Persepolis
2007-11-16 10:51 Zinema kritikakPersepolis filmak totalitarismoaren kritika zorrotza egiten dau, baina tragikotasun bako ikuspuntu personal ironiko baizen bizi batetik abiatuta. Ondo pasetako, gogoetea egiteko eta barre egiteko aukera mordoa emoten dau. Ez da gitxi, benetan.
- Zuzendaria:Marjane Satrapi eta Vincent Paronnaud.
- Herrialdea:Frantzia.
- Iraupena: 95 minutu.
- Gidoia: Marjane Satrapi eta Vincent Paronnaud; Marjane Satrapi-ren nobela grafikoetan oinarrituta.
- Ekoizpena:Marc-Antoine Robert eta Xavier Rigault.
- Musikea: Olivier Bernet.
- Muntaia:Stéphane Roche.
- Diseinua:Marisa Musy.
Animazinozko film interesgarri hau Marjane Satrapi gidoilari eta zuzendari irandarraren eskutik jatorku. Zuri-baltzean egindako istorio autobiografikoa da, fundamentalismo islamdarra zuzen-zuzenean jasan behar izan eban neskato irandar baten istorio hunkigarria kontetan dauena.
Belaunaldi horretako gazteek euren amesetei egin behar izan eutsen uko Iranen ezarritako erregimen totalitarista eta diktatoriala izan zala eta. Handik aurrera, herrialdeak egoera ezin larriagoa jasan behar izan eban: emakumezkoei beloa gureztala erabilteko agindu eutsien, erregimenaren kontrakoak kartzelaratuak izan ziran, Iraken kontrako gerrea piztu zan… Horren ondorioz, gazte honen gurasoek Austriara joateko gomendatu eutsien Marjane gazteari. Baina, Mendebaldeko hoztasunak, herriminak eta maitasun esperientzia txar batzuek bultzatuta, Iranera bueltauko da.
Honako hau pelikula animatua da, baina hamar minutu igarota personaia eta eszena guztiak benetakoak dirala emoten dau, lantzean-lantzean agertzen diran ikutu abstraktuak gorabehera. Filmak, duda barik, errealidade eta fantasiaren arteko orekeari eusten deutso. Oso modu dinamikoan narratuta dago, gidoiak distira handiko alkarrizketa burutsu, barregarri eta gatzdunak daukaz eta pasarte batzuk, protagonistearen nerabezaroko aldaketa fisikoak eta beraren lehengo maitasuna kasu, ezin modu originalagoan kontetan dira.
Persepolis filmak totalitarismoaren kritika zorrotza egiten dau, baina tragikotasun bako ikuspuntu personal ironiko baizen bizi batetik abiatuta. Ondo pasetako, gogoetea egiteko eta barre egiteko aukera mordoa emoten dau. Ez da gitxi, benetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!