Lions for lambs
2007-11-23 15:04 Zinema kritikakRobert Redford handiak zuzendu dauen Lions for lambs film hau AEBetako kanpo politikeari eta sistemeari egindako kritika zorrotz eta sakon modura saldu gura izan deuskue. Baina, ez daigun geure burua engainau: pelikulea interesgarria da, baina ez ditu behin be kolokan iminten herrialde horretako gizarte egitureari eusten deutsien printzipioak.
- Zuzendaria: Robert Redford.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 96 minutu.
- Antzezleak: Robert Redford (Stephen Malley irakaslea), Meryl Streep (Janine Roth), Tom Cruise (Jasper Irving senataria), Michael Peña (Ernest), Andrew Garfield (Todd), Peter Berg (Falco teniente koronela), Derek Luke (Arian).
- Gidoia: Matthew Michael Carnahan.
- Musikea: Mark Isham.
- Argazkia: Philippe Rousselot.
- Muntaia: Joe Hutshing.
- Diseinua: Jan Roelfs.
- Jantziak: Mary Zophres.
Robert Redford handiak zuzendu dauen Lions for lambs film hau AEBetako kanpo politikeari eta sistemeari egindako kritika zorrotz eta sakon modura saldu gura izan deuskue. Baina, ez daigun geure burua engainau: pelikulea interesgarria da, baina ez ditu behin be kolokan iminten herrialde horretako gizarte egitureari eusten deutsien printzipioak.
Gauzak holan dirala, Estadu Batuak munduko bakearen eta askatasunaren jagole unibersal modura agertuko jakuz, nahiz eta gobernuak Afganistan nahiz Irakeko gerretan izandako esku-hartzea eta jokabidea gaitzetsi. Kritikea, ganera, lau arlotara zabaltzen da: politika, komunikazino, armada eta hezkuntzearen arloetara, hain zuzen. Edozelan be, politikearen eta komunikabideen eremu bi horreek izango dira gehien jorratuko diranak agiriko arrazoiak dirala-eta: erabagiak hartu eta eretxi publikoari eragitean, erantzukizun mailak dagoz eta horreetan politikariek eta kazetariek besteek baino ardura handiagoa dabe, ezelako duda barik.
Bestalde, protagonisten hirukoteak ondo be ondo beteten dau bere beharra. Meryl Streep beti baizen bikain azaltzen da keinu, begirada eta arpegikera bakotxean; Tom Cruisek profesionaltasunez eta modu burutsuan erabilten ditu senatari handizalearen izakerearen ezaugarri nagusiak; eta, azkenik, Robert Redfordek, beharbada, beste biek baino apur bat makalago dihardu, irakaslearen antzezpenari transzendentzia larregi emon guran.
Kontuak kontu, film honen akats nagusia ez dago mezuan edo kritikak heldu eragiteko epelkerian, ezpada tesia izateko dauen handiguran. Ekintzea behar baino trabatuago agertzen jaku, motel, eta batzuetan emoten dau alkarrizketen bitartez entsegu sozio-politikoak atondu gura izan dituela. Antzezpenek, dana dala, nahiko leuntzen dabe huts hori, baina pelikuleari arintasuna zein freskotasuna falta jako.
Laburbilduz, Lions for lambs pelikula interesgarria da, baina ez esan deuskuen baizen urratzaile eta kritikoa; hori bai, onartu beharra dago, AEBetatik jatorkun produktua dala kontuan hartuta, ikuspuntu zabal eta askotarikoa emoteko ahalegin zintzoak egin dituela
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!