat dira onak, organismoaren ehunen osoketan eta birsorkuntzan laguntzen dabelako baina azido urikoa dabenentzako arazo iturri izan daiteke. Gantzen aldetik ez dira oso aberatsak. Gantzak Poliinsaturatuak dira (omega 3 azidoak), osasungarritzat joten dan bariedadekoak. Egia da proteina eta gantzen proportzinoa hobea dala maskorra daben itsaskietan, eta nutritiboagoak izateaz gan gitxiago loditzen dabela.

Kontsumidu ahal izateko bete behar daben lehenengo baldintza, freskoa izatea da ze oso arin hondatzen dira; horregaitik, egunean bertan edo, gehienez, biharamunean ez badira preparetan, ahalik eta arinen izoztea da bidea. Bibalboak bizirik erosi behar dira, maskorra apurtu barik eta preparaukeran zabaltzen diranak baino ez jan. Krustazeoak, bizirik edo egosita eros daitekez; kolore ona izan behar dabe, leun-leun egotea be nahitaezkoa da eta oskola eta okelea banatzean erresistentzia apur bat igarri behar da.


Zelan preparau

Preparau aurretik gatzuretan eukitea komenidu da holan harea baztertzeko. Gordinik jateko asmoa izan ezkero, kontuz! Osasunari kalte egin leikioen bakterioak izan leikez eta; duda barik, egostea da onena. Kontuak kontu, itsaskiak oso erraz preparetan dira eta nutrizino osoketan ez da galerarik izaten. Bibalboak lurrunetan hartzen dira, teknika horrek ez ditu gustoa eta bitamina eta mineral edukiak aldatzen. Oso denpora gitxi euki, maskorrak edegi arteko denporea nahikoa da. Beste aldetik, azal gogorreko krustazeoak bizirik erosi behar dira eta ur gazitan irakin; normalean, besteak baino denpora gehiago eduki behar dira, batez be, otarraina eta abakandoa. Ganba, otarrainska eta antzeko molusku txikiak, barriz, plantxan erreta be gozoak izaten dira eta ez dabe propiedaderik galtzen.

Dana dala, osasunagaitik eta ahosabaiagaitik hobe da preparetako modu horreek erabiltea eta ozpin-orioak edo entsalada berdeak edo pasta entsalada errezetatan jatea.

Amaitzeko, ez dogu astero itsaski-platerkadea jan behar danik esango, baina aukera ederra eskaintzen dabe janari batzuen lagungarri bezela, besteak beste, arroza edo espagetiak muskuiluakaz, indabak txirlakaz edo edozein arrain saltsan txirla eta muxilakaz, edo horreek bakarrik; gehien gustetan edo komenidu jatzuen moduan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu