Siete mesas (de billar frances)
2007-11-07 10:31 Zinema kritikakHasi eta atoan, pelikula batzuek atrapetan zaitue, beharbada personaien bizitzan arin sartzeko gauza zarala eta erraz be erraz ulertzen deutsezula pentsetan dozulako; ganera, kreditu tituluak agertukeran, indabarrituta eta bizkortuta urteten dozu zinema aretotik. Gracia Kerexetaren film hau horreetariko bat da.
- Zuzendaria: Gracia Kerexeta.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 113 minutu.
- Antzezleak: Maribel Verdú (Ángela), Blanca Portillo (Charo), Jesús Castejón (Antonio), Víctor Valdivia (Guille), Enrique Villén (Tuerto), Raúl Arévalo (Fele), Ramón Barea (Jacinto), Lorena Vindel (Evelin), José Luis García Pérez (Fran), Amparo Baró (Emilia).
- Gidoia: David Planell eta Gracia Kerexeta.
- Musikea: Pascal Gaigne.
- Argazkia: Ángel Iguácel.
- Muntaia: Nacho Ruiz Capillas.
- Zuzendaritza artistikoa: Llorenç Miquel.
- Jantziak: Maiki Marín.
Angela eta Guille semea Madrilera joan dira Leo, emakumearen aita eta umearen aitita, bat-batean gaixotu egin dalako. Udako egun bero bateko egunsentian heltzen diranean, Leo hil egin dana jakingo dabe. Orduan, Charok, hildakoaren maitaleak, aitaren negozioak porrot egin ebala esango deutse. Frantziar billarreko zazpi mahai daukazan lokal bat da, baina urteen joanak bezeroak eta distirea kendu deutsoz. Charok saltzeko proposamena egingo deutse.
Hasi eta atoan, pelikula batzuek atrapetan zaitue, beharbada personaien bizitzan arin sartzeko gauza zarala eta erraz be erraz ulertzen deutsezula pentsetan dozulako; ganera, kreditu tituluak agertukeran, indabarrituta eta bizkortuta urteten dozu zinema aretotik. Gracia Kerexetaren film hau horreetariko bat da. Izan be, gidoi orekatu baizen sendoa dauka, personaiak egiazkotasunen jantziagaz ederto karakterizauta dagoz eta antzezleek behar ona egiten dabe, istorioaren eta ikus-entzuleen arteko zubilana laskitu barik. Ez da harritzekoa, beraz, Donostiako Zinemaldian gidoirik onenaren saria eskuratu izana.
Aurreko lanetan egin dauen lez, zuzendariak mugaragino eroaten dau kontakizun dramatiko honen alderdi gizatiarra. Eta egoera estu eta larri horretan personaiek aurrera egin eta hazi behar dabe, zoritxarrari nagusitzeko. Bizitzan hain ohikoak diran engainuak, traizioak, bakardade sentimentuak, guzurrak eta egiak agertuko jakuz, baita parkatzeko nahiz bigarren aukera bat emoteko preminearen garrantzia be. Hori guztiori ironia fin batez azalduko jaku, itxaropenaren ateak beti zabal-zabalik dagozala ahaztu ez dakigun. Seguru antzean bizitza honetako kontu guztietan karanbola bat baino gehiago behar izaten da-eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!