Makrobiotikea
2007-10-19 15:36 Jan edanakMakrobiotikea elikatzeko filosofia bat baino gehiago da: oreka fisiko, emozional eta espirituala lortzeko bide bat. Orain mende bat baino gehiago, ekialde Urrunean, Japonian jaio zan, osasuna eta gaixotasuna kontrolpean eukiteko.
Makrobiotikea elikatzeko filosofia bat baino gehiago da: oreka fisiko, emozional eta espirituala lortzeko bide bat. Orain mende bat baino gehiago, ekialde Urrunean, Japonian jaio zan, osasuna eta gaixotasuna kontrolpean eukiteko; era berean, iruntsitako produktuak organismoari ahalik eta ongizaterik handiena emoteko bide alternatiboak eskaintzen ditu.
Gaur egun bere ezaugarri sendatzaileak mantentzen ditu, baina asko dira ezelako gatxik barik elikatzeko modu legez hartu dabenak, organismoak behar dauen orekea bilatu nahian.
Bere sustraiak ideia nahiko sinple batean dagoz: osasun arazo askoren jatorria elikagaien asimilazino txarra da eta egoera hori bardintzeko, organismoak gaixotasun bezela ezagutzen doguzan mekanismoak eta prozesuak garatzen ditu. Beraz, edozein botikak, bere jatorria edozein dalarik be, ezer gitxi egin leike horreen kontra benetako arazoa konpontzen ez bada, hau da, jaten doguna. Makrobiotikeak gaixotasuntzat joten ditu ez bakarrik gorputza fisikoki desorekatzen dabenak, baita emozionalki edo espiritualki kaltetzen dabenak be.
Dieta makrobiotikoa batez be barazkijalea da. Ying-aren eta Yang-aren filosofian edo kontrakoak eta osogarriak diran indarren orekan oinarritzen da. Horreek alkarregaz harmonian bizi behar dabe. Gauzak holan dirala, yang edo ying elikagaiak dagoz eta alkarregaz konbinau behar dira gehiegi barik danetarik izateko eta ezeren faltarik izan ez daiten. Produktu bakotxaren ezaugarriak ezagututa, nahikoa eguneroko dietan kontsumorako kantidadea eta maiztasuna zainduz sartzea. Hasieran, honek guztiak diziplinea eskatzen dau baina denporeak aurrera egin ahala biziteko ohitura bihurtzen da.
Oro har, naturalak ez diran elikagaiak alde batera ixten dira, hau da, ontziratu eta prozesau diranak. Okelea eta arraina jaten badira, arrazoi terapeutikoengaitik baino ez da eta kopuru txikian izan beharko dau. Arrautzak neurriz konsumidu behar dira, eta ore edo saltsak eginaz bada hobe.
Dietearen oinarria zerealak, lekaleak, barazkiak, esnekiak, perretxikoak, frutak eta algak dira. Baina, jakina, danak bersino integralean eta ongarri eta pestizidakaz egindako tratamendurik barik, hau da, ekologikoak.
Elikagaien ezaugarriei jagokenez, yang-tzat joten dira beroa eta energia emoten dabenak, besteak beste, lekaleak, zerealak eta sustraidun barazkiak (azenarioa, patatea...). Bestetik, ying-ak dira esnekiak, frutak eta sustrairik bako barazkiak.
Urtaroak eta hotz eta bero garaiek be elikagai zehatzak eskatzen ditue: negua ying garaia danez, yang produktuetan edo energetikoetan aberatsa izan behar dau, udea, barriz, yang garaia da, eta bere aurkakoaren elikagaiak izan behar ditu.
Oso garrantzitsua da produktuak ahalik eta modurik naturalenean preparetea, batez be, lurrunetan; jatekoa ondo mamurtzea be nahitaezkoa da eta menua osotzen daben plater desberdinak ez nahastea edo batera jatea. Horrek desbardina izan behar dau egunean zehar, gosaria tea, arroz gailetak eta barazki patea izan daitekez, adibidez, eta bazkaria lekaleak, arroz integrala eta sagar pastela edo soja gaztaia. Afaritarako egokiak izan daitekez perretxikoak barazkiakaz eta arroza.
Dieta makrobiotikoa osotzen daben produktu guztiak oso osasuntsuak dira, modu osasuntsuan preparetan dira eta bitaminan, zuntzean eta gatz mineraletan aberatsak dira. Arazoa kalidadezko proteinen eskasiagaitik sor daiteke, animalia jatorrizkoak diran produktuetan dagoz eta. Bakotasun hori zerealak eta lekaleak ondo konbinauta orekatu behar da, barazkijaleek egiten daben legez. Horrek oinarrizko nutrizino arauak ondo ezagutzea eta aholkularitza egokia izatea eskatzen dau.
Makrobiotikea egokia da arazo kardiobaskularrei aurre egiteko, izan be, koipean oso baxua da, eta zuntzean aberatsa danez baita zenbait tumore ebitetako be. Edozelan be, eragin ezkorrak be egon daitekez. Desabantaila posibleak burdina eta B12 bitaminearen eskasia edo faltea izan daiteke, honen ondorioz masa muskularra galdu eta anemia ager daiteke. Horregaitik mueta honetako elikadura bati ekin aurretik, komenidu da nutrizinoan eta dietetikan adituak diranen informazinoa jasotea, holan onura guztiez gozau ahal izateko organismoak behar dituan substantziei uko egin barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!