American gangster

Joseba Terreros 2008-01-10 14:32   Zinema kritikak

Film honetan makina bat bitarteko erabili da, besteak beste gidoi ona, antzezle bikainak, girotze lan ederra… baina, kontuak kontu, ederto atondu eta egituratutako pelikula zuzen honek originaltasuna, ausardai eta erritmoa falta ditu.

- Zuzendaria: Ridley Scott.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 157 minutu.
- Antzezleak: Russell Crowe (Richie Roberts), Denzel Washington (Frank Lucas), Chiwetel Ejiofor (Huey Lucas), Cuba Gooding Jr. (Nicky Barnes), Josh Brolin (Trupo detektibea), Carla Gugino (Laurie Roberts), John Hawkes (Freddie Spearman), Ted Levine (Lou Toback), Armand Assante (Dominic Cattano), Common (Turner Lucas), John Ortiz (Javier Rivera).
- Gidoia: Steven Zaillian.
- Musikea: Marc Streitenfeld.
- Argazkia: Harris Savides.
- Muntaia: Pietro Scalia.
- Diseinua: Arthur Max.
- Jantziak: Janty Yates.

Hirurogeiko hamarkadearen amaieran Frank Lucas New Yorkeko mafiaburu baltz baten txoferra besterik ez zan, baina, buruzagia ezustean hil zanean, inperio barria eregi eta ameseta amerikarra gauzatu eban.

Film honetan makina bat bitarteko erabili da, besteak beste gidoi ona, antzezle bikainak, girotze lan ederra… baina, kontuak kontu, ederto atondu eta egituratutako pelikula zuzen honek originaltasuna, ausardai eta erritmoa falta ditu.

Batetik, Frank Lucas dogu, mafioso baten gidari eta konfiantzazko gizona izatetik benetako kapoa izatera igaroko dana. Ez dau inoren arretea bereganatu gura, ez dau atentzinoa emoten eta horri esker ezustean eta isilpean egiten ditu negozioak, inguratzen dauen ustelkeriak eragingo ez baleutso lez. Bestetik, Richie Roberts dago, bere lanbidean printzipio sendoei jarraitu bai baina bizitza pribatuan bestelako abiaburuak dituan polizia neskazale baizen zehatza. Halanda ze, haren bizitza personalak behea joten dauenean, narkotrafikatzailerik handiena, Frank Lucas, atrapetako eginahalak eta bi egingo ditu.

Gauza bik lotzen ditue personaia nagusiak: printzipio etiko sendoak, batez be euren bizimoduari deukotsien fideltasuna eta leialtasuna. Horrek guztiorrek aurreikusteko moduko amaierea ekarriko deusku, baina, dudarik bape ez dago antzezle bien jarduna ezin hobea, bikaina, dana. Horreexek dira pelikula honen osogairik onenak: antzezpen zoragarriak, gidoi funtzionala eta girotze lan itzela. Zoritxarrez, gorago esan dogun lez, filma unekada batzuetan indarge agiri da, zuzendariak ez dau arriskurik hartzen eta lar luzea da. Emoia, beraz, gazi-gozotzat hartu leiteke, ez ur ez ardao.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu