Kafea eta kafeinea
2008-02-14 11:32 Jan edanakKafea, kafeina gehien dauen edari naturala da. Eta kafeinea kafeak dauen substantzia ezagunena, bizigarritasuna ez eze mingostasuna be emoten deutsona.
Jente asko dago kafea hartu ‘behar’ dauena egunerokoari aurre egiteko: goizean izartuteko, bazkalondoan lo ez geratzeko, eta arratsaldean eta iluntzean be bai, gorputzaldiari eusteko.
Kafeak erne egoten laguntzen dau, aktiboago egoten, eta sentsazino gozoa sentiarazoten dau. Ikerketa batzuen arabera, barriz, kafearen kafeineak menpekotasuna sortarazoten dau. Kafea egunero edaten ohituta dagoanak eguneroko ‘dosia’ hartu ezean, ‘faltan’ hartuko dau, eta logurea eta buruko mina izan leikez.
Era berean, neurrian hartzen ez bada, gorputzaldi txarra eragin leike: urdaila nahasten dau eta urduritasuna agertu daiteke. Gainera, zenbait lagunek kafeinea ez dabe onartzen eta, horregaitik, kafeinadun edariak edatea ebitau behar izaten dabe: kafea, tea, kola-edariak...
Kafea, kafeina gehien dauen edari naturala da. Eta kafeinea kafeak dauen substantzia ezagunena, bizigarritasuna ez eze mingostasuna be emoten deutsona.
Halan da be, edaten dan kafearen % 10 kafeinabakoa da, eta eskaria gorantza doa. Kafeinea kentzeko teknikak badira, baina kafearen gustoan eta usainean eragina dabe. Kafeinea kendu ezkero, gustoa be kentzen jako. Kafeinarik hartu nahi ez dauenarentzat, edo komenidu ez jakonarentzat, kafeinarik bako kafea be badago. Baina kafezale amorratuarentzat pekatua da kafeinabakoa hartzea, kafe onaren usain gozoa falta jako eta.
Izan be, kafetik kafeinea kentzeko prozesuetan, beste osogai batzuk be kentzen dira, berbarako, kafearen berezko usain atsegin horretan eragina daben osogaiak. Eta, horregaitik, arrazoia dabe kafeinabakoak kafez gusto gitxi daukala dinoenek.
Kafearen efektu kaltegarriak
Mundu zabalean hirurogei bat landareren hosto, hazi edota frutuek produziduten daben alkaloidea da kafeinea: organismoko zelula guztietan erraz sartzen da eta neuronen arteko transmisinoa estimuletan dauenez, egunean 300 miligramo kafeina (bizpahiru kafe-katilu) baino gitxiago hartzeak organismoa suspertu, nekea arindu eta funtzino intelektualak errazten ditu. Kafeinea, beste aldetik, basokonstriktorea da garunean, izan be, migraineari aurre egiteko botika batzuek kafeinea dabe osogaien artean. Kafeinea ez da organismoan metatzen: gibelean endekatzen da eta, hartu ondorengo 3-6 orduren buruan kanporatu egiten dogu, txisagaz.
Kafe gehiegi hartzeak eragin kaltegarriak izan leikez, besteak beste, aztoramena, nahasketa, insomnioa, takikardia, dardarea eta urdaileko gorabeherak. Dana dala, katilu bakarra hartuta be, persona batzuek ondoeza semtiduten dabe. Kafeineak urdailean pepsinearen eta azido klorhidrikoaren jariatzea areagotzen dauenez, kafeinea daben edariak hartzea ez jake komenidu digestinoa ondo egiten ez daben lagunei. Kafeineak taupaden frekuentzia eta arterien presinoa azkartu egiten dau baina efektu horrek oso gitxi irauten dauenez, hipertensinoa edo bihotzeko gatxak dituen pazienteek be kafea neurri hartu leikie, jakina, medikuen aholkuei jaramon eginaz.
Kafeinea zelan kendu
Kafeinea kentzeko, karbono dioxidoa edo disolbatzaile organikoak erabilten dira eta, kafe gustoa gitxitzeaz gan, osasunerako kaltegarriak be izan daitekez. Alemanian egindako ikerketa batek adierazoten dau disolbagarri horreek kafeinea baino kaltegarriagoak izan daitekezala hipertensinorako. Oraindino aztertzen ari dira, baina halan da be kafeinabakoa ez litzateke hain gomendagarria izango. Bada beste aukera bat: karbonozko iragazki bat erabiltea, hain zuzen, baina ganerako teknikak baino askoz karuagoa da, eta horregaitik erabilten da gitxiago.
Eskatzen hasita, aukeran onena landareak berak kafeinarik bako kafe-aleak emotea izango litzateke; osasunari ez leukio kalterik egingo, gustoa eta usaina bere horretan mantenduko litzatekez, eta kafeinea kentzeko edozein teknika baino merkeagoa izango litzateke. Baina horretarako kafeinearen genea eraldatzea nahitaezkoa izango litzateke, kafeinabako landare transgenikoa sortuz eta oraindino prozesua ez da osorik garatu. Europan, esate baterako, ez dabe arrakasta handirik espero, europar gehienak oraindino ez dituelako begi onez ikusten transgenikoak. Dana dala, merkatura heltzen danean, eztabaidatu egin beharko da bietatik zein kafeinabako dan onena: ohiko tekniken bidez kafeinea kendu jakona ala geneak aldatuz hazitakoa.
Nire aholkua: ez badogu kafeinarik hartu behar, kafea baztertzea aukera osasungarriena izango da beti, transgenikoakaz edo prozesu kimikoakaz konparauta, behintzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!