This is England
2008-01-22 16:53 Zinema kritikakZuzendariak Ingalaterrako 'skinhead'-en mundua aurkeztuko deusku. Horretarako, pelikuleak azpimundu horretan sartu barri dan gaztetxu baten esperientzietan oinarritutako istorio xume bat erakusten dau. Gai hori nahiko jorratu da azken urteotako zinemagintzan eta filma aldez aurretik ikusi dogula emoten dau.
- Zuzendari eta gidoilaria: Shane Meadows.
- Herrialdea: Erresuma Batua.
- Iraupena: 98 minutu.
- Antzezleak: Thomas Turgoose (Shaun), Stephen Graham (Combo), Jo Hartley (Cynth), Joe Gilgun (Woody), Andrew Shim (Milky), Vicky McClure (Lol), Rosamund Hanson (Smell), Andrew Ellis (Gadget), Kieran Hardcastle (Kes), Jack O'Connell (Pukey Nicholls).
- Musikea: Ludovico Einaudi.
- Argazkia: Danny Cohen.
- Muntaia: Chris Wyatt.
- Zuzendaritza artistikoa: Mark Leese.
- Jantziak: Jo Thompson.
Larogeiko hamarkadearen hasikeran, Margaret Thatcher-en Ingalaterra krisiak jotako herrialdea da: langabezia handia, arazo xenofoboak, Malvinetako gerrea… Horixe da film honetako abiapuntua, azken batean, atxakia ezin hobea gizarte horren kritika zorrotza egin eta errealidade sozio-ekonomiko horren ikuspegi gordin, gogor eta latza agirian iminteko.
Zuzendariak Ingalaterrako 'skinhead'-en mundua aurkeztuko deusku giro horren isla: personaia menderagatx baizen trentinbakoak, irainez betetako alkarrizketak, debaldeko indarkeria… Hori guztiori preminak eta larritasunak inguratutako gizarte baten ezaugarrien barri emoteko tresna modura agertzen da.
Horretarako, pelikuleak azpimundu horretan sartu barri dan gaztetxu baten esperientzietan oinarritutako istorio xume bat erakusten deusku, narrazino erritmo egoki eta tirabiratsu bati helduta. Bizitasun horri, ganera, antzezleen eta batez be protagonistearen jardun ona gehitu behar jako, bai eta benetakotasun osoa dauen gidoia be.
Edozelan be, pena bat da personaiak hain banakatuta agertzea, hain aldenduta; ez da sakontzen alkarregaz dituen hartu-emonetan, ez eta euren jokabidearen arrazoietan be. Beharbada, giza erradiografia honen asmoa ez da ezelan be zuztarretara jotea, baina unekada batzuetan demaseko azalkeria igarten jako, lotura faltea, hatan be. Ganera, gai hau nahiko jorratu da azken urteotako zinemagintzan, kasurako Kean Loach-en lanetan, eta aldez aurretik ikusi dogula emoten dau. Kontuak kontu, gizarte zauritu batera hurreratzeko proposamen interesgarria da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!