4 luni, 3 saptamani si 2 zile

Joseba Terreros 2008-02-06 11:33   Zinema kritikak

Film honetan, zuzendariak gizarte eta giro latza irudikatzen ditu, Ceauşescu-ren diktadurea jausi aurreko urtean ezkutuan abortetako erabagia hartu daben ikasle gazte biren inguruan.

- Zuzendari eta gidoilaria: Cristian Mungiu.
- Herrialdea: Errumania.
- Iraupena: 113 minutu.
- Antzezleak: Anamaria Marinca (Otilia), Laura Vasiliu (Gabita), Vlad Ivanov (Bebe jauna), Alex Potocean (Adi), Luminita Gheorghiu (Radu andrea), Adi Carauleanu (Radu jauna), Madalina Ghitescu (Dora), Catalina Harabagiu (Mihaela), Sanziana Tarta (Carmen), Mihaela Alexandru (Daniela).
- Argazkia: Oleg Mutu.
- Muntaia: Dana Bunescu.
- Diseinua: Mihaela Poenaru.
- Jantziak: Dana Istrate.

Gai eztabaidagarri eta arantzatsua jorratu arren, Errumaniako film honek sari ugari jaso ditu, besteak beste Cannesko Urrezko Palma, film eta zuzendaririk onenaren saria Europako Sarietan eta Fipresci Saria Donostiako Zinemaldian. Zuzendariak gizarte eta giro latza irudikatzen ditu, Ceauşescu-ren diktadurea jausi aurreko urtean ezkutuan abortetako erabagia hartu daben ikasle gazte biren inguruan.

Pelikulea garratza da, gogorra, baina zintzoa eta benetakoa. Errealismo gordin bati jarraituta, jarrera moralistei iges egiten deutse, baina beti be egoera larri eta dramatikoa aurkezteko konpromisoari eutsita ezelako arinkeria eta iruzur barik.

Errealidade gorria eta latza erakusten deusku: Gabita umedun dago eta abortau gura dau, baina hori ez da legezkoa; Otilia, ikasle egoitzako adiskide eta gelakideak lagunduko deutso bape eskrupulurik ez daukan 'basapizti' batek abortua egin behar deutsien hotelera. Hortxe hasiko da gazte bi honeen dramea eta itolarria.

Kontakizuna protagonisten inguruan bilbatzen da eta behar ona egin dabe, karakterizatzeko orduan. Batetik, Otiliaren bihotz ona, indarra eta sendotasuna agertzen jakuz eta, kontrapuntu modura, Gabitaren makaltasuna, mina eta lañotasun interesatua. Ganerako personaiek, Bebe jauna alde batera lagata, ia ez daukie pisurik.

Itxitasunari, estutasunari eta trinkotasunari erreparauta, film luze honek antzezlan baten ikutua daukala esan daiteke; ez dauka osogarri estetikorik, ez musikarik… Horrek, duda barik, atmosfera eta giro ilun eta mina irudikatzen laguntzen deutso. Ganera, Errumaniako diktadura sasoiko bizimoduaren barri emoten deusku: kontrol polizialak, urietan trankil ibilteko arazoak, oinarrizko produktuak eskuratzeko merkadu baltza… Eta egoera horretatik babestu guran-edo, gizartearen degradazino morala be azaltzen da. Azken baten, abortuaren gaia egoera sozio-politiko baten barri emoteko atxakia bihurtzen da. Filma bikaina da, bikaina baizen latza.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu