Azea, neguaren oparia

Amaia Laforga Dietetikan Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2007-11-13 10:53   Jan edanak

Udako egun luze eguzkitsuetan baliogarriak diran elikagaiek ez dabe balio honezkero. Natureak neguan izaten diran katarro eta hotzei aurre egiten lagunduko deuskuen sasoiko elikagai osasuntsuak eskaintzen deuskuz, tartean, azea.

Udako egun luze eguzkitsuetan baliogarriak diran elikagaiek ez dabe balio honezkero. Natureak neguan izaten diran katarro eta hotzei aurre egiten lagunduko deuskuen sasoiko elikagai osasuntsuak eskaintzen deuskuz. Energia erreserbak pilatzen hasteko balioko daben sasoiko elikagai kalorikoak doguz eskura eta azea da barazkien artean elikagairik ezagunena eta baliogarriena. Askotan agertzen dira ortuaria horreek gure sukaldeetan eta plater tradizionalen ohiko osogaiak dira. Baina, doe gastronomikoez gan, oso elikagai osasuntsuak dira, gaixotasun larrien aurrean ezaugarri prebentibo ugari dituezanak. Izan be, antxinatik erabili izan ditue organismoa garbitzeko eta desintoxiketako, hesteetako ultzerak arintzeko edota erreuma-gaixotasunei aurre egiteko.


Neguko elikagaiak

Sasoiko elikagaiak hartzea komenidu da nutrizinoaren, ekonomiaren eta ekologiaren aldetik begiratuta. Sasoiko elikagaia da gehien-gehienetan kontsumitzailearentzat egokiena: merkeagoa da eta haren ezaugarri organoleptikoak (gustua, usaina..) be hobeak dira. Horrezaz ganera, sasoiko produktuak kontsumiduten badoguz, produkzino-ziklo naturala errespetetan lagunduko dogu, ingurumenean ondorio onuragarriak eraginez, jakina dan legez.


Azearen garrantzi nutrizionala

Dieta mediterraneoaren parte da. Azea, azalorea, brokolia, brusela azatxoa edota aza gorria dira familia handi horretako barazki batzuk. Kruziferoak be deitzen jake, mineral eta bitamina ugari emoten dabe eta beren propiedade antioxidatzaileagaitik dira ezagunak. Kruzifero izenak loreei egiten deutse erreferentzia, kurutze-itxurea baitabe.

Azearen % 80 inguru ura da; ur horretan, ganera, hainbat mineral dagoz disolbauta, batez be potasioa: brusela azek 100 gramoko 300 miligramo inguru potasio daukie; azaloreek 140 miligramo inguru. Nabarmentzekoa da kaltzioaren, fosforoaren eta magnesioaren konzentrazino handia be. Kopuru txikiagotan, kobrea, sufrea, zinka eta magnesioa ditu azeak. Bihotzak osasun ona izatea eragiten dau mineral ugariko osoera horrek; izan be, potasioa ezinbestekoa da, bihotzak taupadak ondo egiteko, nerbioetara aginduak ondo transmitiduteko, arteria-presino orekatuta eta organismoa ondo hidratauta izateko. Kaltzio asko izan arren, oxalatoak ditu: gorputzak kaltzioa erabat hartzea ixten ez dauen osogaia.

Oro har, mineral gehiago ditue espezie berdeek -Brusela azek eta brokoliek- zuriek -azalorea- baino. Halanda be, azken horrek zuntzaren kontzentrazino handia dau, beraz, egokia da hesteetan arazorik ez izateko edota hipertentsinoari aurre egiteko. Kruziferoek betekada-sentsazinoa emoten dabe urdailean; beraz, oso egokiak dira argaltzeko erregimenetan.

Baina, akaso, orain dala gitxi ikerketek erakutsi daben legez, minbiziaren kontrako ahalmena da ezaugarririk estimatuena; ondorioz, gitxienez astean bitan jatea komenidu da, C bitamina ugari izateak tumoreen kontra egiten dauelako. Ganera, mikronutriente antioxidatzailea be bada; hau da, erradikal libreei aurre egiten deutsie, zelulak zahartzen eta kaltetzen dituezaan horreei. Folatoak eta betakarotenoak be baditue (batez be, brokoliak, Brusela azeak eta azeak) eta babesle legez jarduten dabe tumoreen aurrean.

Barazki-mueta horrek kontrako ezaugarri gitxi ditu baina horreetako bat da flatulentzia eragiten dabela, zelulosa asko izatearen ondorioz. Norberaren araberakoa da eragin hori, baina ahoan ondo txikitu behar da hori ebitetako.

Erraza da merkaduan kruziferoak topetea eta preparetako hainbat modu dagoz. Egosita, gainerreta edota lurrunetan egin daitekez, baina kontuan izan behar da preparaukeran asko gitxitzen dirala bitaminak eta mineralak. Beraz, lar egosi barik jatea komenidu da, lurrunetan bada hobeto. Hozkailuan ondo gordeten dira: zenbait egun irauten dabe eta izoztu be egin daitekez, lehenagotik ur irakinetan eginda. Sufredun osogaiak dituezalako botaten dabe hain berezia dan usaina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu