'Pakea Bizkaia 2009' itsasoan barriro

Bizkaie! 2007-10-23 19:51   Euskaldunak munduan

Unai Basurko eta Gonzalo Gandariasek 'Pakea Bizkaia 2009' belauntziagaz Transat Jacques Vabre ozeanoan zeharreko estropadan parte hartuko dabe.

Unai Basurko eta Gonzalo Gandariasek Pakea Bizkaia 2009 belauntziagaz Transat Jacques Vabre ozeanoan zeharreko estropadan parte hartuko dabe.

Pasa dan martitzenean heldu zan Getxoko Portura Pakea Bizkaia 2009 Open belauntzia, Unai Basurkok gidatuta Gonzalo Gandarias-en laguntzinoagaz, Transat Jacques Vabre, Kafearen Ibilbidea legez be zagutzen dan estropadan onartuak izateko beharrezko diran 1.000 miliak arrakastaz osotu ondoren. ‘1.000 milia honeek garrantzitsuak eta beharrezkoak izan dira Brasilgo estropadeari begira ontzia behar bezela preparetako. Oro har, pozik gagoz eta datozen egunetan ontzia hobetzen burubelarri saiatuko gara’.


Two-handed race

Transat Jacques Vabre estropadea two-handed race (bi tripulatzaile) modalidadean egiten da. Lehenengo aldiz Basurko beste batek lagunduta joango da ozeanoan zeharreko estropada batean. Horren inguruan Unaik adierazo dau polita izan dala alkarregaz nabigatzea, maniobrak eta erabagiak partekatuz. ‘Ohitu egin behar da ontzian bi joaten, loaldiak desbardinak dira eta jan-edanak kalkuletako gonbidatu bat datorrela pentsau behar dot; bestalde, egundoko lasaitasuna emoten dau ondoan laguna eta tripulatzaile bikaina izateak. Nork esango luke ekuadorreko barealdietan bagina bezala trebatuko ginela Bizkaiko Golkoan urrian?’


Gonzalo Gandarias (Getxo, 1958)

Gandariasek hogeita hamar urteko eskarmentua dauka era guztietako belaontzien eraikuntza, mantenu eta nabigazinoan. Gandariasen esperientziarik luzeenen artean aitagarriak dira Jose Luis Ugartek Munduari eginiko bi Biretan eta Amerika Koparen edizino batean eskainitako laguntzinoa. Gainera, oso osorik Euskadin eregitako Galea 75 belauntziaren sortzailea be bada.

‘Niretzat estropada honetan Unairen laguntzaile izatea aukera pare bakoa da. 1.000 milia honeek baliogarriak izan dira egoera desbardinak aztertzeko eta fisikoki nahiz psikologikoki trebatzeko, izan be, Bretainiatik honanzko barealdiei eustea erronka handia izan da. Eskerrak Unai sukaldari bikaina dan eta egoera latzenak samurtzen dakien’ adierazo dau Gandariasek.

Getxoko portutik gaur, urriak 23, abiatu eta Le Havrera hil honen 26a baino lehen helduko dira.

Ozeanoarteko estropadarik ospetsu eta gogorrenetakoa da hauxe, eta bertan mundu osoko ontziak izango dira. Pakea Bizkaia 2009 belaontzia IMOCA mailan lehiatuko da, eta Estaduko parte-hartzaile bakarra izango da skipper (patroi) gehienak ingelesak eta frantsesak izango diran zeharkaldian.

Urteeran nazino desbardinetako hirurogeita lau ontzi izango dira. Datorren zemendiaren 3an krosko bakarreko ontziak abiatuko dira, eta hurrengo egunean kroskoanitzekoek egingo dabe urteerea (katamaranek eta trimaranek).

Urteerea, esan bezela, Le Havren izango da eta 4.340 milia egin beharko ditue Brasilgo Salvador de Bahiara heltzeko.

Basurkoren helburua da IMOCA egutegiko beste proba batean parte hartzea, eta holan zirkuituan puntuak gehituz joatea, baita ahalik eta eskarmenturik handiena lortzea eta belaontzia preparetea 2008ko zemendian Vendee Globe ospetsuan parte hartzeko.

Aurten proba honen 8. edizinoa egingo da, urte bakoitietan burutzen dana. Edizino honetan parte hartuko dauen skipper taldea sekulakoa izango da, izan be, munduko skipper onenek proba hau aprobetxetan dabe datorren urteko Munduko Birari begira belauntziak preparetako. Basurkok abentura lagun zaharrakaz topo egingo dau barriro, besteak beste, berton izango dira Bernard Stamm, Mike Golding, Kito le Pavant, Armel Le Cléac'h, Michel Desjoyeaux eta Loïck Peyron.

www.jacques-vabre.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu