Se, jie

Joseba Terreros 2007-12-26 16:49   Zinema kritikak

Film interesgarri honetan era guztietako osogaiak topau geinkez: maitasuna, traizinoa, sedukzinoa, erotismoa, gerrea, politikea, handigurea eta botere gosea, baina batez be giza zirraren bidezidor oker baizen iluna.

- Zuzendaria: Ang Lee.
- Herrialdeak: Txina eta AEB.
- Iraupena: 157 minutu.
- Antzezleak: Tony Leung (Sr. Yee), Tang Wei (Wong Chia Chi), Joan Chen (Sra. Yee), Wang Leehom (Kuang Yu Min).
- Gidoia: Wang Hui Ling eta James Schamus; Eileen Chang-en kontakizunean oinarrituta.
- Musikea: Alexandre Desplat.
- Argazkia: Rodrigo Prieto.
- Muntaia: Tim Squyres.
- Diseinua: Pan Lai.
- Jantziak: Pan Lai.

Bigarren Mundu Gerrea Shangai urian. Neska unibersitario txinatar bat, Wong, antzerki talde batean sartu da, Kuang ikaskide karismatikoa ezagutu ostean. Wongek eszenatokian gozetan dau, baina Kuangek benetako bizitzan zeregin arriskutsuago bat antzezteko proposamena egingo deutso: Yee japoniar kolaborazionistearen emaztearen lagun bihurtzea. Azpijokoaren helburua Yee hiltea da. Planak huts egingo dau, baina urte batzuk geroago Kuang barriro agertuko da Wong-en bizitzan, eta ostera be misino arriskutsu bati ekiteko eskatuko deutso.

Film interesgarri honetan era guztietako osogaiak topau geinkez: maitasuna, traizinoa, sedukzinoa, erotismoa, gerrea, politikea, handigurea eta botere gosea, baina batez be giza zirraren bidezidor oker baizen iluna. Protagonista konplexuak ikusi ahal izango doguz eta euren kontraesanak eta bakardadea aztertu, bizitzan zer dan baliotsua konturatu gaitezan. Hori guztiori, ganera, ukutu klasiko erakargarriaz zipriztinduta dago eta teknika, musika nahiz argazki ederraz horniduta.

Edozelan be, Ang Leek ez dau filmaren tempusa lar jagon; hasikerea ez da ona, ezta zentzuduna be; ganera, unekada batzuetan istorioak astiroegi egiten dau aurrera, astun, kantsauta balego legez. Era berean, gidoia nahastari azaltzen jaku, arrasto gehiegi emon behar deuskuzalakoan-edo. Azkenik, metrajea luze-luzea da, eszena dezente sobran izan arren. Minutu batzuk kendu eta hasikera arinagoa emon izan baleutso, pelikula bikaina izango litzateke, duda barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu