Molière

Joseba Terreros 2007-11-30 15:37   Zinema kritikak

Ikusleek ezusteko handia hartuko dabe film honetara Frantziako dramaturgo handiaren lan eta ibilbidearen nondik norako zehatzak topau guran badoaz.

- Zuzendaria: Laurent Tirard.
- Herrialdea: Frantzia.
- Iraupena: 116 minutu.
- Antzezleak: Romain Duris (Molière), Fabrice Luchini (Jourdain), Laura Morante (Elmire), Edouard Baer (Dorante), Ludivine Sagnier (Celimena), Fanny Valette (Henriette), Gonzague Requillart (Valère), Mélanie Dos Santos (Louison), Gilian Petrovski (Thomas), Sophie-Charlotte Husson (Madeleine).
- Gidoia: Laurent Tirard eta Grégoire Vigneron.
- Musikea : Frédéric Talgorn.
- Argazkia: Gilles Henry.
- Muntaia: Valérie Deseine.
- Diseinua: Françoise Dupertuis.
- Jantziak: Pierre-Jean Larroque.

Ikusleek ezusteko handia hartuko dabe film honetara Frantziako dramaturgo handiaren lan eta ibilbidearen nondik norako zehatzak topau guran badoaz: ez nago Molière handiaren biografiaren jakitun, baina pelikula honetan azaldutako jazokizunen fideltasun historikoa seguru ez dana ezelan be hurreratzen benetako bizitzara. Hori bai, horren ordez, komedia erromantiko arin, bizi eta pipertsua topauko dabe, handigura larregirik euki ez baina erraz be erraz ikusten dan pelikula freskoa.

Batzuk dira pelikula honek daukazan doeak; horreetariko bat, duda barik, kontakizuna girotzeko egindako behar eskerga. Alderdi tekniko eta artistikoa ondo baino hobeto jagon dabe, seguru antzean hori egiteko baliabide ekonomiko handiek lagunduta. Bestalde, narrazinoaren erritmoa bizi-bizia da, ez da behin be gelditzen eta personaien arteko hartu-emonek (beti txarto ulertuen, ezin askatu daitekezan troinuen, alkarreri sartutako zirien eta erdi egien artean dabilzanak) argi erakusten dabe gidoia atontzeko zeregina ganorazkoa eta zorrotza izan dana.

Era berean, hiru antzezle nagusiren lana distiratsua da, orekatua, eta ez da inon be agiri holango istorioetan hain ohikoa dan neurriz kanpoko histrionismo merkea.

Laburbilduz, denpora tarte atsegin eta gozagarri bat pasetako film interesgarria; ez da maisu lan bat, baina koktel ontzian ondo egindako elementu guztiak sartzen badoguz, emoia, benetan, ez da bape txarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu